ETAren amaieraren aldarrikapena, erantzun gisa

Jose Luis Rodriguez Zapaterok Madrilgo Ateneoan eman ditu ETAren amaierari buruzko negoziazio politikoei buruzko xehetasunak. Teresa Whitfield gatazken kudeaketan aditua izan zen prozesuan laguntzaile.

Zapatero eta Whitfield, atzo, Madrilgo Ateneoan. MARTA JARA / FOKU
Zapatero eta Whitfield, atzo, Madrilgo Ateneoan. MARTA JARA / FOKU
Iosu Alberdi.
Madril
2024ko maiatzaren 8a
16:50
Entzun

Protagonismoa hartu du azken hilabeteetan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohiak, eta harena izan da eskuinak eta eskuin muturrak Pedro Sanchezen gobernuari egindako kritika ugariri erantzuteko ardura. Horretarako, inoiz baino irmoago ari da adierazten bera gobernuan zegoenean eten zuela ETAk borroka armatua, eta horretarako baliatu zuen atzo Ateneoko oholtza ere, Madrilen, kritika horiek jatorria duten tokian.

ETAren amaierara arteko negoziazioak eta prozesuaren elementu politikoak landu zituzten aurrez Ateneoan, eta auziaren inguruko azken mintzaldiak haren «berezitasuna» zuen ardatz. Horretarako, Zapaterok Teresa Whitfield gatazken kudeaketan aditu eta euskal gatazkaren amaieraren kronikagileetako bat izan zuen alboan. Eta lehen lerroetan eserita, haiei entzuten ari ziren gatazkarekin lotura zuzena edo zeharkakoa izandako hainbat aurpegi ezagun: Luis Rodriguez Aizpeolea El País-eko kazetaria, Jose Manuel Gomez Benitez ETArekin negoziatu zuten lagunetako bat, Jose Ricardo de Prada Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea eta abar.

Whitfield izan zen hitza hartzen lehena. Bere kontakizun pertsonaletik heldu zion aferari: nola heldu zen Euskal Herrira 2005etik 2007ra bitarteko negoziazioek huts egin izanaren zergatien bila, eta nola topatu zuen oraindik azken hitza ezarri gabeko prozesu bat: «Deskubritu nuen ez zela amaitu». Eta jarraian, Zapaterori egin zion galdera: «Zer faktorek adierazi zituzten hura izango zela unea?».

Gobernuburu ohiak ziztuan erantzun zion: «Nire nahi nagusia zen indarkeria amaitzea. Beti sinistu nuen nire agintean iritsiko zela hori». Eta, horretarako, «elkarrizketaren bidea» defendatu zuen: «Nire esperientziak baieztatzen du hitza eta elkarrizketa direla bide bakarra arrazoizko konponbide batera iristeko».

Hala, gobernuaren hastapenetara joz, Zapaterok uste du bere iritsierak eragina izan zuela «mundu abertzalean» ere, eta horrek bideari ekiteko beta eman ziola. Bide «luzea, gogorra eta zaila», baina «uste osoz» egina. Hala, konbikzio horren ondoriotzat jo zuen ETAk 2006ko abenduan Madrilgo aireportuan egindako atentatuaren ostean «iraun» izana. Hain zuzen, zehaztu zuen «epe ertainera indarkeria amaitzeko lagungarri» izan zela ekintza hura. «[Ezker abertzaleko] Alde politikoan ez zuten ulertu».

«Argiak izan gaitezen: indarkeria uzteko erabakia Batasunak eta ETAko kideek izandako debate baten ondorio da».

JOSE LUIS RODRIGUEZ ZAPATERO Espainiako gobernuburu ohia

Whitfieldek, berriz, halako une batean prozesu politiko baten alde egin izana nabarmendu zion: «Aterabidea politikoa izan zen, nahiz eta kontzesio politikorik ez egin. Erakutsi zuen zenbateraino den garrantzitsua elkarrizketa gatazkak kudeatzerakoan eta irtenbidea topatzerakoan». Argudiatu zuen «gobernu demokratiko batentzat» beti dela zaila «talde terrorista» batekin hitz egitea: «Baina nola egin asmatu behar da». Eta Zapaterok erantzun: «Aurrez aurreko elkarrizketarekin dena da posibleago».

