ETAren armagabetzeko irudiak erakutsi dituzte Parisen

Frantziako Polizia ETAren armak zeuden gordelekuetako batera iritsi zeneko bideoa erakutsi dute, frogatzeko erabateko kooperazioa izan zela armagabetzean.

Agerraldian erakutsi duten bideoaren fotograma bat.
Agerraldian erakutsi duten bideoaren fotograma bat.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko martxoaren 27a
15:20
Entzun

Orain arte erakutsi gabeko irudiak dira: jaka horiak jantziak dituen jende multzo bat ageri da oihan batean. Zinta zuri eta gorriz inguratua den eremu bat inguratzen dute, lurrean esprai horiarekin egindako marka bat duena. Frantziako Poliziako agente talde bat iristen ari da haiengana, buruak ez filmatzeko eskatuz. «Egun on, polizia judiziala gara», erranez agurtzen ditu horietako batek, eta banan-banan denei eskua eman. 2017ko apirilaren 8koak dira irudiak, ETAren armagabetze egunekoak. Egun hartan argitara atera ziren arma gordelekuetako batean grabatu zituzten, eta erakusten dute Frantziako Poliziak jarrera kooperatzaile eta lagunkoia izan zuela. 

Arma gordelekuan behatzaile gisa zeuden bakegileak banaka agurtu ondotik, hasierako poliziak, lasai mintzatuz, esplikatzen die «lekuaren jabe» egin direla; gero, nola jokatuko duten azaltzen die: «Nire lankideak zuetako bakoitzaren identitatea jasoko du. Ez da ezer egiteko, e; [armen] eskuratzea materializatzeko da. Ondotik segurtasun perimetro bat ezarriko dugu, seguruenik gauza arriskutsuak izanen direlako; ikusiko dugu». Behatzaileetako batek hartzen du ondotik hitza, eta galdetzen dio froga gisa poliziaren matrikula eskuratu dezaketen. «Nire izena ematen ahal dizuet», erantzuten dio poliziak, eta horretan mozten da irudia. 

Bakegileek Frantziako Asanblean egin duten prentsaurrekoan erakutsi dituzte irudi horiek lehen aldiz, gaur. Jean Noel Etxeberri Txetx-ek eta Beatrice Mollek hartu dute hitza, hainbat parlamentari alboan zituztela. Frederique Espagnac, Max Brisson, Vincent Bru, Iñaki Etxaniz eta Florence Lasserre Ipar Euskal Herriko parlamentariek ez ezik, agerraldian parte hartu dute Clementine Autain Frantzia Intsumisoko diputatuak, Andre Chassaigne Frantziako Alderdi Komunistako diputatu taldeko buruak, Bertrand Pancher LIOT diputatu taldeko buruak, eta Yannick Jadot EELVko senatariak ere.

Frantziako hedabideetara iristeko helburua izan du agerraldi horrek. Luhusoko operazioa gertatu zeneko testuingurua oroitarazi du Etxeberrik, hizpidera ekarrita 2011ko Aieteko Nazioarteko Konferentziatik abiatutako bidea eta orduan zegoen blokeo egoera. Aipatu du Frantziako eta Espainiako estatuek, Aieteko bidea lagundu ordez, «errepresio eta salbuespen neurriekin» segitu zutela, eta gogora ekarri du euskal presoen eta haien senideen egoera; mugimendu independentistan «disidentziak» agertzen hasi zirela ere aipatu du, eta Charlie Hebdo-ko eta Bataclaneko 2015eko atentatuen ondotik kezka zutela ETAren armak noren eskuetara irits zitezkeen. 

«Lasai, baina determinatuak»

«Gure helburua argia zen», esplikatu du Etxeberrik, «egoera hau bukatzea eta lehenbailehen ETAren erabateko armagabetzeari bide ematea nahi genuen, horrek beste urrats batzuk ekarriko baitzituen Euskal Herrian bake justu eta iraunkor baten lortzeko bidean». Luhusokoaren ondotik etorri zen ETAren armagabetzea, eta, hilabete batzuk geroago, lehen elkarrizketa eta lan eremu ofiziala ireki zen Frantziako Gobernuaren eta Euskal Herriko ordezkaritza baten artean presoen gaiari buruz aritzeko. Urtebete geroago, ETAk iragarri zuen deseginen zela. «Luhusoko ekintzak bere helburu guztiak bete zituen, dramarik eta istripurik gabe, guztion onerako. Luhuso aurreko testuinguruak zekartzan arriskuak indargabetu ziren, eta denbora bizkortu, zentzu onean».

Horregatik, Etxeberrik adierazi du «lasai» agertuko direla apirilaren 2an eta 3an Parisko Zigor Auzitegi aitzinera: «Lasai, baina determinatuak»; eta errugabetzea «energiaz» defendatuko dutela erran du. Izan ere, afera antiterroristetan berezitua den XVI. ganberak epaituko ditu bakegileak: «Logika propioak ditu, eta horrek ez gaitu kondenatik babesten, nahiz eta sentsibilitate politiko anitzetako hautetsi eta pertsona ezagunek eskatzen duten gure errugabetzea».

Auzitegiak zigortuko balitu, zigorra edozein izanik ere, terrorismo delitua egotziko liekete. «Izan Euskal Herriari igorriko liokeen seinale politikoagatik, izan Mizel Bergouignan, Mixel Berhokoirigoin, Michel Tubiana eta Luhuson edo apirilaren 8an lan egin zuten guziengatik, ezin dugu onartu. Gure helburua bake zuzen eta iraunkorrari bide ematea zen, eta erantzukizuna hartu genuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.