Osasuna

Etengabeko arretako guneetako egoerak «marra gorri guztiak» gainditu dituela salatu dute

Gipuzkoako erizain eta mediku elkargoek ohar bat plazaratu dute Osakidetzaren zentro horietan dagoen egoeraren larriaz ohartarazteko

jarraia229656.jpg
arantxa iraola
2023ko ekainaren 20a
13:22
Entzun

«Sendagilerik gabeko arreta medikoa». «Medikurik gabeko erizaintzako arreta». «Behar bezalako arreta» jasotzen ez duten pazienteak. Horiek guztiak gertatzen ari dira gaur egun, Gipuzkoako erizainen eta medikuen elkargoen arabera, Osakidetzaren etengabeko arretako guneetan, eta ohar bat plazaratu dute egoeraren berri emateko. «Marra gorri guztiak» gainditu direla salatu dute, eta erizain eta medikuen «deontologia» ere urratzen dela.

«Oso kezkatuta daude» elkargo bietako profesionalak. Aditzera eman dutenez, igaro hilabeteotan apaldu da, bereziki, zentro horietan langile kopurua. «Bi erakundeon ustez, funtsezkoa da zerbitzua herritarrentzat, baina profesional gutxi dago betetzeko», adierazi dute. Gogoratu dute arreta gune horietan ospitalez kanpoko larrialdi motak artatzen dituztela, eta Osakidetzak berak zehazten duela mediku, erizain eta administrazio arloko langileek jardun behar dutela: elkarlanean. «Aste Santutik hona ez da hala gertatzen ari», ohartarazi dute.

«Behin baino gehiagotan profesional medikorik gabe kudeatzen dira gune horiek», deitoratu dute elkargo biek. Eta egoera guztiz desegokia dela nabarmendu dute: «Sendagileen funtzioak eta eskumenak ezin dituzte kudeatu eta ez dituzte kudeatu behar ere beste osasun profesionalek». Ondorioa askotan erietxeko larrialdietara behar baino jende gehiago bideratzea dela onartu dute. «Erizainak, egoera bat sendagileari bideratu behar dionean, medikurik ezean, pazientea ospitaleko larrialdietara bidali behar du».

Artaren «kalitatea» auzitan da

Azaldu dute zentro horietan kategoria guztietako profesionalak bermatuta ez egoteak «estres eta segurtasun falta handia» sortzen diela langileei. Era berean, nabarmendu dute lan egiteko modu horrek auzitan jartzen duela «pazienteek merezi duten osasun arretaren kalitatea» ere.

Horiek horrela, bi elkargoek eskatu dute neurriak har daitezela arreta zentro horietan ematen den zerbitzua «bere dimentsio osoan» gauzatzeko. «Profesional medikoen falta ez da inola ere aitzakia etengabeko arretako guneak medikuekin ez osatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.