Aieteko Konferentziaren 10. urteurrena. Brian Currin. Nazioarteko bitartekaria

«ETAren erantzunaz %90etik gora nengoen ziur»

Currinek bazituen bermeak Aieteko Konferentziak erantzun baikorra izango zuela jakiteko; halere urduri bizi izan zituen aurreko nahiz ostekoak.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun

Bidaia luzea egin du Brian Currinek (Pretoria, Hegoafrika, 1950) Euskal Herrira etortzeko; 11 orduko hegaldia Hegoafrikatik. Igandean dira hamar urte Aieteko Konferentzia egin zenetik, eta Donostian da Currin berriro ere, Foro Sozialak antolatutako jardunaldietan parte hartzeko. Gaur da hitz egitekoa. Duela hamarkada bat izan ez zuen lasaitasunarekin oroitzen ditu orain ordukoak; aldiro ihes egiten dioten irribarreek salatzen dute egun ez duela garai bateko tentsiorik. Gaur da Currin hitz egitekoa, urteurren ekitaldietako lehenengoan.

Nola gogoratzen dituzu Aieteko Konferentziaren eguna eta aurrekoak?

Oso urduri geunden, ez geundelako ziur nahi genuen jendea etorriko zenik. Nazioarteko komunitateko ordezkariez ari naiz, baina baita euskal gizarteko ordezkariez ere. Oso ordezkaritza zabala egon zen: sindikatuak, gizarte zibila, alderdi politiko guztiak PP izan ezik. Bi egun lehenago ez geunden ziur gertatuko zenaz. Politikagintza asko zegoen atzean. Tentsio handiko momentua izan zen.

Duela hiru urte, BERRIAn esan zenuen prozesu osoko momenturik zailena Aiete aurreko egunak izan zirela.

Konpromiso bat zegoen aurrez, Kofi Annan, Bertie Ahern eta beste batzuk bezalako jendea etor zedin konbentzitzeko. Eman behar genien gutxieneko berme bat hura egun esanguratsua izango zela. Eta egunaren esangura hori ondoren bihurtu zen ea ETAk nola erantzungo ote zion jende multzo horrek eginiko eskaerari. Noski, guk ez genien arrangurarik sortu nahi. Haiek deklarazioa egin zuten, lehenbizi ETAri eskatu zioten erantzuteko, eta pentsa ETAk ezetz erantzuten duela; ze txarra litzatekeen. Bazegoen tentsio bat horren inguruan ere, genituen kontaktuen arabera, konpromisoekiko eta ETAren erantzun positiboarekiko nahikoa ziur bageunden ere. Baina ezin duzu erabat ziur egon.

Beraz, ezin guztiz-guztiz lasai egon?

(Barreak) %90 baino gehiago nengoen ziur. Gogoratu beharra dago, Aietekoa antolatzeko, urteetan aritu nintzela lanean su-etenerako eta, bereziki, hura «iraunkor, orokor eta egiaztagarria» [2011ko urtarrilaren 8koa] izateko. Bagenekien horren aurretik beste su-eten iraunkor batzuk egon zirela, erabat iraunkorrak izan ez zirenak. Beste su-eten batzuen eta Bruselako adierazpenaren [2010eko martxoaren 29an] ondoren etorri zenaren arteko diferentzia zen, errealitatean, ETAk eginiko su-eten iragarpena nazioarteko komunitatearekiko konpromiso bat zela, eta ez Espainiako Gobernuarekiko. Hori eraikitzeko oso zaila zatekeen haientzat. Hortik aurrera, lan handia egin genuen ezker abertzale osoaren sinesgarritasuna eraikitzeko: ETAtik erabaki politikoak hartzen zituzteneraino. Aiete horren guztiaren puntu gorena izan zen; prozesu hori bururaino eraman zuena.

Hiru egun geroago iritsi zen ETAk jarduera armatua behin betiko alboratzeko erabakiaren jakinarazpena. Nola igaro zenituen hiru egun horiek?

