«ETAren estrategia armatua soberan zen 1980tik»

Emilio Lopez Adanek 'ETAren estrategia armatuaren historiaz' liburua egin du, Maiatz argitaletxearen eskutik

Lopez Adan, atzo, bere liburuaren aurkezpen ekitaldian. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
ETAren estrategia armatua 1980az geroztik sobera egon dela esan du Emilio Lopez Adan Beltzak, Maiatz argitaletxearen bidez argitaratu duen ETAren estrategia armatuaren historiaz liburuaren aurkezpenean. Historia egitea baino gehiago historiaz gogoetatzea eta ikuspegi kritiko bat islatzea nahi izan duela adierazi du idazleak. 1980az geroztik idatzi dituen artikuluak bildu ditu 407 orriko liburu horretan. Prentsa artikuluez gain, hainbat ohar eta kronologia gehitu ditu. Estrategia armatuaren porrota nabarmentzearekin batera, ez du baztertu azken urtean ezker abertzaleak egindako urrats politikoa. «Ezker abertzaleak, multzo sozial gisa, gaitasuna erakutsi du ETAren porrota gainditzeko; azken finean, asko gara ETAk bere sorreran zituen azken helburuekin ados gaudenak —lurraldetasuna, autodeterminazioa eta amnistia— , eta ezker abertzaleak indar hori biltzen jakin izan du».

ETAren sorreratik egindako hautu estrategikoak, zenbaitetan taktikoak ere bai, aztertzen ditu Lopez Adanek. Ez dela historia dio, baina bai historiaz egindako gogoetak. «ETAk baditu helburu politikoak: independentzia, sozialismoa, Euskal Herri euskalduna eta batua». Xede horiek 1967an finkatuak izan zirela dio. Helburu horien bidean, ETAk estrategia osatu zuen trantsizio politikoa baino lehen, berehala lor zitezkeen helburuak finkatzeko. Horri begira, alternatiba taktikoa osatu zuen. Egiazko demokrazia bat plantan emateko hautua zela dio. Negoziazio politikoa helburu hori lortzeko bidea zen.

Sozialistak Espainian boterera heldu ondoren, Europan ETAri buruzko jarrera aldatu zen, Badinter doktrinaren bidez.

Negoziazio teknikoen aukera gero eta zailagoa zen, edo ezinezkoa, eta horren parean, ETAk bonba autoaren erabilpena bultzatu zuela dio. «Batzuetan, jende zibila bihurtu zen helburu (Hipercor), eta lehergailu masibo bat erabiltzen bada helburu militar baten kontra jende asko pasatzen den tokitik, barneratzen duzu jende anitz hil daitekeela horren ondorioz; inplikatuak ez diren jendeak helburu bilakatzen direnean, horri deitzen zaio lerratze terrorista». Lopez Adanek dio ETAren porrot militarra lortzea izan zelaestatuaren helburua Aznarrek gobernua hartu zuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.