BILBO. Bilboko Udalak hesiz itxi ditu Atxuri auzoan dauden kirol pistak. Migratzaile gazte batzuek lekua lotarako erabiltzen zuten, eta hori galarazteko erabaki dute esparrua hesiz ixtea.
Atxuri Harrera - Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak gogor salatu du udalaren erabakia, eta gogorarazi du joan den asteburuan etxerik gabeko emakume bat hil zela kalean, Bilboko Zabalgune plazan: «Inork ez du nahi gazteek kantxetan lo egin behar izatea», azaldu du, «eta hilabeteak daramatzagu irtenbide bat eskatzen gazte horientzat, baina irtenbidea ez da hesiak jartzea».
Gazteek zortzi hilabete inguru eman dituzte kantxa horietan. «Udalaren eraginkortasun falta ikusita, auzokide konprometituek haien gauza urriak gordetzeko toki bat eta lotarako lekua eskaini zieten», adierazi du Atxuri Harrerak. Orain, berriz, gune hori ixtea erabaki du udalak, «ezjakintasunak eta beldur eta gorroto mezuek bultzatutako pertsona multzo baten eskaerari men eginda».
Atxuri Harrerak eta auzoko beste zenbait taldek elkarretaratzea egin zuten atzo, «arrazakeria sozial eta instituzionala» salatzeko eta migratzaile gazteentzako irtenbide bat eskatzeko: «Hesiak ezin dira izan gizarte beharrizanen eta elkartasunaren aurreko erantzuna».
Etorkinek lotarako zerabilten gunea itxi du Bilboko Udalak
Etxerik gabeko emakume bat kalean hil eta biharamunean hartu dute lekua hesitzeko erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu