Nafarroako zahar etxeetako langileen laugarren greba eguna izan zen atzo, eta nabarmendu zuten patronalaren «blokeoaren» aurrean Nafarroa osorako hitzarmenaren alde borrokan jarraituko dutela. LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek deituta, protestak egin zituzten atzo Iruñean. «Enpresen interesak gauza guztien gainetik jartzeak kalte egiten die langileen lan baldintzei eta erabiltzaileenganako arretari», salatu zuen Gaztelu Garralda LAB sindikatuko kideak. Izai Bujanda ELA sindikatuko kideak bat egin zuen salaketa horrekin: «Patronalek soilik etekin ekonomikoa atera nahi dute; sektorea negozio esparru gisa dute».
Hitzarmenak 4.500 langileren baino gehiagoren lan baldintzei eragingo die. Zahar etxeak publikoak, doakoak eta unibertsalak izatea exijitu dute. Horrez gain, eskatu dute kalitatezko kontratazioak izatea, soldata duinak bermatzea eta ratioak handitzea. Ana Rey adinekoen etxe bateko langilearen esanetan, langileen «prekaritateak» zuzenean eragiten die erabiltzaileei: «Hortaz, gure lana duintzen dugunean, haiekiko arreta duintzen ari gara».
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, berriz, 259 egun daramatzate greban, eta elkarretaratzea egin zuten atzo, Lan Harremanen Kontseiluan. ELA sindikatuak salatu zuen egoera «gero eta larriagoa» dela: «Pandemiak are gehiago larriagotu ditu langileek lehendik ere pairatzen zituzten egiturazko arazoak, eta lan baldintzak are prekarioagoak dira, langile gutxiago daudelako eta ratioak jasangaitzak direlako».
Etekin ekonomikoa lehenestea egotzi diote zahar etxeen patronalari
Protestak egin dituzte, Nafarroako hitzarmena lortzeko eta patronalaren «blokeoa» salatzeko. Gipuzkoan, 259 egun daramatzate greban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu