Koronabirusa

Etorkinengana ere iristeko

Osasun sistemak zailtasunak ditu etorkinengana iristeko. Munduko Medikuak erakundeak, distantzia laburtzeko asmoz, PCR probak egiten dizkie Bilbon papergabeei.

Munduko Medikuak erakundea Bilbon, PCR probak egiten. MUNDUKO MEDIKUAK.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Gizarte eragileek aspaldi ohartarazi zuten etorkinen eta osasun sistemaren artean dagoen arrakalaz, eta koronabirusak handi dezakeen kezka dute orain. Izan ere, COVID-19aren sintomak dituen ia edozein herritarrentzat erraza da osasun etxera deitzea eta PCR proba egiteko eskatzea, baina zer gertatzen da paperik edota osasun txartelik ez dutenentzat? Munduko Medikuak erakundeak badaki etorkinak galduta eta «mesfidati» sentitzen direla halako egoeretan, eta, horregatik, PCRak egiten hasi zaizkie Bilbon.

«Egia da birusak jatorri guztietako pertsonak berdin kutsatzen dituela, baina ez digu guztioi berdin eragiten», adierazi du Xabier Agirrek, Munduko Medikuak-eko gizarte langileak. Pertsona zaurgarrienei osasunerako eskubidea bermatzea du helburu erakundeak; hala, Osakidetzarekiko lankidetzan, PCR probak doan egiten dizkie Bilbon osasun txartelik gabekoei. Astelehen, asteazken eta ostiralero elkartzen dira, Bailen kaleko egoitzan, 10:00etatik 13:00etara. Osasun sistemak paperik gabeko etorkinengana hurbiltzeko zailtasunak zituela ikusita, Munduko Medikuak taldearekin jarri zen harremanetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila:«Haiek egin zuten lehen urratsa, eta parte hartzeko eskatu zigun».

2012. urtera begiratu du Agirrek. Espainiako Gobernuak aldaketa bat egin zuen osasun sisteman: kotizatzen zuten langileek eta espainiar nazionalitatea zutenek bakarrik izango zuten osasun arretarako sarbidea. «Paperik gabeko etorkinak osasun sistematik kanporatu zituzten», ondorioztatu du. Erkidego bakoitzak desberdin ezarri zuen dekretua; Osakidetzan, osasun txartelik izan ez arren arreta jasotzeko aukera dagoela azaldu du Agirrek, baina erantsi du informazio hori ez dagoela zabalduta: «Paperik gabeko etorkinek ez dakite eskubide hori dutenik. Osasun txartel fisikorik ez dutenez, osasun eskubiderik ez dutela uste dute».

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako biztanleen %10 etorkinak dira, Eusko Jaurlaritzako Biltzen zerbitzuaren arabera. Alorrean diharduten 70 elkartek baino gehiagok —tartean, Munduko Medikuak eta Biltzen— sare bat sortu dute Euskal Herriko agerraldietan pertsona zaurgarriak artatzeko eta aztarnariei laguntzeko. Izan ere, osasun sistemaren eta etorkinen artean distantzia handia dagoela dio Agirrek, eta «eskubiderik ezaren kultura» sortu dela iruditzen zaio: «Etorkinen artean uste da, iritsi berria izanez gero, errolda izan arte ez dutela medikuarenera joateko eskubiderik. Eta, joatekotan, ordaindu egin behar dela». Gainera, papergabeak osasun sistemarekiko «mesfidati» daudela azaldu du: «Instituzioekin harremanetan jartzea arriskutsua dela uste dute. Osasun eskubidearen urraketa asko izan ditugu urte hauetan».

Baina, orain, COVID-19aren hedapena geratzeko, beharrezkoa da herritar guztien osasuna kontrolatzea: «Osasun Sailak etorkinei PCRak egin behar dizkie koronabirusa kontrolatzeko, baina noski, etorkinek beldurra hartu diote osasun sistemari». Osakidetza etorkinak zitatzen saiatu da, baina ez dira haiengana iritsi: «Ez dira fio Osasun Sailaren arretaz. Gu beste aurpegi bat gara haientzat. Funtsean, Osakidetzako langileak ari dira etorkinei proba horiek egiten, betiere pertsonen konfidentzialtasuna errespetatzen; gu bitartekariak gara».

Agirrek gogora ekarri du arrakalaren arrazoia sozioekonomikoa ere badela. «Askok ezin izan dituzte Osakidetzak ezarritako babes neurriak bete. Zazpi pertsona elkarrekin bizi badira, edo lanera huts egin ezin badute, ezin dute bakartzea bete», azaldu du Agirrek. Etxebizitzako edo lan arloko prekaritateak birusaren hedapenean eragin duela uste du: «Auzo zaurituenak daude okerren ekonomikoki, prekaritateak are zaurgarriago bihurtzen baititu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.