ETAren armagabetzea landu nahi du Bake Bideak martxoko foroan

Foroa hilaren 17an eta 18an iraganen da, Miarritzen: 'Armagabetzea bake prozesuaren zerbitzura'. Kolonbiako desarmatze prozesuaz mintzatzeko, Enrique Santiago abokatua etorriko da

Baiona
2017ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Joan den urte hondarreko Luhusoko ekintzek, eta heldu diren Frantziako bozek, urteko egutegia berriz antolatzera bultzatu dute Bake Bidea: martxoaren 11n Hendaian (Lapurdi) egin behar zen Foro Soziala bertan behera geratu da, eta hilaren 17an eta 18an Miarritzen egingo den foroari tokia utzi dio. Lehen ekitaldiak preso eta iheslarien etxeratzea izan behar zuen aipagai, baina armagabetzea izango du ardatz foroak —udazkenean helduko diote hasierako gaiari—. «Luhuso blokeo baten haustura izan da. Aitzinatzen ez zen armagabetze prozesu horretan, atzeraezina den iniziatiba bat hartu da gatazkaren ondorioei konponbide egonkor bat emateko», azaldu du Anaiz Funosas Bake Bidea-ko presidenteak.

Oraingoa testuinguru berri baten aroa dela azpimarratu du Bake Bideak, aukera berriak irekitzen dituen aroa. «Gizarte zibilaren hiru ordezkarik ETAren desarmatze prozesua eta armategiaren desegitearen ardura politikoa hartu dute. Beste edozein bake prozesutan nehoiz ikusi gabeko gertakaria da», azaldu du Christophe Desprez abokatuak.

Ekintzaren biharamunean izandako «erantzun bateratuak» ere argi utzi du fase berri baten garaia dela, Desprezen ustez. Arlo horretatik, abenduaren 17an egindako prentsaurrekoak, 4.000 herritarrek Baionan osaturiko manifestaldiak, Bilbon alderdi eta eragile ugarik egindako agerraldiak eta Ipar Euskal Herriko 700 bat hautetsik Frantziako presidenteari igorritako gutunak erakusten dute «mugarria» izan dela Luhusoko ekinbideak ekarri duena: «Prozesua berriz mahai gainean ezarria da, gatazkaren ondorio guztiekin, eta, nahiz eta desadostasunak badiren, urte erabakigarri batean garen sentimendu orokor bat bada».

Energia berriari azken urteetako ñabardura bera erantsi dio Funosasek; hots, bi estatuen jarrera salatu du, eta bereziki Frantziako Gobernuarena, kontuan hartuz abenduan bidali zioten gutunari ez diola erantzunik eman. «Estatuak ez dira jokoan denaren heinean, jarrera tamalgarria eta arduragabea da. Frantziako Gobernuaren agintaldiari bi hilabete gelditzen zaizkio. Agintaldi horrek argi utzi du borondate politiko hutsa, zein Espainiarekiko lerrokatze automatikoa. Baina bi hilabete gelditzen zaizkio, eta arlo horretan engaiatzea galdegiten diogu».

Anartean, gizarte zibilak bultzaturiko truke guneak antolatu nahi ditu Bake Bideak, martxoaren 17an Kolonbiako bake prozesuan desarmatzea nola kokatzen den aztertuz. Gaiaren berri emateko, «lekuko zuzen» bat etorriko da Miarritzera: Enrique Santiago abokatu eta FARCen laguntzaile juridikoa.

Biharamunean, Luhusoko ekinaldia hartuko da erdigunetzat. Mixel Berhokoirigoin bakearen artisauak Luhusoko ekintza nola eraiki zuten azalduko du. Funosasen ustez, funtsezkoa da herritar ororentzat truke hori ukaitea, bai etorkizuna hobeto ulertzeko, eta bai, bereziki, bakoitzaren ekarpena zertan izan daitekeen ikusteko.

Gainera, aste honetan David Pla ETAren ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzak prentsa bidez izan elkarrizketatik harago joatea espero du Bake Bideak; erran du oraingo egoera halakoa dela, lehenago ezin izan direlako «gauzak egin». Orain, mugimenduak gardentasuna eta orain arteko desadostasunen gainetik ibiltzea galdegiten du. «Prozesuaren etapa berri batean gara, eta nehoiz baino gehiago armagabetzea gizarte zibilarekin antolatu behar da, biharko elkarbizitza eraiki ahal izateko, guztien ezagutzan oinarrituz, presoen eta iheslarien etxeratzean oinarrituz, eta biktimentzako beharrezkoak diren mekanismoak sortuz».

'Bakearen artisauen' hitza

Mixel Berhokoirigoinek zabaldurik, bakearen artisauen gastuei erantzuteko kanpaina hasi dute. «Sostengu material azkarraren beharra dugu: justizia, bidaia eta antolaketa gastuak ditugu». Hasieratik finkatu dituzten helburuen bukaerara iritsi nahi dute, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin lankidetza iraunkorrean eta ahal bezain laster.

Berhokoirigoinek azken ekintzen berri ere eman du: bilkura «zuzenak eta zeharkakoak» egiten ari direla iragarri du. Preseski, martxoaren 17-18ko foroan ematen du hitzordua, perspektiba berriei buruzko puntua egiteko. «ETAren armategi osoa desegin eta bake orokor, justu eta iraunkor baterako bultzada emateko xedea dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.