Etorkinek eta arrazializatuek etxebizitza eskuratzeko «zailtasun izugarriak» dituztela salatu dute kolektibo ugarik

Etxebizitza arrazakeriaren aurkako manifestua plazaratu dute 22 gizarte eragilek. «Diskriminazio praktika sistematikoak» jazotzen direla gaitzetsi dute. Mobilizatzeko deia egin dute.

Gaur goizeko prentsa agerraldia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gaur goizeko prentsa agerraldia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko martxoaren 29a
20:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Migratzaileek eta arrazializatuek modu «are gordinagoan» pairatzen dituzte etxebizitza krisiaren ondorioak, arrazakeriaren aurkako eta etxebizitza arloko hogei eragile baino gehiagok salatu dutenez. Filtro arrazisten aurkako eta etxebizitzarako sarbide unibertsalaren aldeko manifestua kaleratu dute gaur goizean, Gasteizen egin duten agerraldian. «Premiazkoa da errealitate hori salatzea».

Esan dute migratzaileek eta arrazializatuek etxebizitza bat eskuratzeko «zailtasun izugarriak» dituztela. Izan ere, «diskriminazio praktika sistemikoak» pairatzen dituzte, hau da, izenagatik, azentuagatik edo larruazalaren koloreagatik, etxebizitza bat erosteko edo alokatzeko aukera ukatu egiten zaie, manifestuaren arabera. Ondorioz, «etxebizitza eskasak» eta «gehiegizko alokairuak» besterik ez zaizkie geratzen. Eta horrek ekarri du alokairuari aurre egiteko etxebizitzetan jende asko pilatzea, edo, kasurik larrienetan, kalean bizi behar izatea. 

Erantzuleak ere identifikatu dituzte: «eskaintzak ezkutatzen dituzten edo lortu ezin diren baldintzak eskatzen dituzten higiezin enpresak; kaudimen ekonomikoa izan arren hipotekak ukatzen dituzten bankuak; kriminalizatzen eta baztertzen duten administrazioak, zeinek erroldatzeko eskubidea ere ukatzen duten; eta bizitegi prekaritatetik ateratzeko alternatiba errealik eskaintzen ez duten gizarte zerbitzuak». Etxejabeen aurka ere hitz egin dute. «Jazarpen egoerak ohikoak» direla esan dute, eta etxetik botatzeko mehatxua «etengabea» dela.

Etxebizitza eskubide unibertsalaren aldeko eta higiezinen negozioaren aurkako manifestazioaren atarian egin dute agerpena. Gaur zortzi izango da manifestazioa, Donostian. Mobilizatzeko deia egin dute. «Antolatu eta borrokatu egin behar da, ez bakarrik etxebizitzaren negozioaren aurka, baizik eta baita arrazismoaren aurka eta pertsona guztiek kalitatezko etxebizitza izateko aukera izan dezaten ere».

22

Zenbat eragilek sinatu duten manifestua. Agifugi, Asociacion Gitana por el Futuro de Gipuzkoa, United of Ghana, Oudiodial, Urokalsindolaa, Asoleus, Euskadiko Latinoamerikar Etorkinen Elkartea, Atxuri Harrera, Bachue, Bizirun, Dar Etxea, Donostiako Hiritarron Harrera Sarea, Lizarra Harrera Hiria, Mbolo Moye Doole, Ongi Etorri Errefuxiatuak Irala, MIG Nafarroa, Salhaketa, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, SOS Arrazakeria, Tinkuy, Wayra, Esain eta Mugak Zabalduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.