Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko oinezkoen Etorbidearen zubia memoria gune izendatuko dute datozen hilabeteetan. Hala adierazi du gaur Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak: «Iaz, Irungo Udalak Espainiako Gobernuari eskatu zion zubi hau memoria gune izendatzeko, eta gaur esan dezaket horrela izango dela; halere, ofizialki iragartzeko, tramitazio administratiboa amaitzea falta da». Erbestealdi Errepublikanoaren Egunean egin dute ekitaldia zubian bertan, eta hantxe egin ditu adierazpenak.
Garmendiak gehitu du aztertzen ari direla, zubi hori ez ezik, bertze zenbait leku ere memoria leku izendatzea: Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza —Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa egin nahi duten lekua—, eta Eibarko (Gipuzkoa) Unzaga plaza eta herriko etxea. Memoria Demokratikoaren Legearen inguruan EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak lortutako akordioan jasoa zuten halako zenbait leku memoria gune izendatzea. Izan ere, 2022ko ekainean sinatu zuten akordioa, eta, geroztik, Ezkabako gotorlekua eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune bihurtu dituzte.
Azaldu duenez, omenaldia zubi horretan egin dute 1936ko irailaren 4an milaka herritarrek zubi hori gurutzatu zutelako gerratik ihesi: «Erbestea beti da izugarria. Hemen gauden bitartean, pertsona asko beren aberria indarrez uzten ari dira beste norabait joateko, gosete, gerra eta indarkerietatik ihesi. Gogora dezagun hori izan zela, noizbait, gure historiako orririk beltzena».