ETAren kontrako Polizia operazioa. Armagabetzea

ETAri «propagandarako bidea» moztu diote, Fernandezek dioenez

Frantzian aurkituriko armak ETAk 2006an lapurturikoak direla uste du Espainiako Barne ministroak. Jaurlaritzaren proposamena berretsi du Atutxak, eta ETAk «atea zabalik» izango duela erantsi du

gotzon hermosilla
2016ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Carleponteko (Frantzia) armategia aurkitu izanak euforia piztu du Espainiako Gobernuan, Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazen adierazpenetatik ondorioztatzen denez. Luxenburgon egon da Fernandez Diaz, Europako Batasuneko Justizia eta Barne ministroen bilkura batean, eta han egin du herenegungo polizia operazioaren balorazioa. Haren ustez, «garrantzi handikoa» da armategia aurkitu izana: «ETA garaiturik dago, baina, gainera, operazio honek publizitatea egiteko bidea moztu dio», esan du.

Fernandez Diazek azaldu duenez, 75 errebolber, 70 pistola, ehizarako bi fusil eta munizioa atzeman dituzte Paristik gertuko armategian, lau bidoitan lurperaturik. Armak Sidam markakoak dira, eta hortik ondorioztatu du Espainiako Barne ministroak ETAk 2006an Vauverten (Frantzia) lapurturikoak izan daitezkeela orain aurkitutakoak. Orduan, 196 errebolber, 145 pistola eta 6.000 kartutxo atzeman zituen ETAk.

Fernandez Diazen ustez, armagabetzearen arloan «azpijokoren bat» egiteko asmoa zuen ETAk, «garai batean egin zuen antzezpen barregarri haren modukoa», eta horretarako bidea moztu zaio armategia atzemanda. «Hilotza da ETA, eta heriotza agiria izenpetzea baino ez du falta, hots, desegiten dela jakinaraztea», erantsi du Espainako Barne ministroak.

ETAk jardunbide armatua betiko bertan behera utzi zuela iragarri zuenetik laster bost urte beteko diren arren —urriaren 20an izango da urteurrena—, Fernandez Diazek esan du ETAk oraindik «atentatuak egin ahal izateko lehergaiak eta bestelako materiala» badituela.

Espainiako hedabideek iradoki dute ETAk Carleponteko armategia erabiltzeko asmoa zuela «presoen egoera» Frantziako eta Espainiako gobernuekin negoziatzeko. Hari horri ere heldu dio Fernandez Diazek, eta esan du ETA desegindakoan baino ez dutela aztertuko presoen sakabanaketa politikan aldaketak egiteko aukera.

Etxerat-ek eta Sarek erantzun egin diete Fernandez Diazen adierazpen horiei. Etxerat-eko Patricia Velezek esan du adierazpenok argi uzten dutela sakabanaketa«xantaia gisa» erabiltzen dela, eta Sareko eledun Joseba Azkarragak gogorarazi dio ministroari dispertsioa «gizagabea ez ezik, legez kanpokoa» ere badela. «Sakabanaketaren amaierak ezin du prezio politikorik izan», esan du.

Bizkaia Irratiak egindako elkarrizketan, EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak esan du Eusko Jaurlaritzak armagabetzearen inguruan egindako proposamenak «indarrean» dirauela, eta hala jarraituko duela legealdi honetan ere.

Atutxak gogoratu du Urkullu lehendakariak «euskal bidea» proposatu ziola ETAri 2014an armagabetzeari ekiteko, «ikusita Espainiako Gobernuak ez zuela pausorik ematen norabide horretan eta, batez ere, ETAk ere ez zuela armagabetze prozesua eraikitzeko urratsik egiten». Agintaldi honetan ere ETAk «atea zabalik» izango duela berretsi du.

Urteak igaro diren arren, arlo horretan aurrerapausorik ez dela egon nabarmendu du Atutxak, eta «aitzakiarik» ez bilatzeko eskatu dio ETAri. «Egia da Espainiako Gobernuaren aldetik oztopoak eta laguntza falta egon direla, baina hori ezin da aitzakia izan armak ez emateko eta ETA behin betiko desager ez dadin», esan du.

Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen talde parlamentarioko eledun Lander Martinezek esan du koalizioari «ondo» iruditzen zaiola Frantzian egindako polizia operazioa. «ETAri gelditzen zaion bakarra armak ematea eta desegitea da», esan du Martinezek; «operazio honek laguntzen badu ETA desager dadin, guri ondo iruditzen zaigu».

ETAren desagertzea eta armak ematea ez beste gai guztiak «maila politikoan» aztertu behar direla pentsatzen du Lander Martinezek, «baina ez talde armatu batekin». Esan duenez, Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta euskal alderdiei dagokie gai horien inguruan eztabaidatzea.

Martinezen ustez, armak ematea eta presoak gerturatzea ez daude «derrigorrez» lotuta. «ETAren desegitea eta armak ematea beharrezko urratsa da, baina bake eta elkarbizitzarako prozesu batean aurrera egin nahi badugu, beste hainbat arlotan ere urratsak egin beharko genituzke», esan du Martinezek, eta presoen gerturatzea eta gaixo handi diren presoak askatzea aipatu ditu beren-beregi, «euskal gizarteak eskatzen dituelako, gizabidezko kontuak direlako eta legeak hala adierazten duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.