ETBk eskolako edukiak emango ditu

Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk irakaskuntza indartzeko hezkuntza saio bat jarriko dute abian.

Lezoko herri eskolako ikasleak, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2020ko martxoaren 26a
11:48
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk Bitartean, etxetik ikasten izeneko saioa prestatu dute, horren bidez eskolako edukiak eman ahal izateko. Saioa Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila arteko ikasleentzat izango da batik bat, eta ETB3n eta Eitb.eus-en emango dute datorren astelehenetik aurrera, hilak 30, 09:00etatik 12:00etara.

Jaurlaritzak zabaldu duenez, programaren helburua "ikasleen hezkuntza-prozesua erraztea" izango da, batez ere, etxean euskarri teknologikorik ez duten haurrena. Eskainiko diren edukiak Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat izango dira, baina, batez ere, etapa horretako 1. eta 4. maila bitarteko neska-mutilentzat. Saioa euskaraz izango da, eta dagozkien curriculumei lotutako edukiak bilduko ditu.

Basurto ikastetxe publikoan grabatuko dituzte saioak, 30 minutuko ataletan, maila bakoitzari dagozkion edukiak lantzeko. Jaurlaritzaren eta hedabide publikoaren asmoa da saioa interaktiboa izatea. "Era horretan, ikasleek euren galderak, zalantzak edo iradokizunak egin ahal izango dituzte, eta haien erantzunak programan zehar edo hurrengo emankizunetan eman ahal izango dira".

Atalei dagokienez, sustatzaileen asmoa da askotariko gaiak jorratzea. Esaterako, Irakurketarekin goxatzen atalean, egunero, ordu laurden bat eskainiko diote irakurketaren ulermenari, testu ugari oinarri hartuta. Euskararen gaia Hitzak jolasean tartean landuko da. Ahozkotasunak izango du lehentasuna (hitz jolasak, aho korapiloak, ikerketa proposamenak, errezetak, komikiak eta ipuinak sortu, bitxikeriak…), idatzizko adierazpena alde batera utzi gabe. Bestalde, Mugi-mugi atalak konfinamendu aldian gorputza lantzeko ariketak proposatuko ditu.

Hari-mataza tartean, matematika jorratuko dute: buruketak, mahai jolasak, jolas matematikoak, matematikaren eragina egunerokotasunean, buruzko kalkulurako estrategiak, abakoen erabilera, bitxikeria matematikoak, eragiketak egiteko estrategiak…Ingelesa ere landuko dute, errutina, hiztegia, esaldi laburrez, irakurketaz, olerkiez, ipuin animatuez, marrazki bizidunez, albiste laburrez eta abarrez lagunduta. Gizarte zientziak, teknologia, zientzia eta musika izango dira beste ikasgaietako batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.