PSE-EEren ekitaldian izan zen Gorka Landaburu (Paris, 1951) atzo goizean, «aspaldiko lagunekin» egoteko: «Maixabel Lasarekin, Carrascoren eta Elexperen alargunekin eta beste hainbat biktimekin egoteko, besarkatzeko». Ez zen ekitaldi politikoa izan, «emozio, oroimen eta itxaropen» ekitaldia baizik. Telefonoz erantzun dio, ondoren, BERRIAri.
Non zeunden eta zer sentitu zenuen joan den ostegunean 19:00etan?
Iruñetik autoz nentorren. Albistea espero genuen, baina pixka bat harritu ninduen, ez bainuen uste hain argia izango zenik ETAren erabakia. Sentipen gazi-gozoa izan nuen: batetik, poz handia, azkenean atentatu gehiago ez delako izango; eta bestetik, hainbeste urtean jasandakoa gogoratu nuen, eta desagertu den jendea. Etxera iritsi nintzenean hunkitu nintzen benetan: alaba korrika etorri, eta besarkada estua eman zidan. Malko bat baino gehiago isuri nuen.
Zenbat bizkartzain zenituen albistearen berri izan zenuenean, eta zenbat dituzu orain?
Berberak. Bizkartzain bat jarri zidaten 2000. urtean, atentatua izan nuen 2001ean, eta ospitaletik atera nintzenetik, bi ditut. Berdin jarraitzen dut, baina espero dut hurrengo asteetan behin betiko konpontzea: Zarautzen lasai paseatu ahal izatea, inor abisatu behar gabe ardo batzuk hartzera atera ahal izatea, edozein momentutan giltzak hartu eta itsasoa ikustera joan ahal izatea…
Pozik zaude ikusten hasi garen bukaera eredu honekin ere?
Eszenografiaren parte da. Ezker abertzaleak, neurri batean, ondo egin du. Honaino iritsi gara ezker abertzalean politikak armei irabazi egin dielako. Lehen aldia da, ETAren historian, arlo politikoak arlo militarrari irabazi diola. Kontua da oso-oso berandu datorrela: galdutako urte asko, sufrimendu eta min handia, alde guztietan.
Zer egin beharko luke, zure ustez, ETAk berak eragindako biktimei begira, zuei begira?
Lasai har dezagun. Osteguneko erabakiaren shocka dugu orain. Bukatu da urte asko iraun duen amesgaiztoa. Espero dut denborarekin mundu guztiak autokritika egitea, ETArengandik hasita. ETAri ez diot eskatuko barkamena eskatzeko, baina bai autokritika egiteko, egin duen guztiak ez baitu ezertarako balio izan.
(...)
Duela urte asko ETA politiko-militarraren desegitearen lekuko izan nintzen Miarritzeko frontoian. Kaputxak kendu zituzten. Gaurko ETAk oraindik ez ditu kaputxak kendu, baina logikoa da. 750 preso ditu. ETApm-k kaputxak kendu zituenerako konponduta zuen bere militanteen eta presoen auzia. ETA ez da desegingo presoei buruz irtenbidea bilatzen duen arte, dagokion gobernuarekin, dagokion unean. Baina horretarako denbora beharko da. Batetik, ETAren erabakia egiazkoa dela berretsi behar du denborak. Bestetik, albiste honen digestioa egiten dugunean, gauzak beste era batera bideratzen hasi beharko da, eta ETAri bere presoei buruz eztabaidatzea baino ez dagokio.
Espainiako Gobernuak ETArekin elkarrizketak hasi behar dituela uste duzu?
Hori iritsiko da. Bere garaian. Trantsizio gobernua dugu orain. Beste gobernu bat dator. Lehenago edo geroago, jakina hitz egingo dela. Baina ez da gauetik goizera konponduko. Presio handiak daude. Hurrengo hilabeteetan legea aplikatuz baino ezingo da aurrera egin: presoak hurbildu, zigorraren hiru laurdenak dituztenak askatu, gaixo dauden presoak... Hori guztia legeak aurreikusten du, ez dago arazorik. Arazorik minberena odol delituena da. Denborarekin, epe ertain edo luzera, horri ere konponbidea bilatuko zaio, hau behin betiko buka dadin, oroimen txar bat besterik ez dadin izan. Gobernuen esku dago: bai Madril eta bai Paris. Parisek lagunduko duela ziur nago.
Aipatu duzun konponbide horren barruan, zure aurkako atentatuaren egileak beren zigorra bete baino lehen askatzea ulertuko eta onartuko zenuke?
Nire atentatuaren erantzuleak oraindik ez dituzte epaitu. Nik, pertsonalki, ez dut gorrotorik gordetzen. Baina justizia egin behar da, eta soluzio bat bilatu behar zaio gai honi guztiari. Zauri batzuk ez dira orbanduko gauetik goizera. Baikorra naiz. Etorkizunean sinesten dut. Ados jarriko garela uste dut, euskal herritarrok beti hitzarmenak egin ditugulako gure historian. Baina aurrena bakearen digestioa egin behar dugu.
Zer iritzi duzu biktima elkarte nagusien jarrerari buruz?
Nik errespetatzen dut biktima batek zer esan dezakeen. Biktima bakoitzak bere drama bizi du. Baina ez nago ados elkarteak interes alderdikoiez erabiltzearekin. Biktimak kontuan hartu behar dira, faktura handiena ordaindu dutelako. Orain, biktimek ezin dute etorkizuneko politika egin. Politika, politikoek. Eta biktimek: aitortza, justizia eta memoria. Biktima guztiak hartu behar dira kontuan, alde guztietakoak, baina kontuan hartuta biktima gehienak ETArenak direla.
Uste duzu hedabide batzuen jarrera oztopo izango dela seguruenik Mariano Raxoiren gobernuak eman beharreko pausoetan?
Mariano Raxoi diskurtso zuhurra egiten ari da, hemengo PPk egiten duen diskurtsoaren antzekoa. Eta, bestetik, eskuin muturraren usaina duten hedabide horiek ditugu Madrilen. Badirudi jende askok nahi duela honek irautea. Baina ez zaie jaramon handirik egin behar: zarata handia bai, baina ezer gutxi gehiago. Raxoik dirudien bezala hauteskundeak irabazten baditu, ikusiko duzu nola PPren diskurtsoa erabat aldatuko den hemendik sei hilabetera.
ETAren jardun armatuaren amaiera. Elkarrizketa. Gorka Landaburu. Kazetaria
«ETAri ez diot eskatuko barkamena eskatzeko, baina bai autokritika egiteko»
2001eko maiatzaren 15ean, Zarauzko bere etxean, ETAk bidalitako lehergailua zartatu zitzaion esku artean Gorka Landaburu kazetariari. Zauriak orbandu ziren. Baina arrastoak hor daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu