AUZITEGIAK

ETAren 2002ko atentatu bat berriro ikertuko du Auzitegi Nazionalak

Epaileak informazioa eskatu die Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari, jakiteko Jon Olarrak, Ainhoa Mujikak, Iñaki Esparzak, Mikel Albisuk, Ramon Sagarzazuk eta Marixol Iparragirrek erasoarekin loturarik izan ote zuten.

Auzitegi Nazionaleko egoitza, San Fernando de Henaresen. J. DANAE / FOKU
2022ko martxoaren 29a
14:33
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek erabaki du berriro zabaltzea ETAk 2002ko abuztuan Santa Polan (Herrialde Katalanak) eginiko atentatuari buruzko ikerketa. Argitaratu duen autoan, eskaera bat egin die Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari: beren esku dituzten datuak auzitegiaren esku uzteko, jakiteko Jon Olarrak, Ainhoa Mujikak, Iñaki Esparzak, Mikel Albisuk, Ramon Sagarzazuk eta Marixol Iparragirrek erasoarekin loturarik izan ote zuten.

Dignidad y Justicia elkarteak jarritako kereila bat onartuta zabaldu du ikerketa epaileak, fiskalaren aldeko txostenarekin. Erasoa 2002ko abuztuaren 4an egin zuen ETAk Guardia Zibilaren kuartel baten aurka, eta bi pertsona hil ziren; gizonezko bat eta haur bat. Auzia ikertu zuten, eta bi lagun kondenatu zituzten, baina epaileak ebatzi du auzia berriro irekitzea dagokiola; Olarra, Mujika, Esparza, Albisu, Sagarzazu eta Iparragirre garai horretan ETAko zuzendaritzan zeudelakoan, horiek izan dezaketen erantzukizuna ikertu nahi du epaileak.

Hain justu, azken hilabeteetan Auzitegi Nazionalak abiatutako prozedura da ETAren atentatu batzuen ikerketa berriro zabaltzea, horien egiletza intelektuala eta garai horietan ustez ETAren zuzendaritza osatzen zutenen ardura argitzeko. Hala egin dute Miguel Angel Blanco eta Gregorio Ordoñez PPko kide zirenen hilketekin, eta baita Francisco Querol magistratua zenarenarekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.