«Aldebakarrekoa»

Ezker abertzalearen barne prozesu baten ondorio izan zen ETAren amaiera, eta hala azaldu zuen Zapaterok ere: «Argiak izan gaitezen: indarkeria uzteko erabakia Batasunak eta ETAko kideek izandako debate baten ondorio da». Eta hor «beteranoei» erreparatu zien; atzo aipatu ez arren, bere azken liburuan Arnaldo Otegi eta Rufi Etxeberria nabarmentzen ditu, baita Josu Urrutikoetxea ere. Berdin egiten du Whitfieldek ere berean. Eta erabakia behin betikoa izatea izan zen gakoa, Zapaterok baieztatu zuenez: «Noizbait kontatuko ditut arrazoiak».

Halere, horra bidean, jende andanak lan egin zuen prozesuan, eta Zapaterok abagunea baliatu du hartan parte hartutako aktoreen aitortza egiteko. Lehen ilaran aurrez aurre zuen norbaiten lana eskertu zuen gobernuburu ohiak, Gomez Benitezena hain justu, eta horrekin batera prozesuan bitartekari aritu ziren bi bakegilerena ─haien izenak ez ditu esan publikoki─: «Nire esperientzia politikoan norbait miretsi badut, bokazioz gatazken konponbide bakezaleetara dedikatzen direnak miretsi ditut». Entzuleek Jesus Egigurenen lana ere gogoratu zioten, eta hark bere egin zuen aitortza hori.

Hortik aurrera, nazioarteko eragileen rola izan zuten hizpide solaskideek. «Rol erabakigarria». Arreta Henri Dunant zentroan jarri, eta Suitzaren, Suediaren eta Norvegiaren lana ere eskertu zuen: «Zeinu politiko ezberdinetakoak ziren, baina Henri Dunant zentroari esker bidea erraztu zuten». Halere, argudiatu zuen ETA mugimenduak egitera bultzatu zuen elementu garrantzitsuena Ipar Irlandako gatazkako eragileen esku hartzea izan zela: Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro zena, Jonathan Powell haren kabineteburua, Sinn Fein eta IRA.

Whitfieldek, berriz, nazioarteko eragileen «babes diskretuari» ez ezik, aldebakarreko prozesuari bide eman zioten bestelako elementu batzuei ere erreparatu zien; besteak beste, Aieteko Konferentzia. «Kozinatua zegoen, baina ondo kozinatua». Hain zuzen, uste du ETAk «estatu akordio» gisa ulertu zituela amaierako bide orrian zehaztu ziren elementu horiek, ofizialki halakorik izan ez arren.

Aferaz galdetu zioten Zapaterori. Zehazki, ea akordio batek berme gehiago emango ote zituen, Ostiral Santuko akordioan egin zuten moduan. Eta haren erantzuna: «Akordio esangabe bat dago Ostiral Santukoaren antzekoa; ezin dut gehiago esan».

Zapatero, Whitfielden 'ETA: el desenlace' liburua eskuan duela. MARTA JARA / FOKU
Zapatero, Whitfielden 'ETA: el desenlace' liburua eskuan duela. MARTA JARA / FOKU

Eskuinari erantzunez

Hitzaldian, iragana eta oraina lotu ziren, nazioarteko egoera geopolitikoari so, baina baita Espainiako politikagintzari ere. Hala, Zapaterok urte haietan hartutako erabakien inguruan PPk eta eskuin muturrak egin dituzten kritikei erantzun zien, azken hilabeteetako agerraldietan erakutsi duen sendotasun berarekin: «Kritika horiek ez diote izpirik ere kentzen egiari: nire gobernupean errenditu zen ETA, entregatu zen ETA, amaitu zuen indarkeria ETAk». Hala, argudiatu zuen ez diola axola adierazteak ordurako «ETA garaitua» zegoela, ezta prozesuak «Bilduren garaipena» eragin izana ere.

