Euskal gatazka

ETAren atentatuak gizateriaren aurkako krimen gisa ikertzea iradoki du Europako Parlamentuak

PETI batzordearen txostenak argitu gabeko hilketei egin die erreferentzia. PSOE aurka agertu da, argudiatuta ez dela legezkoa.

PETI batzordeko presidente Dolors Monserrat. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko apirilaren 21a
12:49
Entzun

Europako Parlamentuko PETI Eskaera Batzordeak Espainiako erakundeei eskatu die ETAren argitu gabeko atentatuen «ikerketa berritu, zehatz eta sakon bat» egiteko. Aldeko 27 botorekin, kontrako hirurekin eta beste horrenbeste abstentziorekin egin du. Horretarako, atentatuak «gizateriaren aurkako krimentzat» jotzeko aukera mahai gainean jartzeko eskatu du, baita 2004tik atzerako kasuetan ere. Puntu horrek, ordea, ez du PSOEren babesa jaso.

Ekintzen «preskripzioen» inguruan, txostenak Espainiari eskatzen dio ez dezala halakorik kontuan hartu ikerketak egiteko garaian. Argudiatu dute behin ikerketa amaituta zehaztu beharko litzatekeela, eta ebazpen horren berri eman biktimei. Are gehiago, «zigor zuzenbidearen aukera interpretatibo guztiak agortzeko» eskatzen du txostenak, eta horien artean aipatzen du atentatuak gizateriaren aurkako krimen gisa tipifikatzeko aukera, ez daitezen preskribatu. Izan ere, argitu gabeko hilketa gehienak 1970eko hamarkadan eta 1980koaren hasieran egindakoak dira, eta, ondorioz, preskribatuta daude.

Gizateriaren aurkako krimenen tipifikazioa ez zen Espainiako Zigor Kodera txertatu 2004ra arte. Legediaren arabera, ez du atzerako eraginik, eta, beraz, ezin da tipifikazio hori erabili urte hura baino lehen gertatutako kasuetan. Hala argudiatu dute Espainiako auzitegiek, bai ETAko kideen aurkako auziak irekitzeko garaian, bai frankismoko eta trantsizioaren lehen urteetako estatu krimenak ikertzerakoan. Hala, PSOEk zuzenketa baten bidez eskatu du puntu hori txostenetik kanpo uzteko: «Ulertzen dugu biktimen eskaera, baina beharrezkoa da legearekiko errespetua sustatzea, eta gizateriaren aurkako krimenak atzerako eraginez aplikatzeko ezintasunaren jakitun egotea». Ez du, ordea, gehiengoaren babesa jaso.

Ez da hura Cristina Maestre sozialistak aurkeztutako zuzenketa bakarra; denera hamabost izan dira. Besteak beste, proposatu du Espainiako botere legegileari «iradokitzea» lege moldaketak egiteko, euskal presoek espetxe onurak lortu ahal izateko atentatuak argitzen lagun dezaten. Txostena, baina, gogorrago mintzo da, eta instituzioei eskatzen die espetxe onurak eta laguntza «lotzeko».

Txostenak atentatuen «ustezko egile intelektualen» aurka egiteko ere eskatzen dio Espainiari, berriz ere «zigor zuzenbidearen interpretazio aukerak agortzeko» esanez. Hala, argitu gabeko atentatu bakoitza gauzatu zenean ETAren buruzagitzan zeuden kideak ikertzearen alde egin du. Horrek bat egiten du Espainiako Auzitegi Nazionalak azken hilabeteetan erakutsi duen jarrerarekin. Dignidad y Justicia elkartearen salaketei men eginez, tramiterako onartu ditu ETAren buruzagi ohien aurkako zenbait kasu. Molde bereko kasu baten gaineko informazioa emateko ere exijitu dio auzitegiari Ciudadanoseko eurodiputatu Maite Pagazaurtunduak aurkeztutako zuzenketa batek: Garikoitz Aspiazu, Mikel Carrera eta Angel Iriondo gizateriaren aurkako krimenengatik ikertzearen ingurukoa.

Era berean, baina PSOEren babesik gabe, argitu gabeko atentatuen biktimen inguruko txosten bat egiteaz arduratuko den batzorde bat eratzeko eskatzen dio estatuari; jurista talde batek osatuko luke. Auzitegi Nazionalari, berriz, exijitzen dio biktimei azaltzeko zein den kasu bakoitzaren egoera prozesala, «argitzeko zergatik dagoen hainbesteko inpunitatea ETAren delituei dagokienez».

Euskal presoen ongietorriak ere aipatzen ditu txostenak. «Espetxetik ateratako terrorista kondenatuen gorazarre publikoak» eragozteko lan egiteko eskatzen dio Espainiari, eta «ekintza terrorista zehatzen apologia» delitu gisa tipifikatzeko beharrezko mekanismoak sortzeko. Haren arabera, halako ekintzek biktimen «beste biktimizazio bat» eragiten dute.

Txostenaren jatorria Dignidad y Justicia elkarteko abokatu Miguel Angel Rodriguezek eginiko eskaeran dago. «ETA erakunde terroristak egin eta oraindik argitu gabe dauden 379 hilketen» inguruko ikerketa bat egiteko eskatu zuen hark, eta, hari erantzunez, europarlamentari talde bat Euskal Herrian eta Espainian izan zen azaroan. Besteak beste, Espainiako justiziako eta polizia indarretako kideekin bildu ziren, baita biktimen elkarte batzuekin ere. Bidaia hasi aurretik, PETI batzordeko presidenteorde Tatjana Zdanokak salatu zuen hura prestatzeko prozesua «kontraesanez betea» egon zela, eta uko egin zion parte hartzeari. Besteak beste, PPko eurodiputatu eta batzordeko presidente Dolores Monserratek izan zuen rola salatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.