Etengabeko arreta guneetarako plan integral bat eskatu dio ELAk Osakidetzari

Azken urteotan itxi dituztenak berriro ireki eta guztiek medikua izan dezatela galdegin du sindikatuak. Salatu dute Osakidetzan «kostuak merkatzeko estrategia bat» dagoela.

ELAren agerraldia etengabeko arreta guneetako egoeraz
Ezkerretik, Arkaitz Herrero, Esther Saavedra eta Itziar Mujika. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko urtarrilaren 22a
16:30
Entzun

Aspaldiko kezka da Osakidetzaren EAG etengabeko arreta guneetako egoerari buruzkoa, baina alarma guztiak hilaren 12an piztu ziren. 42 urteko gizonezko bat Laudioko EAGra joan zen, bihotzekoak jo izanaren sintomekin, baina egun hartan han ez zegoen medikurik, eta gunean zeuden gainerako langileek artatu behar izan zuten. Azkenean, hil egin zen. Orain, ELAk salatu du gune horien egoera «kostuak merkatzeko estrategia» baten ondorio dela, eta eskaera zehatzak egin dizkio Osakidetzari: EAGetarako plan integral bat osatzeko, azken bolada honetan itxitakoak berriro irekitzeko, eta guztietan medikua dagoela bermatzeko.

ELAk Osakidetzako ELAren arduradun Esther Saavedrak esan duenez, Osakidetzak bi murrizketa mota jarri ditu abian arreta guneetan: alde batetik, haietako batzuk itxi ditu, hala nola San Martingoa (Gasteiz), Deustukoa (Bilbo), Zumarragakoa, Bergarakoa, Elgoibarkoa (Gipuzkoa) eta, duela gutxi, Bilboko Areiltza Doktorearen zumarkalean dagoena; eta, beste aldetik, zenbait gunetan medikurik ez egotea onetsi du, eta arta guztia erizain eta zaindarien esku uztea.

Saavedrak gogora ekarri ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik 2022ko ekainean egindako adierazpenak. Orduan, Sagarduik «kultura berri bat» iragarri zuen osasungintzan, eta aurreratu zuen etorkizunean ohikoagoa izango zela zentro batzuk ixtea, horietako zenbaitetan medikurik ez egotea eta herritarrek urrunago joan behar izatea arta jasotzeko. «Errealitate hori iritsi da», esan du Saavedrak.

ELAren arduradunak goretsi egin du Osakidetzako langileen «profesionaltasuna, gaitasuna eta konpromisoa», baina erantsi du erizainek eta zaintzaileek osatutako taldeek «gaitasun mugatuak» dituztela haiekin batera medikurik ez badago. «Medikurik ez egoteak pazienteari eragiten dio, eta arriskuan jar dezake, baina, aldi berean, gainkarga eta estresa eragiten ditu langileengan, eta kolapsoak ere sor ditzake, paziente batzuek ospitaletako larrialdietara jotzen dutelako».

Osakidetzako ELAren Bizkaiko arduradun Arkaitz Herreroren iritziz, «plangintzarik eza» eta «eskaintzen dituzten lan baldintza eskasak» dira gertatzen denaren arrazoi nagusiak. Esan duenez, mediku nahikoa izateko ezinbestekoa da «lan baldintza erakargarriak» eskaintzea, baina Osakidetzak «kontrakoa» egiten du, eta, ondorioz, profesional ugarik atzerrira edo sektore pribatura jotzen dute.

Behin baino gehiagotan, Osakidetzako arduradunek mediku eskasiari egotzi diote Osakidetzak behar beste profesional lortzeko ezintasuna, eta duela gutxi iragarri dute Europako Batasunetik kanpoko langileak kontratatzen hasiko direla. Herreroren ustez, neurri horrek ez du konponbiderik ekarriko, eta zalantzan jarri du mediku faltaren argudio hori. Gogora ekarri du Osakidetzaren azken lan eskaintza publikoan hirurehun lanpostu eskaini zirela familia medikuaren kategorian, eta 1.528 lagun aurkeztu zirela: Halaber, erantsi du Osakidetzak osasungintza pribatura bideratzen dituela pazienteak, eta han arazorik gabe hartzen dituztela: «Osasungintza pribatuak profesionalak ditu, eta publikoak ez? Langileak badaude, baina lan baldintza onak falta dira».

Kontingentzia planak

Herrerok esan duenez, Osakidetzako arduradunek kontingentzia planak egin ditu eskualde bakoitzean eskaintzen diren baliabideak antolatzeko, eta han jasotzen dira aipatutako murrizketa guztiak. Plan horietako baten berri eman du, Barrualde-Galdakao izeneko ESI erakunde sanitario integratuarena. Eskualde horretan, etengabeko zortzi arreta gune daude, eta, plangintzan idatziz agertzen denaren arabera, baliabideekin arazorik egonez gero haietako bi lehenetsi behar dira, Durangokoa eta Basaurikoa, gainerakoen kaltetan, eta bi horietan medikurik ez badago, Lekeitiotik, Ondarroatik, Bermeotik, Zornotzatik, Laudiotik edo Amurriotik hartu behar dute, gune horietako bat medikurik gabe utzita.

Itziar Mujika Donostialdeko ESIko erizaina da, Hernaniko etengabeko arreta gunean aritzen da (Gipuzkoa), eta bere esperientziaren berri eman du. Esan duenez, etengabeko arreta guneetan aritzen diren langileak «triste, haserre eta nekatuta» daude: «Inolako plangintzarik gabe hartzen dituzte erabakiak, langileen parte hartzerik eta prestakuntzarik gabe». Haren esanetan, duela hamar urte hasi zen gune horietan egoera kaskartzen, eta pandemiak arazoa gordin azaleratu zuen: «Egoera edozein gaixotzeko modukoa da».

Donostialdeko ESIa Osakidetzak kudeatzen dituenetatik handiena da, eta 300.000 herritarri ematen dio zerbitzua. Mujikak esan duenez, aurreko Gabonetan mediku bakarra egon zen eskualdean dauden lau zentroei arta emateko: «Bere zentroko pazienteei arta aurrez aurre ematen zien, eta gainerakoei, telefonoz, modu telematikoan edo ahal zuen moduan».

Mujikak nabarmendu du erizainek eta zaindariek ezin dituztela euren gain hartu medikuei dagozkien lanak, eta zentro batean medikurik gabe aritzeak «estresa eta ardura» areagotzen diela gainerako langileei: «Lan baldintza duinak eskatzen ditugu, eta ez gara soldataz ari, baizik segurtasunez lan egiteko modua edukitzeaz».

Gernikako ziu ibiltarian, medikurik gabe

Satse eta ESK sindikatuek salatu dute bizi euskarri aurreratua izeneko baliabideak medikurik gabe funtzionatu zuela joan den asteburuan Gernikan (Bizkaia). Zerbitzua zentrotik kanpo eskaintzen duen unitatea da bizi euskarri aurreratua, ZIU zaintza intentsiboetako unitate ibiltari baten moduan aritzen dena, eta Osakidetzak berak aurreikusitako zerbitzu eskaintzaren arabera, mediku batek joan behar du horrekin batera, baina asteburuan Gernikan ez zen hala izan. Gainera, ESKren arabera, gaur berdin gertatu da Langraizko baliabidean. Sindikatuek zerbitzu hori indartzeko eskatu diote Osakidetzari, eta haren jokabidea salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.