Baina biei erantzun zien. Lehenari dagokionez, zehaztu zuen ez direla uztargarriak erakunde armatuaren ahulezia nabarmendu nahi izatea eta hari 2004ko martxoaren 11ko atentatua egoztea. EH Bilduren gorakadari erreparatuta, berriz, demokraziaren oinarrietan egin zuen azpimarra: «Demokrazian konfiantza eragiten dit bere garaian indarkeria babestu zutenak orain arau demokratikoen pean egoteak. Promes hori egin zitzaien, eta ez zen beharrezkoa Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu deitzea». Jose Maria Aznar gobernuburu ohiarentzako mezua.

Eta berriz ere atzera eginda, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu ohiaren bi erabaki nabarmendu zituen Zapaterok. Alde, ETAren meniaren ostean egindako adierazpena: amaiera zela sinesten zuela eta hura kontrapartidarik gabea zela esan zuen. Ez hain fina, «ezer ez egitea», eta su etenaren ostean egoera «surrealista» bat eragitea hala. ETAko kideak Norvegian ziren elkarrizketarako zain, eta Rajoy «harekin zerikusirik izango ez balu bezala».

«Aterabide politikoa izan zen, nahiz eta kontzesio politikorik ez egin. Erakutsi zuen zenbateraino den garrantzitsua elkarrizketa gatazkak kudeatzeko eta irtenbidea bilatzeko».

TERESA WHITFIELD Gatazken kudeaketan aditua

Oposizioaren jarrera horri Whitfieldek ere heldu zion: «Ohiz kanpoko zerbait da». Gainera, Zapaterok ez bezala, hark «arrisku» bat ikusi zuen Rajoyk izaniko jarreran.

Ondorioen kudeaketa

Zapateroren esanetan, Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek 2021eko urriaren 18an egindako adierazpena «irakurri eta berrirakurri beharrekoa» da: «Satisfazioz betetzen gaitu? Oraindik ez. Azken urratsa da? Oraindik ez. Gehiago egingo dira? Ziur nago. Sendoagoak izango dira? Ziur nago. Ausartzen naiz esaten noiz? Ez, baina ez dira asko berandutuko». Eta horren alde lan egitera dei egin zuen.

Estatuak torturaren eta bestelako giza eskubideen urraketen inguruan eman beharreko pausoei, berriz, galdera baten ostean soilik heldu zien. Txema Urkijo Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Arloko zuzendari ohiari erantzunez. Zapaterok adierazi zuen ez dagoela «terrorismo krudel eta mingarri» bat jasan eta mugak gainditu ez dituen estaturik, eta hori onartu beharra dagoela. Egin beharreko urratsen inguruan ez zuen, ordea, xehetasunik eman, eta adierazi zuen alor horretan arduradun politikoek «euskal gizarteak hartzen duen erritmoan» joan behar dutela: «Mundu abertzaleak ibilbidea osatzean, formalki baliteke gehiago iristea. Baina herrialde honek hain harreman zaila izan du terrorismoa izan denarekin, ez baita erraza izango».

Whitfieldek, berriz, uste du beti exijitu behar dela gehiago, baina zehaztu zuen horrek urteetako lana dakarrela, eta hala eta guztiz ere ez duela «errealistatzat» jotzen inork adieraztea gertatutakoa «hutsegite bat» izan zenik. Era berean, adierazi zuen badela torturen, abusuen eta bestelako urraketen inguruko lan ugari, eta biktimei erreparazioa emateari dagokionez, justizia eta erreparaziorako eskubidearekin batera, haien «ikusezintasuna» amaitzea ere ezinbestekoa dela: «Hor lan asko dago egiteko, baina denbora behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.