«ETAren borroka armatua amaitu izan ez balitz bezala»

Bake nahiak zapuztea egotzi die Gernikako Akordioak Frantziari eta Espainiari; elkarrizketa abiatzeko eskatu die

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Espainiako eta Frantziako Barne ministroek ETAren aurkako borrokan orain arte bezala jarraituko dutela esan ondoren, jarrera aldatzeko eskatu die Gernikako Akordioak bi estatuei: «entzungor» egiteari uzteko, bake nahiak ez zapuzteko, eta konponbideari begirako jarrera bat hartzeko. «Elkarrizketa da bake bide bakarra».

Ohar baten bidez, adierazi du Gernikako Akordioaren xedea ekarpen bat egitea dela, indarkeriarik gabeko egoera batean eta normalizazio politikoan aurrera egiteko. Horretarako, azaldu du akordioan partaide diren eragileek hainbat konpromiso hartu dituztela, eta konponbideari begirako eskaera zehatzak egin dizkietela bai ETAri, bai Espainiako eta Frantziako estatuei.

«Gernikako Akordioak eskatutakoa bete egin du ETAk», adierazi du, eta jardun armatua amaitzeko erabakiak aro berri bat ireki duela Euskal Herrian.

Salatu du, ordea, Frantziako zein Espainiako estatuak «entzungor» egiten ari direla Akordioak egindako eskaeren inguruan: «ETAren borroka armatua amaitu izan ez balitz bezala jokatzen dute». Horixe erakusten dute, akordioaren sinatzaileen esanetan, azken atxiloketek. Ohartarazi du jokabide hori «larria» dela eta bake nahia «behin eta berriz zapuzten» duela.

Hortaz, «blokeo egoera gotortzen duten jokabideak behin betiko bertan behera uzteko» eta elkarrizketaren bideari heltzeko deia egin die bi estatuei, sinetsita baitago horrela besterik ez dela lortuko indarkeria betiko gainditu eta normalizazioa gauzatzea.

Bestalde, Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu atxilotu izana salatzeko Atxiloketarik ez. Konponbide garaia da lelopean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Akordioak. Gaur, 20:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte bi atxilotuen herrieta: Errenterian, herriko plazan; Ondarroan, Alamedan.

Ezker abertzaleak ere bai

«ETAren amaiera eta desarmea posible izan daitezen», elkarrizketaren bideari eusteko deia egin die ezker abertzaleak ere Frantziako eta Espainiako gobernuei. Izan ere, Pernando Barrenak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, «frogatuta» dago erakunde armatuaren jarduna amaitu dela.

Horrela, Barrenari «tristea» iruditu zaio Espainiako eta Frantziako ministroek emandako mezua: «Ez dator bat garai honetan espero zitekeen bidearekin». Jarrera alda dezatela eskatu die; «ETA erakunde gisa amaitzeko eta desarmatzeko modua emango duten dinamiketan» sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.