EUSKAL PRESOAK

ETAren armagabetzetik lau urtera, presoen auzia konpontzeko eskatu dute

Bake Bidearen eta Bakegileen ustez, «kontrajarriak» dira Euskal Herriko gizarteak emandako pausoak eta euskal presoen egoera. Ion eta Unai Parot eta Jakes Esnalengan jarri dute arreta: 31 urte daramatzate preso. Ekainaren 26an martxa bat eginen dute, Baionatik Donibane Lohizunera.

maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 8a
11:22
Entzun

Gaur duela lau urte iragarri zuen ETA erakundeak armagabetu egin zela, eta, Bake Bidearen eta Bakegileen ustez, urteurrenak «kontrajarriak diren bi errealitate» jarri ditu parez pare. Izan ere, egun hartan Baionan irakurri zuten manifestuak zioenez, bakea ez da «indarkeriarik eza bakarrik». Ordea, presoen auzia konpondu gabe dago oraindik, bi eragileen ustez, eta horretan datza, hain justu, kontraerrana, «2021eko apirilaren 8ak Ion Paroten, Jakes Esnalen eta Unai Paroten 31 urteko kartzelaldiarekin bat egiten baitu».

Haiekin batera atxiloturiko Frederic Haranburu Xistor baldintzapean aske utzi zuten joan den azaroan, baina ez, ordea, bertze hirurak. Eragileek salatu dute, halaber, Ion Parotek positibo eman zuela koronabirusean; 70 urte dituela, eta baldintzapean aske uzteko eskatzen duen seigarren aldia duela. Bakegileen eta Bake Bidearen ustez, horrek ez zuen «gertatu behar»: «Ekidin zitekeen, Ion Parot ez balitz salbuespeneko neurrien menpe izan».

Ez da horiena «salbuespenezko» kasu bakarra. Izan ere, euskal presoen eskubideen aldeko eragileek gogorarazi dute Frantziako Gobernuak pandemiaren hasieran hartutako neurriek ez zituztela euskal presoak kontuan hartu —egoerarik zaurgarrienean ziren hainbat preso askatu zituzten—. «Salbuespen egoera hau dela eta, Ion Paroti, Jakes Esnali, Frederic Haranbururi, Josu Urrutikoetxeari, Gurutz Maiza Artolari eta Ibon Fernandez Iradiri ez zaizkie beren eskubideak bermatzen, haien adina eta eritasunak direnak izanik ere». Ibon Fernandez Iradiren kasua nabarmendu dute: larriki eri da, eta hark ere pasatu zuen COVID-19a. Hark ere, 2019an epaitegiak zigorra etetea onartu bazion ere, preso segitzen du.

Galdera bat egin dute Bake Bideak eta Bakegileek: «Aieteko Nazioarteko Adierazpenetik hamar urtera iritsiko garen honetan, nola uler daiteke zuzenbide arrunta etengabe indargabetzea?». Salatu dute denbora «badoala» eta arazo horiek konpontzeko «presa» dagoela: «Ezin dugu errealitate bikoitz hau gehiago onartu. Kontraerranean ezartzen ditu, alde batetik euskal jendarte dinamiko eta asmamen handikoa, Euskal Herriaren testuinguru politikoan aldaketa erradikala ekarri duena, eta, bertze alde batetik, terrorismoaren kontrako ministerio publiko anakronikoa, logika lehengotar eta liskartiarren logiketan segitzen duena». Bake Bidearen eta Bakegileen ustez, «bakea» lortzeko gatazkaren ondorioak konpondu behar dira, eta, horrenbertzez, «presoen gaia konpondu».

Ekainaren 26an, martxa

Bake Bideak eta Bakegileek jakinarazi dutenez, ekainaren 26an martxa bat eginen dute Baionatik Donibane Lohizunera. Jakes Esnal eta Ion Parot preso diren urte bakoitzeko kilometro bat eginen dute, erreleboka: 31 kilometro guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.