«ETAri planto egin diotenak» preso egotea gaitzetsi du Uriarte gotzainak

«Egian eta justizian» oinarritutako adiskidetzea lortu behar dela uste du Donostiako gotzain emerituak

Erredakzioa
2014ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
«ETAri planto egiteko» ezker abertzalearen barruan lan egin duten pertsonak kartzelan egotea kritikatu du Juan Mari Uriarte Donostiako gotzain emerituak. «ETAri planto egiteko eta ETAren aginduetatik irteteko ezker abertzalearen barruan mugimendu bat sor zedin lan egin duten pertsonak kartzelara eraman dituen politikaren aurka nago erabat». Hitz horiek esan ditu Uriartek Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletaren kasua gogoan hartuta, Bateragune auzia dela-eta preso baitituzte. Haren ustez, hain justu, beren jarrera «argi eta garbi» adierazi dutenak daude espetxean: «Protestak egiten dituztenek baino pazientzia handiagoa dute eta ikuspuntu sendoagoa dute ETAk eta ezker abertzaleak eman behar dituzten aldebakarreko pausoen gainean», azpimarratu du.

Adiskidetzeaz ere mintzatu da Donostiako gotzain emeritua. Europako beste herrialde batzuetan adiskidetzeaz lasai hitz egiten bada ere Euskal Herrian oraindik kosta egiten dela aitortu du. Haren ustez, «premiazkoa» da adiskidetzeari heltzea, baina behar bezala jorratuta: «Egia eta justizia lortu gabe eta elkarrizketari muzin eginda adiskidetzea lor daitekeela uste dutenak inozoak edo interesatuak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.