Koronabirusa

«Etikaren garaia da»

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun eta gizarte arloetako hainbat aditu batu dira; izurriaren ondoriozko zenbait auzi etikori buruz ohartarazi dute

Adineko jendea paseatzen, egunotan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Noren osasuna defendatzen ari gara? Desberdintasun sozialak eta sanitarioak pandemia garaian agiria plazaratu dute osasun eta gizarte arloan diharduten hainbat profesionalek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako adituak dira: psikologoak, medikuak, erizainak, gizarte langileak... «Krisi hitzak, ororen gainetik, erabakia esan nahi du», esan dute: «Zer egin nahi dugun erabakitzeko garaia da, etikaren garaia da, ardurarena; zer gertatzen ari den ikusi, eta gordetzeko ezinbesteko balioak zein diren erabakitzekoa». Kezka adierazi dute izurriaren ondoriozko hainbat gatazka etikoren harira. Beren eguneroko jardunean «egiaztatu» ahal izan dituzten auziak direla esan dute.

Kezketako bat, hain justu, proposatu diren osasun eta gizarte neurriak eskuratzeko egon diren «desberdintasun handien» inguruan ardaztu dute. Gertatu egin direla salatu dute. «Hainbat elkartek eta pertsonak ohartarazi dute ugaritu egiten direla hiru joera. Aporofobia: pobrea izateagatik norbait baztertzea. Gerontofobia: adinarengatik norbait baztertzea. Defizientismoa; gaitasun urriagoak dituelako norbait baztertzea». Zehaztera ere egin dute: egunotako beren jardunetan ikusi duten bazterkeriaren kartografia oso bat marraztu dute, eta argi utzi dute izurriaren ondorioak larriagoak direla bazter horietan. Horiek horrela, gogora ekarri dute «justizia» ahaztu ezinezko irizpide bat dela gizarte eta osasun arloko politikak antolatzean.

Beste kezka bat, berriz, konfinamendua arautzeko zedarritu diren erabakiekin lotu dute: zurrunegiak iruditu zaizkie. «Bakartzea zuhurtasunez ezarri behar da, eta argi eta garbi ezarri behar dira malgutzeko edo laguntzeko irizpideak; izan ere, hainbat pertsonak pairamendu handiarekin bizi dezakete, eta kaltea ere eragin diezaieke». Asteotan hainbat etxetan argi ikusi dela esan dute: «Agertu dira pobrezia egoerak;eten digitala, ekonomikoa eta soziala pairatzen duten umeak; jendez beteta dauden etxeak, egoera oso txarrean daudenak...».

Doluari buruzko kezkak

Ezinegona azaldu dute, halaber, COVID-19a hesitzeko hartu diren neurriek heriotzako orduan eta, ondorioz, hildakoen ingurukoen doluetan ekarri dituzten zailtasunen inguruan. «Gabeziak» egon direla adierazi dute, eta halakoak saihestera egin behar dela. «Ulertzekoak dira, osasun publikorako arrisku egoera honetan, mugak; baina ezin dira ahantzi pertsonen bizitzaren amaierako eskubideak; gure legeetan jasota daude horiek, eta bermatzeko ahalegin guztiakegin behar dira».

Beste puntu batean, erreferentzia egin diete izurri honetan lehen lerroan jardun duten profesionalei. Oro har haien jarrera goraipatzeko modukoa izan dela onartu dute, baina izan direla «leialtasun» faltak. Baita behar baino arrisku handiagoak hartu behar izan dituzten langileak ere: «Ez dago ongi langileak muga-mugako baldintzetan lanean jarduten uztea, edo babes neurririk gabe, edo nekearen eta burnout-aren arriskupean», esan dute.

Ekiteko eskatu dute: «Ezinbestekotzat daukagu, hainbeste bizitza kostatzen ari den osasun larrialdiko egoera kontrolatu ondoren, deliberazio etikoko eremuak ezartzea, eta, horietan, harreman komunitario egokiak barne hartzen dituen osasunaren kontzeptutik abiatuta, zainketa komunitarioen politikak eta ereduak proposatzea, ekitatearen eta gizarteratzearen irizpideetan». Zerumuga argi dute: «Herritarren aniztasuna aintzatestea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.