Nire kontaktuek esaten zidaten bazetorrela. Ziurtatu zidaten bazetorrela; lanean ari zirela erantzunaren hitzetan, baina positiboa izango zela. Baina azterketa bat egitea bezala zen: egon zaitezke ziur gaindituko duzula, baina urduri itxaroten duzu nota jaso arte (barreak). Konfiantza nuen bazetorrela, baina urduri nengoen erantzunaren zain nengoen bitartean.

Zer moduz ikusi zenituen sustatzaileak? Azken baten, haiek jartzen zioten aurpegia konferentziari.

Uste dut haiek ere nahikoa konfiantzarekin zeudela, haiek ere izan zituzten kontaktuengatik; bereziki, Henri Dunant zentrokoekin. Nik nire kanalak nituen, baina eurek kontaktu zuzena zuten. Etsipena ondoren etorri zen.

Zer esan nahi izan du Aietek zuretzat zeuretzat?

Aietekoaren aurretik pertsona dezentek agurtzen ninduten, baina ondoren, etengabe geratzen ninduten: jendeak argazkiak egin nahi zituen nirekin... Esperientzia interesgarria izan zen. Aste hau oso esanguratsua da; urteak eman ditut prozesu honetan, etorri nintzen lehen aldia 2004. urtea zen. Eta horrek bere bidesaria dauka; familia daukat... Hainbeste denbora eta energia jartzen duzunean gai batean, eta emaitza lortzen duzunean, oso atsegina da.

Profesionalki? Balio izan dizu euskal esperientziak?

Profesionalki ere ona da ikustea hartzen dituzun bideek funtziona dezaketela. Gainera, esango nuke hemengo prozesuan ikasi ditudan estrategia eta printzipioak erabiltzen ditudala gaur egun beste lan batzuetan; ez nazioarteko bakegintza lanetan, baizik eta nire herrialdean bertan. Nagusiki gatazken eraldaketan; baita eskoletan ere.

Adibideren bat jar dezakezu?

Gure ikastetxeetan, aurretik ez genuen arraza eta kultura aniztasun maila dugu orain. Lehen ikasleen %100 zuriak ziren eskoletan, orain %50-60 beltzak dira, baina sarri, irakasleak zuriak dira, eta batzuetan ez dute aniztasun hori barneratzen. Elkarrekin hitz egin behar da, elkarrekiko konpromisoak hartu behar dira, desberdintasunak ulertu. Euskal Herrian egin behar izan nuen bezala.

ETAren adierazpenaren ondoren, espero zenuen prozesuak halako zailtasunak izatea? Prozesu guztietan egongo dira zailtasunak, baina nazioarteko eragileek nabarmendu izan duzue euskal kasua berezia izan dela.

Ezin nuen imajinatu. Bagenuen nolabaiteko ziurtasuna ETAk egingo zuenaz; baita Espainiako Gobernuak egingo zuenaz ere. Egoera zailtzen zuen gobernua aldatzekoa zela handik gutxira. Espero genuen Espainiako Gobernuak erantzutea, bazeudelako elkarrizketak. Ni ez nengoen bertan, Madrilek ez zuelako nik parte hartzerik nahi, baina ulertu genuen baietz, erantzungo zutela indarkeriaren ondorioez hitz egiteko; nagusiki, presoak eta egia nahiz adiskidetzea. Zoritxarrez, gobernuak bi gai horiei erantzun ez izana interesgarria ere bada, gaur egungo bi gai nagusiak direlako.

2004an Batasunarekin lanean hasi zinenean, asmoa zen presoen arloa lantzea. Urteak pasatu eta gero, lehenbizi Frantziako Gobernua eta gero Espainiakoa aurrerapausoak ematen ari dira esparru horretan.

