Etenik gabeko zapalkuntza haria

'Euskararen kate hautsiak' lana aurkeztu dute legebiltzarrean, euskaldunek jasandako jazarpenaren historia

Euskaldunek jasandako jazarpenari buruzko liburua aurkeztu zuteneko irudi bat. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
«Zapalkuntzaren kontakizunak eramaten gaitu denboran oso atzera». Dabid Anautek, Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburuaren egileak, gogorarazi du euskararen zapalkuntzak mendeetan egiten duela atzera. Horren lehen arrastoa duela bi mila urtekoa dela azaldu du, eta gaur egunera arte luzatu dela nabarmendu. «Frankismoan izan zen, beharbada, zapalkuntza ikusgarriena, baina kontakizuna lehenagotik hasten da, eta, frankismoa bukatuta ere, ez da bukatu».

Euskal Memoria fundazioak argitaratutako liburua hizpide izan zuten atzo Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Euskara Batzordean. Anautek eta Arantxa Erasun Euskal Memoria fundazioko kideak «lan mardularen» ondorio nagusiak jakinarazi zizkieten batzordeko EAJko, EH Bilduko, PSEko eta PPko legebiltzar taldeetako ordezkariei —UPDk ez zuen parte hartu batzordean—.

Luzea izan da jazarpena, eta pertsona jakin batzuengan gertatu da, Anauten esanetan. «Ez da gertakizun abstraktua; norbaiti gertatu zaio». Hartara, «izen eta abizenak» dituen jazarpen horren lekukotzak entzun eta ikusteko parada izan dute batzordeko kideek. Euskaraz egiteagatik jasotako jipoiak, mespretxuak, mehatxuak, gutxiespena, beldurra.

Testigantza horiek biltzeko ahalegina egitea eta horiek idatziz jartzea «ezinbestekotzat» jo du Erasunek. Bilduma eta hedapen lan horrek bi helburu nagusi dituela zehaztu du: alde batetik, zapalkuntza hori pairatu zuten biktimei dagokien aitortza egiten die, eta, bestetik, zenbait jokabide ulertzeko baliagarria da. «Iraganean dago egungo egoera ulertzeko gakoa; oinarri berriak jartzeko ezinbestekoa dugu», nabarmendu du fundazioko ordezkariak.

Modu sistematikoan

Historiako garai batzuetan euskararen jazarpena «modu desordenatuan» gertatu bada ere, azken hiru mendeetan «planifikatuta» egon dela, «sistematikoa» izan dela ondorioztatu du Anautek liburua egin ondoren. «Batzuek erabaki zuten hizkuntza bat bultzatu behar zela, eta zapalkuntza mota ezberdinak erabili zituzten hori lortzeko».

Jazarpen hori batzuetan oso argia, disimulurik gabekoa izan da, eta besteetan isilean egin da, historiaren garaiaren arabera. Ordea, modu guztiak «oso eraginkorrak» izan zirela argi du Anautek. Horretarako erabilitako bitartekoak askotarikoak dira, baina eskola nabarmendu du: «Atzora arte, erdararen erresuma baino ez zen, eta inposizioa oso modu zakarrean gertatzen zen; denok ezagutzen dugu eraztunaren dinamika». Eskolaz gain, soldaduska, administrazioa eta Eliza ekarri ditu gogora, historiaren garaiaren arabera euskararen gotorleku izan zelako edo hura debekatu zuelako.

Azkenik, zapalkuntza fisikoaz gain jazarpen ideologikoa eta psikologikoa ere egon dela azaldu du Anautek: «Burlaren mekanismoa oso indartsua izan da, eta emaitza oso sakona izan du». Zapalkuntza horien guztien ondorioen artean euskararen katea hautsi izana dagoela nabarmendu du liburuaren egileak. «Euskararen minorizazio prozesua, aurretik zetorrena, indartu eta azkartu egin du zapalkuntzak»

Behartuta egotearen zigorra

Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkideak memoria ariketa egitearen garrantzia azpimarratu du, eta euskaldun izateagatik etxe barruan jasandako beldurra adierazteko beharra ere bai. «Izugarrizko zigorra da erdaraz komunikatu ezin eta behartuta egotea; eta nago hori egun ere gertatzen dela». Gaur egun ere euskara galtzen duen jendea badagoela azaldu du. «Gaur egun, ezinezkoa da euskara betean bizi ahal izatea; erdaraz jakin behar dugu, herritartasuna aitortuko badigute».

Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburuak bi atal dituela azaldu du Erasunek, bilakaera historikoaz gain ekinaldi euskaltzaleak azaltzen baititu. Juan Antonio Arieta-Araunabeña EAJko legebiltzarkideak adierazi du erakunde publikoek egindako lanaren islaren falta ikusi duela liburuan, nahiz eta egindako lanaren balioa aitortu duen. «Aurretik gertatutakoa jakin behar bada, edo ondo egiten dugu, edo zulo bat izango dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.