ETA. Amaiera

ETAren desegitea «oso argia» izango dela ziurtatu du HNTk

Aurki espero dute, Spektorowskiren arabera. «Taktizismoak» gaindituko dituen erabakia izango dela uste du: «Beste aro batean sartuko gara». Urkullu: «[ETAk] Esan dezala esan behar duena»

Nazioarteko taldeko Spektorowski eta Kendall, 2014an, Donostian. J. C. RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
ETAren desegitea maiatzeko «lehen aste edo astebururako» espero duen galdetuta, Alberto Spektorowski HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak adierazi du hala izango dela, «azken orduko ezustekorik ezean». «Hala dirudi, bai». Aitortu du «eztabaida» egon dela «datei buruz eta hori egiteko moduaz». «Baina iritsi gara garai horretara». Ez du zehaztu nahi izan, baina, zer egunetan, non eta nola jakinaraziko duen ETAk bere erabakia. Esan du adierazpena «oso argia» izango dela: «Ez dio inori zalantzarik utziko». Eta «nazioarteko babesa» izango duela. Hala mintzatu da Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean.

Komunikabide horren arabera, jendaurrean ere irudikatuko dute erabaki hori, maiatzeko lehenengo asteburuan, Lapurdiko toki batean egingo den ekitaldi batean. «Ezin dut ezer aurreratu horri buruz», esan du Spektorowskik. HNTk, Bake Bideak eta Foro Sozialak prentsaurreko bat iragarri dute astelehenerako Baionan. ETAren «desmobilizazio? prozesuari» buruzko? «datu garrantzitsuak» jakinaraziko dituzte.

Atzoko elkarrizketan, berriz, Spektorowskik ETAren erabakiak izan dezakeen eraginari buruzko irakurketa orokor bat egin du. Azpimarratu du horrek «aro berri bat» zabalduko duela «Euskal Herriko eta Espainiako egoera politikoan». Erabakia taktikoa izatea ukatu du, kazetariak galdetu ondoren ETAk hori egingo duen trukean presoak hurbiltzea edo bestelakoak lortu edo errazteko. HNTko kidearen arabera, erabakiaren helburua da «adierazpen taktikoak eta estrategikoak amaitzea». «Beste aro batean gaude».

Dena den, Spektorowskik uste du ezen, ETAk bere ibilbideari amaiera jarrita, «giza eskubideekin» loturiko gaiei heldu beharko zaiela, eta horrekin, presoen auziri. «Ez dakit zenbateraino konpondu ahalko den berehala. Hala izango den itxaropena dut». Azpimarratu du horretarako ezinbestekoa dela Espainiako Estatuaren parte hartzea. «Frantzia dagoeneko ari da horretan». ETA desagertzeak lagunduko duelakoan dago.

Kazetariak, halaber, maiatzeko lehen asteburuan egitekoa omen den ekitaldiarekin loturik, ETAren bukaera «ospatzeaz» zer iritzi duen galdetu dio. Spektorowskik esan du izango dela horri etekin politikoa ateratzen saiatuko denik, «lehia politiko bat dagoelako eta gizartea zenbait gauzatan nahikoa zatituta dagoelako». Era berean, azpimarratu du ETA izan denari buruzko analisi ezberdinak egongo direla, jadanik badaudenez —«politikoak, moralak...»—. Dena den, haren ustez, eztabaida horiek ez lukete ezkutatu behar «garrantzia» duena: «ETA amaitu dela». «Beste aro batean sartuko gara», berretsi du. «Armagabetzearen ondorenaz eta indarkeriaren ondorenaz hitz egiteaz gain, ETAren ondorengo garaiaz ere hitz egin daiteke». Spektorowskiren arabera, «oso argi» geratuko da hori, erakundeak gutxi barru plazaratuko duen erabakian.

Gobernuak, zain

«[ETAk] Esan dezala esan behar duena». Gaiaz galdetuta, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak esaldi bakarrarekin erantzun zien atzo legebiltzarreko atarian zain zituen kazetariei. Jonan Fernandez Elkarbizitza idazkariak, berriz, ez zuen hitz egin nahi izan «egutegi edo eszenografien espekulazioei» buruz. Azpimarratu zuen erabakiak «eragina» izango duela «orainean eta etorkizunean». Horregatik, adierazpen «argi» bat galdegin zuen. Nafarroako Gobernuko Ana Ollo antzera mintzatu zen. «Behin betikoa, egiazkoa eta aldebakarrekoa» izatea eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.