Gobernantza

Etika Batzordean salatzaileen anonimotasuna urratu dela salatu du EH Bilduk

Josu Estarronaren iritziz, horrek erakusten du batzordeak ez duela «ezertarako balio»

Josu Estarrona eta Unai Fernandez de Betoño. RAUL BOGAJO - FOKU
gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 10a
11:58
Entzun

EH Bilduk salatu du Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikorako Batzordeak ez duela bete salatzaileen anonimotasuna babesteko duen beharrizana eta, horren ondorioz, koalizioaren legebiltzarkide batek mehatxuak jaso dituela. Gainera, batzorde horretako buru den Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuari gertatutakoaren jakitun egon eta hala ere ezer ez egitea leporatu diote.

EH Bilduko legebiltzarkide Unai Fernandez de Betoñok esan duenez, berak Garraio Plangintzako zuzendari Ivan Pedreiraren kasua eraman zuen Etika Batzordera, haren jokabidea okerra izan zelakoan. Fernandez de Betoñok egindako salaketa horren ondorioz, batzordeak gaitzetsi egin zuen Pedreiraren jokabidea, «etika kodea ez betetzeagatik».

Etika Batzordeko kideek obligazioa dute lan horretan jasotzen duten informazio guztia sekretupean gordetzeko, eta, beraz, Pedreiraren kontrako salaketa nork egin zuen ere batzordekideek baino ezin zuten jakin. Baina, batzordeak ebazpena egin eta bederatzi egun geroago, Fernandez de Betoñok Pedreiraren abokatuaren mezu elektroniko bat jaso zuen: han, abokatuak auzitara eramatearekin mehatxu egin zion.

Hori guztia 2022ko uztailean gertatu zen. Geroztik, eta EH Bilduko legebiltzarkideek esan dutenez, Garamendik ez du «ezer» egin auzia argitzeko, nahiz eta horren jakitun egon, abokatuak hari ere bidali ziolako Fernandez de Betoñori igorritako mezua: «Pedreiraren kasua salatu zuenaren izena filtratu dela jakinda, legebiltzarkide batek bere organoan egindako salaketaren ondorioz mehatxua jaso duela jakinda, atzamar bat bera ere ez du mugitu», esan du Josu Estarrona legebiltzarkideak; «salatuak salatzaileak baino hobeto babesten ditu».

Hori ikusita, Estarronak iragarri du gaia legebiltzarreko kontrol saiora eramango dutela, eta Garamendiri eskatu dio identifika dezala «salatzaileen anonimotasuna bermatzeko obligazioa urratu duen batzordekidea», eta ondoren «dagozkion neurriak hartzeko».

Sinesgarritasuna, kolokan

Estarronak esan duenez, batzordearen sinesgarritasuna «kolokan» dago: «Agerikoa da sailburua ez dela Etika Batzordean dituen funtzioak behar bezala betetzen ari, eta funtzionatzeko modu honekin batzordeak berak ez duela ezertarako balio». Haren iritziz, batzordearen eginkizuna, «praktika desegokiak detektatu» ordez, «Jaurlaritzaren jarduera zuritzea» da. Horregatik, «organo independente bat» sortzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.