Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi duenez, Garikoitz Aspiazu ez da 2002an ETAk orain hogei urte Bilbon eginiko atentatuaren errudun. Zehazki, 2002ko urtarrilaren 12an zartatu zen bonba-autoa prestatzen jardun izana leporatuta epaitu dute Aspiazu. Euskal presoak dagoeneko deklaratua zuen akusazio horren harira, ukatu egin zuen atentatuan parte hartu zuela, eta gaur absolbitu egin du epaileak, «froga faltagatik».
Auzitegi Nazionalak jakinarazi duenez, epaiketan bildutako frogak eta hartutako deklarazioak ez dira nahikoa akusatuaren errugabetasun presuntzioa indargabetzeko. Froga falta «nabarmena» da, diotenez. «Dauden frogak ez dira aski baieztatzeko akusatuak zernahi parte hartze izan zuenik atentatuan».
Delitu berari loturik, Auzitegi Nazionalak dagoeneko zigortua du beste euskal preso bat: Gorka Martinez Arkarazo. Ordea, Aspiazuren kontrako epaiketan ondorioztatu dute, akusatuaren deklarazioei segika, atentatua egin zenean bi euskal presoek artean ez zutela elkar ezagutzen. Horrek, epaiaren arabera, nabarmen lausotzen du Aspiazuk atentatu horretan parte hartzeko aukera. Gainera, akusatuak nabarmendu du delitu honen gaineko deklarazioak torturapean hartu zizkiotela.