Agian oso naif izan ginen. Batasunak niregana jo zuen, Ipar Irlandan preso politikoen askatzea kudeatu zuen batzordea ikuskatu nuelako. Espero zen, bake prozesua abiatzean, Madril prest egongo zela nik gisa horretako batzorde bat zuzentzeko. Orain barre egiten dugu... Oso naif zelako. Gero, nire egitekoa askoz zabalagoa bilakatu zen. Orain aurrerapausoak eman dira, presoak Euskal Herrira gerturatzen ari dira eta espetxeetan ETAko presoei gainerakoen trataera bera ematen hasi dira. Baina, eskumena eskualdatu arren, badakigu boterea Madrilen dagoela oraindik, eta Madril gai dela zuzentzeko espetxeen arloan zer gertatzen den eta zer ez; bereziki, espetxealdi luzeak dituztenekiko. Egoera horrek jarraitzen du gaur egun: ez dago begiradarik luzera begirako kartzelaldiak dituztenekiko.

Nola kudeatu zen hori Ipar Irlandan?

Ia guztiak kaleratu zituzten, baldintza gisa jarrita indarkeria alboratu behar zutela eta konpromisoa agertu behar zutela berriro ez erabiltzeko. Preso bakoitza kalera irten aurretik, ikusi behar genuen ez zela arrisku bat gizartearentzako. Guk preso bat aske utzi, eta hark edozein indarkeria ekintza egiten bazuen, berriro itzuli behar zuen kartzelara. Baina hausnarketa zen preso horiek zigortzeko testuingurua jada ez zela existitzen. Justizia trantsizionalaren mekanismo bat izan zen, aitortuz testuinguru aldaketa. Gogoeta zen presoak kaleratu behar zirela adiskidetze prozesuaren parte gisa.

Nola bizi izan zuten biktimek?

Noski, zaila izan zen biktimentzat, eta horretan nahikoa antzekoak dira Ipar Irlanda eta Euskal Herria, biktimen eta biktimarioen gertutasunari dagokionez. Badakit hemen ere gertatu izan dela presoa irtetean ospakizunak egitea; oso zaila da. Hemen duzuen arazoa da egoera hori behin eta berriz gertatuko dela, presoak askatzen dituzten aldiro, guztiak kolpe bakarrean etxeratu beharrean.

Horixe da eztabaidagaia, hamar urte geroago. Ohikoa da?

Tragedia handia da, zatiketa hori egotea biktimaren eta biktimarioaren artean. Baina badago beste debate handi bat: bi aldeetan daudela biktimak eta biktimarioak. Hori ez da ondo kudeatu; biktimen hierarkia bat dago.

Aietek 10 urte. Irakaspenak eta erronkak izenburuko mahai inguru batean hitz egingo duzu gaur. Zeintzuk dira irakaspenak eta erronkak?

Erronka nagusia da aniztasuna kudeatzea, iragan partekatu bat izateko, baina baita Euskal Herriaren etorkizunari buruzko ikuspegi partekatu bat izateko ere. Zenbait talde politiko eta sozialek ez dute euskalduntasuna beren sentitzen. Denek ez dute euren burua euskal herritar gisa, baina ez da desiragarria horiek bigarren mailako herritartzat sentitzea. Identitate desberdin horiek bide bat aurkitu behar dute euskal nazioa eraikitzeko.

Azaldu dezakezu sakonago?

Esan nahi dut, aitortu gabeko naziotasunik edo burujabetzarik gabe ere, ez dagoela arrazoirik Euskal Herriko jendeak itxaroteko ea Madrilek noizbait aitortzen dion bere etorkizuna determinatzeko eskubidea. Zain egon beharrean, nazio inklusibo bat eraiki behar da; hori irudikatzen hasi behar da. Ipar Irlandan eta Hegoafrikan ez dugu lortu nazio partekatu bat eraikitzea. Nire aholkua litzateke saiatzeko, burujabetzarik izan ez arren.

Gutxi asko, bake prozesuko irakaspen bera da: aldebakartasunez pausoak ematea.

Hain zuzen. Eraiki nazioa aldebakartasunez, Madrilen zain egon gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.