Atzerritik milaka pertsona etorri dira Euskal Herrira azken urteotan. 2010. urtean, 139.369 etorkin zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatuta, Ikuspegik Immigraziorako Euskal Behatokiak jasotako datuen arabera. Etorkin gehienak dagoeneko etorri direla diote adituek, urtero atzerritik datorren lagun kopurua gutxitzen hasi dela. Gehiago ere izango diren arren, egonkortzen ari da, nolabait, egoera. Portzentajea txikitzen hasi delako eta etorri diren gehienak geratzeko asmoz etorri direlako. Erronka berria dakar horrek, Xabier Aierdi eta Gorka Moreno soziologoen esanetan: etorkin gisa bizi ordez, bertako herritar gisa bizi ahal izatea.
2010. urtea mugarria izan zela diote EHUko irakasleek. Atzerritik etorritako pertsonen kopurua gutxitzen hasi zen. 6.500 etorkin berri izan ziren urte horretan, beheranzko joeran, lehen aldiz bost urtean. Horrek egoera berria dakarrela ohartuta, azterketa sakona egin dute bi soziologoek. Hirurehun bat orri dituen urtekari bat, datu eta grafikoez gain egoeraren irakurketak ere jasotzen dituena; hemendik aurrera etor daitekeenaren aurreikuspena. Gaiari nola heldu behar zaion jakiteko hausnarketa.
Etorritako atzerritarren kopurua 2010. urtean txikitzen hasi zen arren eta aurten ere bide bera jarraitu duen arren, inguruko erkidegoetan baino maila apalagoan txikitu da kopurua. Morenok eta Aierdik azaldu dutenez, ez da harritzekoa. Izan ere, inguruko erkidegoetan baino geroago hasi ziren etorkinak tropelka etortzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, eta gutxiago etorri dira beste herrietara baino. Kopuru murrizketa ere geroago datorrela diote, zenbait faktore aztertuta.
Gehienak, emakumeak
Krisi ekonomikoak eragin du gutxitzea, soziologoen hitzetan. Baita erkidego batzuek har zezaketen etorkin kopuruak goia jo izanak ere. EAEko errealitatea, ordea, berezia da. Batetik, beste herri batzuetara joandako etorkin ia denak eraikuntzara bideratu diren bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoara etorritako gehienek beste lan eskaintza batzuei begira etorri dira: etxeko lanak egin eta zailtasunak dituzten pertsonak zaintzera. Horrek beste berezitasun bat eragin du EAEn. Azken urteetan etorritako pertsona gehienak emakumeak dira. Esate baterako, Paraguai eta Nikaraguatik etorritako lagun kopurua nabarmen hazi da azkenaldian, eta horietako %80 emakumeak dira, etxeko lanak edo zaintza lanak egitera etorritako emakumeak.
Krisiak eraikuntza gogor jo duen arren, zaintzarako pertsonen beharra ez da txikitu eta aurrerantzean ere ez da txikituko. Hori dela eta, oraindik asko izango dira atzerritik lanera etorriko direnak, eta horietako gehienak emakumeak izango direla aurreikusten dute soziologoek. Gainera, Aierdi eta Morenoren esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etorkin gehiago hartzeko gaitasuna badago oraindik, eta, zenbaitetan, premia ere bai. Ikuspegik bildutako datuen arabera, biztanleen %6,4 ziren etorkinak 2010. urtean, inguruko erkidego gehienetan baino askoz gutxiago. Espainiako Estatuan, %12,2 ziren etorkinak urte berean, batez beste.
Ikuspegi berriaren beharra
Egoera berri horrek migrazioaren fenomenoari «koordenatu berriekin» erantzutera behartzen duela ohartarazi dute adituek. Argi dute gakoa: joan-etorriak arautu eta lehen harrera ematera bideratu izan den estrategia aldatu, eta aniztasuna kudeatzera bideratu beharko da etorkinei begirako lana; etorkinen kolektiboa eta horien oinordekoak integratzeari eta bertako gainerako herritarrekin elkarbizitzeari begira.
Soziologoek ohartarazi dutenez, orain arte ez da integraziorako eredu zehatzik garatu. Baina premia bertan dago. «Jendea iritsi da dagoeneko, eta, kasu askotan, geratzeko asmoz. Jendea herritarra da dagoeneko, euskal gizartearen zati banaezina».
Elkarbizitza da, beraz, orain landu behar den alorra. Eta horretarako bi «baliabide pribilegiatu» daudela diote: enplegua eta hezkuntza. Soziologoen esanetan, enplegua izan da beti integraziorako motor. Hala izango da hemendik aurrera ere. Baina kontuan hartu behar da lehen belaunaldiari begirako lotura dela batik bat. Atzerritik etorritako pertsonak lanaldi luzeak eta baldintza prekarioak jasateko prest izaten diren arren eta ber-tako bizitza horrekin lot dezaketen arren, hori ez da nahikoa atzerritik etorritako seme-alaben- tzat.
Bertan jaiotakoak dira bigarren belaunaldikoak, eta lan prekario horiek ez dira horien integraziorako bermea. Gizartearekin harreman eta lotura naturalagoa ezinbestekoa zaie, bertan benetan integratuko badira. Hezkuntza sistema funtsezkoa da horretarako. Eta alor horretan gauzak ez direla behar bezala egin dirudi.
Etorkinen eskolaratze datu zehatzik ez dagoen arren, asko dira eskolaratu ez diren edo eskolara joateari utzi dioten etorkinen seme-alabak. Kopuru «kezkagarriak» dira, soziologoen esanetan: Europako Batzordeak egindako ikerketa baten arabera, %45.
A ereduaren okerra
Gainera, eskolaratutako etorkinen seme-alaba gehienak eskola zehatz batzuetan pilatzen dira. Irakaskuntza publikoko ikastetxe gutxi batzuetan biltzen dira, eta, gainera, A ereduan ikasten dute gehienek. Okerra da hori ere.
Ikasketak gazteleraz egiteak gizartean integratzeko aukera paregabea ukatzen die etorkinen oinordekoei. Izan ere, euskarak gizartean garatu eta mugitzeko baliabidea eman diezaieke etorkinen seme-alabei.
Immigrazioa. Ikuspegiren 2010eko urtekaria.
Etorkinak bertako sentiaraztea da erronka, Ikuspegiren arabera
EAEko Immigraziorako Behatokiaren ikerketaren arabera, bada oraindik etorkin gehiago hartzeko modua, baita beharra ereBost urtean lehen aldiz, 2010ean behera egin zuen EAEra etorritako etorkin kopuruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu