ETAren proposamena aztertzen ari dira Bruselako agiriaren sinatzaileak

Currinek esan du erakunde armatuak urratsak elkarrekin aztertzeko egindako proposamenari erantzun egingo diotela. Sinatzaile guztiek dute ETAren azken agiria, eta aztertzen ari dira, erantzun aurretik

Oihana Elduaien Uranga.
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
ETAk elkarrekin aritzeko egindako eskaintza aztertzen ari dira Bruselako Adierazpenaren sinatzaileak, eta, Brian Currinek jakinarazi duenez, gogoeta egin ostean ateratzen dituzten ondorioen araberako erantzuna emango diote erakunde armatuari. Bruselako agiriaren bultzatzaile nagusia da Currin, eta hark jakinarazi du sinatzaile guztiek esku artean dutela ETAren agiria eta aztertu ostean eskaerari erantzuteko asmoa dutela.

Joan zen igandean BERRIAk argitaratutako agirian, aurrera bidean egin beharreko urratsak elkarrekin aztertzeko proposamena egin zien ETAk adierazpenaren sinatzaileei, honako hitzekin: «Gatazkaren konponbidearekiko erakutsi duzuen konpromisoa aintzat hartuz, ETAk bere prestutasuna adierazten du konponbide demokratikoak behar dituen urratsak elkarrekin aztertzeko, ETAk hartu beharreko konpromisoak barne». Sinatzaileei bideratuta, agiri luzea argitaratu zuen ETAk.

Agiri hura esku artean dute adierazpena sinatu zuten 21 pertsona entzutetsu eta eragilek. Currinek jakinarazi du berak «arreta handiz» irakurri ostean, pertsonalki ziurtatu duela sinatzaileetako bakoitzak agiriaren kopia bat jaso duela. Orain, «prozesu bizi-bizia» abiatuko dute, kontsultarako eta eragileengandik ekarpenak jasotzeko. Horren ostean ezagutaraziko dute «ETAri erantzuna emateko adierazpena». Euskal Herriko egoera politikoan «une garrantzitsua» da hau, Currinen irudiko, eta «pazientzia, gogoeta eta inteligentzia» beharko direla azpimarratu du. Hori ikusita eta Bruselako Adierazpenaren sinatzaileek egin dezaketenaz hainbat komunikabide egiten ari diren espekulazioak ikusita erabaki du Currinek sinatzaileen asmoen berri ematea.

Gobernuari eta ETAri

Bruselako agiriaren sinatzaileek eskaera zehatza egin zioten ETAri, martxoaren 29an ezagutarazi zuten agirian: «ETAri eskatzen diogu konpromiso horrekin bat egin dezan, su-eten iraunkor eta benetan egiaztatzeko moduko bat emanda». ETAk erantzun zuzena eman ez dion arren, nolabait erantzun dio adierazpen horri: «Eraso ekintzen etena» iragarri zuen aurrena, eta egin beharreko urrats berrien inguruan elkarlana abiatzeko eskaintza egin die sinatzaileei geroago.

Baina adierazpenaren sinatzaileek ez zioten ETAri bakarrik egin eskaria. Espainiako Gobernuari eskatu zion ETAk eman beharreko su-eten horri «behar bezala erantzuteko». Hala eginez gero «beste ahalegin politiko eta demokratiko batzuk egiteko» aukera egongo litzatekeela uste dute sinatzaileek, «desberdintasuna konpontzeko eta bake iraunkorra lortzeko».

Sinatzaileen artean nazioarteko gatazkak konpontzeko orduan garrantzitsuak izan diren eragileak eta hainbat Bakearen Nobel saridun daude. Desmon Tutu Bakearen Nobel sariduna eta apartheid-aren aurkako artzapezpiku hegoafrikarra, Frederik Willem de Klerk Bakearen Nobel sariduna eta apartheid garaiko azken presidentea, Mary Robinson Irlandako presidente ohi eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandataria, John Hume Ipar Irlandako prozesuko jarreragatik Bakearen Nobel sariduna, Nelson Mandela Fundazioa, Raymond Kendal Interpoleko idazkari nagusi ohia, Sheryl Brown Washingtongo Bakearen Institutukoa eta beste hainbat.



Bi puntu

Brian Currinek komunikabideetara bidalitako oharrak bi puntu ditu. Honakoak dira:

Sinatzaileei kopia. «Arretaz irakurri dut ETAk irailaren 29an ezagutarazi zuen agiria, eta Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetako bakoitzak kopia bat jaso duela ziurtatu dut».

Erantzuna. «Nazioarteko bakearen aldeko liderren artean kontsulta eta ekarpen prozesu bizi-bizi bat egin ostean, ETAri erantzuteko adierazpen baten berri emango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.