ETA-ren bukaera

ETAren bukaera faseko kontuak eta komeriak

Espetxe arloko berritasunak argitara ateratzeaz gain, ETAren armagabetze prozesuan eta desegitean egindakoaren kontakizuna egin du Jaurlaritzak txosten batean.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Ram Manikkalingam NEBeko burua, 2017ko apirilaren 8an, Donostian, ETAren armagabetze egunean. Atzean, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetzarako idazkari nagusia. JON URBE, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko urriaren 17a
13:40
Entzun

Espetxe arlokoak (PDFa) dira ETAren armagabetzean eta desegitean Eusko Jaurlaritzak egindakoaren deskribapena eta balorazioa txosteneko berritasun nagusiak, Jaurlaritzak lehen aldiz atera baititu argitara Iñigo Urkullu lehendakariak 2017ko martxoan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko orduko presidenteari kartzela politika berriaz egindako proposamenaren dokumentua eta 2014-2017 artean euskal presoei bidalitako bost gutunak, baina ETAren armagabetze prozesuan eta haren desegitean egindakoaren kontakizun propioa ere badakar.

URKULLUREN LEHEN URTEAK LEHENDAKARITZAN

Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren txostenak dio 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuek ETAn eta "haren inguruan" izan zutela eraginik “estrategia terroristari amaiera eman behar zitzaion ondoriora” iristeko, baina uste du ez zirela behar bezala aritu ondorengo urteetan: “[2006an] Ezker abertzaleak Loiolako akordioa hautsi izanak eta [ETAren] T4ko atentatuak, ETAren eta [Espainiako] Gobernuaren arteko elkarrizketak berpizteko aukera guztiak suntsitu zituzten. Berriro, ETAren maximalismoak azken aukera zapuztu zuen". Jaurlaritzak mugarritzat jo du aldi hori: "Aldebikotasun formatu baten barruan indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko ereduarenak egin zuen. ETAk ez zuen sinetsi nahi, baina etorkizunean indarkeria amaitzeko prozesu oro Poliziak bideratuko zuen, edo aldebakartasunak erabakiko zukeen, edo gauza biek, aldi berean”. 

Ezker abertzaleak 2009-2010ean eztabaida bat egin eta Zutik Euskal Herria adierazpena ebatzi ostean, ETAk 2011ko urriaren 20an iragarri zuen jarduera armatuaren bukaera. 

2012ko abenduan jarri zen lehendakari Urkullu, eta haren aurreneko ekinbideetako bat bere sailean Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkaritza nagusia sortzea izan zen; 2013ko urtarrilaren 29an eratu zuen. Hiru lehentasun finkatu zituzten, txostenean gogoratu dutenez: ETAren armagabetzea eta desegitea; espetxe politika berria; eta, giza eskubideen urraketen gaian, iraganari buruzko gogoeta kritikoa eta partekatua. 

Erakunde armatuaren kritikak

2013ko ekainaren 24an “bilera garrantzitsu bat” izan zela dio Lehendakaritzak: Centre for Humanitarian Dialogue (CHD) taldeko bi kidek bultzatuta, Rufi Etxeberria, Urko Aiartza eta Pernando Barrena ezker abertzaleko ordezkariekin bildu ziren Urkullu eta Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia. “Bilera hartan, edukia eta Jaurlaritzaren eskaintza ETAri helarazteko baimena eskatu zuten nazioarteko bitartekariek. Bi aldeak bat etorri ziren”.

ETAk 2013ko abuztuan datatutako gutun bat bidali zion Urkulluri. Erakunde armatuak kritika gogorrak egin zizkion, baina eskua ere luzatu zion, betiere Urkulluk “jarrera eraikitzailea eta konponbiderako konpromisoa” izango balitu. Jaurlaritzak idatzian esan du bere laguntza “gutxietsi” egin zuela ETAk, eta EAEko gobernua “eragile sozialen, politikoen eta instituzionalen magma baten barruan beste bat gehiago bezala” kokatu zuela.  

ETA-REN ARMAGABETZEA

Jaurlaritzaren txostenak dio 2013ko abenduaren erditik ETAren armagabetze prozesuaz mezuak jasotzen hasi zela, batik bat Centre for Humanitarian Dialoguetik; “keinu garantzitsua” izango zela harena, eta emateko babesa. “Eusko Jaurlaritzak eskatutakoa bete zuen. Gestio zuhur handiak egin zituen benetan, eta nazioarteko aktoreei estaldura publikoa eman zien. Hala ere, gauzak ez ziren gertatu iragarri zen bezala”. 

NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak 2014ko otsailaren 21ean Bilboko hotel batean bideo eta idatzi baten bitartez iragarri zuen ETAk hasi zuela desarmatze prozesua. Jaurlarizak “miniarmagabetzea” deitu dio. “Grabatutako irudiak apur bat barregarriak dira, eta, bereziki, bere [armategiaren] bolumen eskasak etsipen orokorra eragin zuen”. Nazioarteko eragileei "estaldura" ematen segitu zuen Urkulluk, eta horren froga gisa jarri du otsailaren 23an NEBeko kideei Espainiako Auzitegi Nazionaleko deklarazio hitzorduan lagundu izana.

Ustezko agiririk ez

Lehendakaritzaren esanetan, nazioarteko bitartekariek aipatzen zieten ETAk epe motzean agiri bat aterako zuela, esanez armagabetzea atzeraezina, baldintzarik gabea, behin betikoa eta osoa izango zela. “Benetan, komunikatu hark zuzenduko zukeen, neurri batean, keinu hark eragindako kaltea, baina komunikatua ez zen publiko egin”. 

2014ko udaberritik aurrera NEBekin eta CHDrekin harremanean segitu zuen Jaurlaritzak. “Espainiako Estatura etortzeari utzi zioten, ondorio polizialei edo judizialei beldur”. 2014ko apiriletik 2015eko ekainera zortzi bilera egin zituen CHDrekin eta bost NEBekin, Amsterdamen, Parisen eta Istabulen. HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin ere batu zen, Euskal Herrian: 2014-2016an, sei batzar. Jaurlaritzatik bilera gehienetara Fernandez joan zen.

Urkulluren taldeak irizten zion ETAren armagabetzeaz “mahai gainean ezer” ez zegoela, eta nazioarteko eragileen helburua “eszenografikoa” baino ez zela. Hala, “ezinezkoa zen edukia, garrantzia, egutegia eta abar ezagutzen ez ziren ekimen posibleei itsuan babesa eskaintzea”. 

Harreman mota desberdinak

2014 bukaeran izan zuen tentsio une bat NEBekin: bien arteko bilera baten ostean, nazioarteko egiaztatzaileek abenduaren 21ean ohar bat atera zuten ETAren armategiaren zigilatze prozesuaz, eta Jaurlaritzak ondoren, egun berean, desarmatzeari buruzko bere planaren berri eman zuen. ETAren armagabetze “azkar, bideragarri eta eraginkor baterako prozedura" proposamena zen harena. “Eusko Jaurlaritzaren proposamena inoiz ez zen onartu eta aintzat hartu ETAren eta ezker abertzalearen aldetik. Hala ere, indar handia zeukan: hiru urte beranduago aurrera eraman zen armagabetze eredua, kasik [Jaurlaritzaren] eskemak iradokitzen zuen bezalaxe garatuko zen”. Hala dio Lehendakaritzak txostenean. 

Bakegileekin harreman tirabiratsua izan zuen. Esan duenez, “ezker abertzaleko iturri fidagarriek eta baimenduek berretsi” zioten armagabetzeaz zenbait erabaki hartuta zeudela eta “bakegileen zeregin erreala ez zela beti bat etortzen hauek beren buruei egozten zizkietenekin”. 2017ko otsailaren 6a eta martxoaren 30a artean bakegileek eta Lehendakaritzak bederatzi bilera egin zituzten; “konplexuak”, Jaurlaritzaren iritziz, bakegileek haren “babes itsua” nahi zutelakoan. “Informazio lausoa” ematen zietela adierazi du Lehendakaritzak. 

Esan du zenbait adostasun lortu zituztela: armagabetzea legezkoa, behin betikoa eta baldintzarik gabea izango zela, eta hala esan zela. Desadostasunak ere baziren, txostenak nabarmendu duenez: bakegileek  armagabetzearen data publiko egitea, armategien kokapenetara “ehundaka” boluntario bidaltzea eta desarmatzearen egun berean “jai giroko mobilizazioa" egitea —ETAren biktimenganako errespetu falta esan nahi zuen, Jaurlaritzaren aburuz—. "Bakegileen diseinuan parafernalia gehiegi, exhibizionismo gehiegi eta propaganda gehiegi" zeudela ikusten zuen, eta bien arteko hartu-emanaren bukaeran “dialektika tentsio handia” egon zen. 

