Ekuadorrera lau hilabeterako joan da Gorka Moreno (Irun, Gipuzkoa, 1979). Haien herrietara itzulitako etorkinen inguruko ikerketa bat egiten ari da. Euskal Herriko gorabeherak adi jarraitzen ditu, edonola ere.
Hainbat herritarri erroldatzea galarazi die Sestaoko Udalak. Ez al du udal batek pertsona oro legez erroldatzeko betebeharra?
Bai. Katalunian ere izan dira horrelako gorabeherak. Auzitegiak oso argiak izan dira halakoetan, eta ebatzi dute alkate batek ezin diola inori ukatu bere herrian erroldatzea. Sestaon gertatutakoa legez kanpokoa litzateke. Argi dago edozein pertsona erroldatu daitekeela bizi den herrian, egoitza baimena izan ala ez izan.
Udal batek nola jokatu behar du atzerritik datozen pertsonekin?
Legeak aurreikusitako eskubideak bermatu behar dizkio. Etorkinen integraziorako lehen urratsa edo atea dira udalak, eta, alde horretatik, eskubideak bermatu behar zaizkie. Udalek jarrera aktiboa izan behar dute, pertsona ororen integrazioa sustatzeko.
Hainbat kulturatako pertsonen aniztasuna aintzat hartuta, zer dinamika susta ditzakete erakunde publikoek?
Udalek eta erakunde guztiek modu ireki batean jokatu behar dute, elkarrizketa sustatuz eta herritar bakoitzak nahi duen bizitza modua ahalbidetuz, legearen barruan. Aniztasuna kudeatzeko estrategia bat baino gehiago jarri behar da martxan. Gakoa elkarbizitza da, eta aniztasun horren barruan errespetua izatea.
Euskal Herrian, erakundeek asmatu egin dute esperientzia jakin batzuekin. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Nabarmenduko nituzke hainbat herritan zurrumurruen aurka bultzatzen ari diren programa eta estrategiak. Etorkinen inguruan askotan zurrumurruak eta estereotipoak daude, egiak ez direnak. Alor horretan lan polita egiten ari dira udal batzuk.
Zer gertatzen da, aldiz, arazoa udalak berak sortzen duenean, adibidez Sestaoko alkateak egindako adierazpenek eragindako aferaren modukoekin?
Agintean dauden politikari guztiek tentuz jokatu behar dute. Politikariak dira iritzi publikoaren aurrean eredua ematen dutenak. Alde horretatik, Sestaoko alkatearen hitzek eredu txarra ematen dute. Eta, gainera, aukerak zabaltzen dituzte etorkinen aurkako jarrera ezkorrak nagusitzeko herritarren artean. Politikariek egin behar dute lehen urratsa integrazioaren alde eta etorkinen eskubideen alde. Elkarbizitza baita jokoan dagoena. Agintari batek ideia batzuei sua botatzea oso arriskutsua da, edozer gauza egiteko bidea ahalbidetzen delako. Egin behar ez denaren adibidea da Sestaokoa.
Ikuspegi@k behatokian zer erronka dituzue aurrera begira?
Integrazio sozioekonomikoa da erronka. Elkarbizitza nahi badugu, benetako integrazio politikak sustatu behar dira. Agintariek ahalbidetu behar dute etorkinek aukera izatea gizarte zerbitzuetara iristeko, eta, ahal den heinean, etorkinen bizi-maila hobetu. Beste alde batera begiratzen badugu, arazoak izan ditzakegu.
Immigrazioa. Instituzioen politikak.Gorka Moreno. Ikuspegi@k-eko burua
«Etorkinen integraziorako lehen atea dira udalak»
Morenoren ustez, politikariek egin behar dute lehen urratsa etorkinen eskubideen eta integrazioaren alde. Sestaoko kasua egin behar ez denaren adibidetzat jo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu