Etorkinek salatu dute bankuek «baztertu» egiten dituztela

Bilboko banketxeetan zehar ibilbide aldarrikatzailea egin dute. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «zuzenean esku hartzeko»

Kolektibo migratuetako kideak eta plataformak atzo Bilbon, bankuen kontrako martxan. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Bankuek pertsona arrazializatuak diskriminatzen dituztela salatzeko, migratzaileen defentsarako zenbait plataformak martxa aldarrikatzaile bat egin zuten atzo Bilbon. Diego Lopez de Haro kale nagusiko banketxeetan geldialdiak eginez osatu zuten ibilbidea, Konturik gabe, ez duzu kontatzen lelopean. 11:00etan hasi ziren, BBVAren egoitzaren atarian, eta Espainiako Bankuan bukatu zuten. Ongi Etorri Errefuxiatuak, Migratzaileen Eskubideen Plataformak eta SOS Arrazakeria taldeek azaldu zutenez, bertan bizitzeko baimenik ez dutenei kontua irekitzea ukatzen diete bankuek hainbatetan. «Legearen arabera, bankuko kontuak tramitatu eta irekitzea banketxeen betebeharra da. Merkataritzaren arloa arautzen duen azken dekretuak dioenez, oinarrizko ordainketa kontuak eskaini behar dituzte», adierazi dute.

Kolektiboek gaineratu dute txartel bidezko ordainketak geroz eta ohikoagoak direla eguneroko kudeaketak egiteko, eta eskubide hori urratzeak eragina daukala egunerokoan: «Banku konturik gabe ezin dugu ikasketa bekarik jaso; ezin ditugu seme-alabak haurtzaindegira eraman, kiroldegian izena eman, ezta udal bizikletak erabili ere», zehaztu dute. Orokorrean kontu bat izateko eskubidea ukatzen bazaie ere, «arbitrarioki» lortu izan dutela kontatu dute: «Leihatilan dagoen pertsonaren arabera, izaten dugun irmotasunaren arabera, edo lagun zein gizarte mugimenduetako kideekin hurbiltzen bagara». Adibide horiek guztiak «arrazakeria finantzarioarekin» lotu dituzte.

Izan ere, banku kontuak irekitzeko orduan hainbat oztopo jartzen dizkietela salatu dute; horietako bat, «beharrezko dokumentazioa ez edukitzea». Paper horiek gabe ezin dietela konturik ireki esaten diete. Baina «trukeen» bitartez eragozpen hori desagertzen zaiela argitu dute: «Banku produktu bat kontratatzearen truke —osasun aseguru bat edo bizileku finkorik gabeko etxe aseguru bat—, oztopo izateari uzten diote». Bankuak ez ezik, instituzio publikoak ere interpelatu dituzte: «Euskal erakundeei, Eusko Jaurlaritzari, udalei eta aldundiei gogorarazi nahi diegu diskriminazio horren konplize ez izateko aukera dutela». Izan ere, «zeharka bada ere, diskriminazioaren konplize» direla uste dute. Eusko Jaurlaritzak ezin du bankuen funtzionamendua aldatu, baina eragiteko eta negoziatzeko gaitasuna duela adierazi dute, eta «zuzenean esku hartzeko» eskatu diote.

Azken gertakariak gogoan

Bankuetan jasaten duten diskriminazioak eta arrazakeriak egoera «jasangaitza» bilakatzen dutela azaldu dute, eta ezinegon horri lotuta Donostian eta Irunen (Gipuzkoa) hil diren gazte migratzaileak gogoratu dituzte: «Jasaten ditugun oztopoek eta zailtasunek hainbat heriotza eragiten dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.