Etengabeko arretako guneak

Etengabeko arreta kolokan

Laudioko heriotzak agerian utzi du etengabeko arretako guneekin dagoen arazoa. Profesional asko ados daude Aste Santutik hona okertu dela zerbitzua, eta larrialdiak arintzeko zentro horien garrantzia nabarmendu dute.

Laudio
Laudioko herritarrek osasun etxearen atarian joan den astean egindako protesta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Duela bi aste 42 urteko gizon bat hil zen Laudioko (Araba) EAG etengabeko arretako gunean, bihotzeko batek jota. Hasiera batean, horrek ez luke albiste izan behar, egunero gertatzen den zerbait baita, baina kasuaren xehetasunek alarma piztu dute. Izan ere, gizona iritsi zenean, ez zegoen medikurik EAG horretan. Gertatuak haserrea sortu du herrian, eta hori bera gorpuztu zuten herritarrek ezbeharra jazo eta astebetera, osasun etxe horren atarian egin zuten elkarretaratzean.

Baina, zer dira zehazki Osakidetzaren etengabeko arretako guneak? Hil edo bizikoak ez diren larrialdiei arreta emateko zentroak dira, eta irekita egoten dira normalean gainontzeko anbulatorio eta osasun etxeak itxita daudenean. Hala azaltzen du Osakidetzak bere webgunean. Bertan egon behar duten profesionalen zerrenda ere egiten du: «Ospitalez kanpoko premiazko arreta gune horiek familia-medikuntzako, erizaintzako eta administrazioko langileek osatzen dituzte». Hiru profesional horiek dira EAGen zutabeak, baina Laudion lehenak huts egin zuen, ez baitzegoen medikurik.

EAGen helburua da Osakidetzaren ospitaleei eta larrialdi zerbitzuei lan karga arintzea, hil edo bizikoak ez diren larrialdiak zentro horietara bideratuz. Hala ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasungintzaren bueltako hainbat elkartek eta eragilek azken hilabeteetan salatu dute EAG horien funtzionamendua okertzen ari dela, eta gabezia asko daudela. Joera horren adibide da Laudion gertatutakoa.

Zer ari da pasatzen

EAGen egoerari buruzko kexak ez dira Laudioko ezbeharraren harira hasi, sektoreko hainbat elkarte eta talde lehenagotik ari baitira arazoa plazaratzen. Gipuzkoako Erizaintza Elkargoak 2023 amaieran publikatutako Jalgi aldizkarian artikulu bat idatzi zuen EAGen egoerari buruz. Han, elkargoak adierazi zuen zerbitzu hori eskaintzen duten zentroek aspalditik dituztela arazoak, eta gehitu zuen joan den urtean «estres sentsazio oso handia» piztu zela EAGetako profesionalen eta erabiltzaileen artean.

«Medikuek askotan telefonoz edo posta elektronikoz egin dituzte balorazioak. Horrela ezin da lanik egin».

ITZIAR MUJIKAHernaniko EAGko erizaina

Izan ere, salatu dute mediku falta asko egon dela halako zentroetan, eta orduan ari ziren profesionalek ospitaleetara eta anbulatorioetara bideratu behar izan dituztela pazienteak. Elkargoaren ustez, hori egitea bera «kontraesan handia» da, «herritarrei egiten zaien osasun gomendio nagusietako bat baita ospitaleetako larrialdietara ez joatea lehen mailako arretako gunea balitz bezala».

Izena eman nahi izan ez duen EAG bateko mediku batekin hitz egin du BERRIAk, eta azaldu du osasun sistema antolatua dagoela mediku asko zeuden garairako. Azken urteetan, baina, asko erretiratu egin dira, eta zulo asko bete gabe geratu dira. Hala, EAG askotan medikuen postuak bete gabe geratu dira, eta zerbitzu horiek ixtea erabaki dute, edo medikurik gabe zerbitzua ematea.