Lehendakaritzaren arabera, armagabetze prozesuan Rajoyrekin “etengabeko harremana” eduki zuen Urkulluk. Frantziako Gobernuarekin, “komunikazio argia eta leiala”. Eta NEBekin, “komunikazio estua eta kolaborazio leiala”. Urkulluk Rajoyri esaten zion ez galarazteko armagabetzea, eta Parisekin hitz egiteko desarmatzerako joko eta legaltasun arauak ezartzeari buruz. Eta Paristik Jaurlaritzak “mezu argia” jasotzen zuen, betiere txostenak dakarrenez: “Frantziako Gobernuak ez zuen parte hartzerik nahi armagabetze planean, ezta bide polizialetik ere. Ez zuten nahi artisauek eta NEBek zuloen kokapena Poliziari ematea, Justiziari baizik”. Bakegileek prozesuko azkeneko asteetan komunikazio bide zuzena izan zuten Frantziako Estatuko autoritateekin, Luhuso liburuan ageri den bezala.

Lehendakaritzak aitortu du Urkulluk tentsio uneak bizi izan zituela Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariarekin ere. Etxegaraik “presio” egiten omen zion Baionan izan zedin armagabetze egunean (2017-4-8). Ez zen izan han Jaurlaritzako lehendakaria, jardunaldiaren eskema “funtsean” ez zelako aldatu eta armategiaren inbentarioa aurrez ez zuelako ezagutu. Egun berean, armagabetzearen ondoren, prentsa agerraldi bat egin zuen Ram Manikkalingam NEBeko buruarekin, Donostian.

ETA-REN DESEGITEA

David Pla Konponbiderako ETAren ordezkariak 2017ko otsailean Gara-ko elkarrizketa batean iragarri zuen etorkizunari buruzko hausnarketa hasiko zutela aurki. ETAren Zuzendaritza Batzordeak 2017ko apirilean datatu zituen barne eztabaidako dokumentuak. Lehendakaritzak ETAren armagabetzean eta desegitean Eusko Jaurlaritzak egindakoaren deskribapena eta balorazioa txostenean aitortu du ez zela fio ETAren jokabideaz: “Aurrekariak ezagututa, ETAk erabaki zezakeen, aldi berean, desegin egiten zela eta existitzen jarraituko zuela. (…) Une hartako aurreikuspenetan zegoen bigarren arriskua zen ETAk bere erabakiak dosifikatzea; hori zen armagabetzean gertatu zena”. 

Jaurlaritzaren iritziz, ETAren desegiteak aldebakarrekoa eta baldintzarik gabekoa; eraginkorra, eufemismorik eta anbiguotasunik gabekoa; eta behin betikoa izan behar zuen. Azaldu du askotariko eragileekin egin zituela bilerak. Dena dela, ez zuen armagabetze garaiko dinamikarik izan. Rajoy Espainiako presidentearekin "mezu idatziak trukatu" zituen Urkulluk, “informazioa partekatzeko eta baita ETAren desegitearen iragarpena, benetan argia baldin bazen, baliozkotua izan zedin ere”.

"Funtsezkoena, lortuta"

2018ko maiatzaren 3an bukatu zuen ETAk bere ibilbidea, adierazpen baten bidez. “ETAren erabakiak ez zuen zalantzarik utzi”, onartu du Lehendakaritzak. “Aldebakarrekoa, eraginkorra eta behin betikoa izan zen. Funtsezkoena lortuta zegoen. Oso berandu zetorren, baina gertakari historikoa zen”.

Urkulluk, ordea, izan zuen haren bukaera faseko eduki eta modu batzuez desadostasunik. Batetik, deitoratu egin zuen ETAk berdin tratatu ez izana berak eragindako biktima guztiak. “Eragindako minari buruzko adierazpenaren [2018-4-8] gauzarik larriena da biktimen bi maila ezartzen zituela: errugabeak eta errugabeak ez zirenak”. Desegite adierazpenean ETAk ez zuen “akatsa zuzendu”, Jaurlaritzak txarretsi zuenez.

Berme falta iritzita

Maiatzaren 4an Kanboko (Lapurdi) nazioarteko topaketa izan zen, baina, armagabetze egunean bezala, Jaurlaritzak ez zuen parte hartu. Josu Erkoreka eledunak apirilaren 24ko prentsaurreko batean jakinarazi zuen ez zirela izango HNTk, Bake Bideak eta Foro Sozial Iraunkorrak antolatutako ekitaldietan, haiek hala eskatu arren hainbat aldiz. Jaurlaritzaren argudioa zen ezin zuela egon “biktima guztien errugabetasuna argi geratuko ez zen inongo ekitalditan”, ezta “ETAren historiaren gorespen esplizuturen edo inplizituren bat” egin zitekeenetan ere. 

Maiatzaren 4an bertan, Bertizen (Nafarroa), agerraldi instituzional bat egin zuten Urkulluk eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko orduko lehendakariak.

.....
Espetxe arloko berritasunei buruzko artikuluaren txioak:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.