Mediku horrek azaldu du askotan lanorduetatik kanpo joaten direla zentroetara lanera, euren borondatez, aurreikusten baitute lan karga handia izango dutela. «Uste dut egoerak hobera egingo lukeela lanpostuak egonkortuta, baita kontratatzen den jendeari kontratu egonkorragoak eskainita ere».

«Uste dut egoerak hobera egingo lukeela lanpostuak egonkortuta, baita kontratatzen den jendeari kontratu egonkorragoak eskainita ere».EAG bateko medikua

Larrialdien kalterako

Etengabeko arretako guneen helburua da ospitaleetako larrialdi zerbitzuen karga arintzea eta herritarrengandik gertuagoko zerbitzu bat eskaintzea. Hur Lertxundik, Donostia ospitaleko larrialdietako medikuak, egunero bizi du teoriaren eta errealitatearen arteko aldea. Azaldu du EAGetako langileek «oso ondo» egiten dutela lan, eta iragazki lana egiten dutela larrialdietara soilik premia dutenak bidalita.

Hala ere, jabetu dira Aste Santutik hona medikuak kendu dituztela EAG askotatik, eta horrek eragina izan duela larrialdietan ere: «Erizainek oso lan ona egiten dute, baina ezin dituzte beren gain hartu guk mediku gisa ditugun ardurak; orduan, paziente batzuk ospitaleetara bideratu behar izaten dituzte. Larrialdietara iritsi diren pertsona asko ziurrenik ez ziren iritsiko EAGan mediku bat egon balitz».

«Larrialdietara iritsi diren pertsona asko ziurrenik ez ziren iritsiko etengabeko arretako gunean mediku bat egon balitz».

HUR LERTXUNDIDonostiako Ospitaleko larrialdietako medikua

Osakidetzaren webgunean ikus daiteke EAG bakoitzaren egoera, eta ondo islatzen du osasun zentro horiekin zer gertatzen ari den. Osakidetzak erakunde sanitario integratuetan (ESI) ditu banatuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Donostialdeko ESIak ditu etengabeko arretako gune gehien: hamar. Baina asko itxita daude, eta beste osasun etxeetara bideratzen dituzte haietan artatu beharreko pazienteak.

Itziar Mujika Hernaniko EAGko erizaina da, eta zehaztu du azken urteetan laura murriztu dela Donostialdeko ESIko etengabeko arretako guneen kopurua. Haren ustez, iazko Aste Santutik hona egoera okertu egin da, eta azaldu du behin baino gehiagotan mediku bakarra egon dela lau zentroetarako: «Askotan mediku bakarra egon da, eta gainontzeko zentroetan erizainok baloratu behar izan ditugu pazienteak; baina mediku baten agindua edo preskripzioa behar dugu. Orduan, medikuek askotan telefonoz edo posta elektronikoz egin dituzte balorazioak. Horrela ezin da lanik egin».

Bilbo-Basurtuko ESIan ere badituzte arazoak. ELA sindikatuak elkarretaratzea egin zuen joan den astean, Osakidetzak Bilboko Areiltza Doktorearen Arreta Indartzeko Gunea ixteko asmoa duela salatzeko. Asteburuetako ordutegia du zerbitzu horrek, 09:00etatik 00:00etarakoa, eta sindikatuak ohartarazi du azkenaldian bertan egiten ari diren murrizketek «ezkutuko itxiera» dakartela. Adibide gisa jarri du abenduan jazotakoa, hainbat asteburutan itxita egon baitzen.

Gasteizen, berriz, San Martingo EAGa itxi zuen Osakidetzak 2019an, eta OPA Osasun Publikoa Aurrera taldea hainbat protesta egiten ari da erabaki horren aurka. Izan ere, zentro hori itxita, Gasteizen, biztanle gehien duen Euskal Herriko bigarren udalerrian, etengabeko arretako gune bakarra dago: Olagibel kalekoa. Hori «ez da nahikoa Gasteiz bezalako hiri baterako», OPArentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.