ETAren jardun armatuaren amaiera. Elkarrizketa. Brian Currin. Abokatua

«ETArekin elkarrizketak hasi behar lituzkete orain gobernuek»

Oso pozik dago Brian Currin ETAk jakinarazitako erabakiagatik, eta oso baikor ageri da, epe laburrean egin beharreko bideari buruz, Espainiako eta Frantziako gobernuen prestasunari buruz.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Murua Uria.
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herritik milaka kilometrora ari da Brian Currin ETAren erabakiaren berria ospatzen. Pretoriatik (Hego Afrika) erantzun die BERRIAren galderei, telefonoz.

Zer moduz orain?

Oso pozik nago. Ospakizun eguna da. Euskal Herrian mundu guztia ospatzen egotea espero dut.

Lau urte badira auzi honetan lanean hasi zinela. Inoiz pentsatu duzu huts egin zezakeela?

Ez. Lan egiteko nire eran, urratsez urrats joan naiz. Ez diot begiratu azken urratsari, hurrengo urratsari baizik. Beti izan naiz baikorra hurrena egin beharreko urratsari buruz. Pentsatzen duzu zer gertatu beharra dagoen hurrena, egoeraz jabetzen zara, ondo aztertzen duzu, lan egiten duzu, eta baikortasunak hartzen zaitu ikusten duzunean egoera prest dagoela hurrengo urratserako. Hasieran burua jarri banuen atzo [herenegun] gertatu zen horretan, uste dut ez nukeela sentituko helburu lorgarria zela. Beti hurrengo urratsean pentsatzen nuelako sentitzen nuen prozesuak aurrera egingo zuela.

Urrats horien guztien artean, zein izan da zailena?

Aurreneko erronka handia ezker abertzaleak Mitchell printzipioak onartzea eta bitarteko soilik baketsuekin engaiatzea izan zen. Ez zen erronka zaila ezker abertzaleko lidergoak hori onartzea, baina banekien kontsulta ugari eskatzen zituen prozesua zela. Oinarrien adostasuna lortzea zen erronka. Zaila zen beraientzat.

Beste lan zaila Bruselako Adierazpenerako goi mailako jende ezaguna lortzea izan zen. Erronka handia zen. Presioak izan zituzten. Sostengua eman zuen jendeari ere egin zieten presioa, babesa erretira zezaten. Zaila izan zen niretzat, haiei presio egiteko nire lana zikindu nahi izan zutelako. Oso une zaila izan zen, asko baitzegoen Bruselako Adierazpenaren menpe.

Iritsi da lehen helburu handia: armak utzi ditu ETAk. Orain zer?

Nazioarteko pertsona ezagunen [Aieteko] adierazpenean zehaztutakoek izan beharko lukete hurrengo pausoak. Madrilek eta Parisek eman behar dituzte hurrengo pausoak: ETArekin elkarrizketak hasi behar lituzkete orain, soilik gatazkaren ondorioei buruz aritzeko. Beharrezkoak dira elkarrizketak, auzi zailei aurre egin behar baitzaie: presoak, desarmea, segurtasun lege bereziak, biktimak... Pauso batzuk ahalik eta azkarren eman behar dira, egokiera hau baliatu beharra dago.

Irlandan eta Hego Afrikan gakoa izan zen presoen auzia konponbidean jartzea. Hemen ere hala izango da?

Hala uste dut. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak presoen hurbiltzea defendatu izanak poztu nau. Gakoa izango da auzi hori.

Sortu legeztatzea denbora kontua besterik ez da?

Nire ikuspegian denbora kontua da, erabat. Indarkeriaren ondorioei buruz hitz egin beharreko auzietako bat da.

Espainiako eta Frantziako gobernuek positiboki erantzutea espero duzula esan duzu. Hala desio duzulako edo hala gertatuko dela uste duzulako?

Uste dut horrela gertatuko dela. Ziur naiz Espainiako Gobernua jabetuta dagoela bake prozesua lehenbailehen has dadin ziurtatzeko pauso batzuk eman behar dituela; bai PSOEren gobernua eta bai hurrengo hauteskundeak irabaziko dituen alderdiaren gobernua. Uste dut erantzun publiko bat emango dutela bi gobernuek.

Rodriguez Zapateroren gobernuak hilabete besterik ez du, hauteskundeak gainean dira eta. Uste duzu ezer egiteko astirik baduela?

Espero dut konturatzea garrantzitsua dela hurrengo hauteskundeak arte ez itxoitea, pausoak azkar ematea garrantzitsua dela, prozesuak aurrera egin dezan. Pentsatzen dut honezkero elkarrizketak izaten ari direla gobernuaren eta oposizioko buruzagi Raxoi jaunaren artean. Ziur naizgai hauek aztertzen ari direla eta ematen duten erantzuna ez dela orain gobernuan dagoen alderdiarena bakarrik izango.

Mariano Raxoi oposizioko buruak ez du erantzun PPko beste batzuek bezain erasokor, askoz zuhurrago baizik. Seinale ona?

Oso seinale ona. Lidergoa erakutsi nahi duen seinale da. Bihotzarekin erantzun beharrean, buruarekin erantzun du Raxoi jaunak. Lider onaren seinale da hori.Itxaropena ematen du.

Galde diezazuket Mariano Raxoirekin edo PPko buruzagitzako beste inorekin harreman zuzenik baduzun?

Ez dut harremanik. PPk behin eta berriro uko egin dio nirekin edo Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin batzartzeari. Espero dut jarrera hori aldatzea, baldin eta bake prozesuko ekimenetan esku hartzen baldin badut.

Tony Blairrek, The New York Times-en argitaratuko iritzi artikuluan, esan du Espainiako eta Frantziako gobernuen eta ETAren arteko elkarrizketak beharrezkoak direla. Nire interpretazioan, Espainiako Gobernuaren adostasunik gabe ez luke halakorik esango. Zuzena da irakurketa?

Uste dut zure interpretazioa zuzena dela. Gainera, nire eskarmentuan oinarrituta esan dezaket konferentzian parte hartu zuen jendearen mailako jendeak parte hartzeak eta beraiek [PSOE] parte hartzeko borondatea izateak erakusten duela konferentziakEspainiako Gobernuaren bedeinkazioa zuela.

Beraz, Blairrek ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketak eskatu baditu, Espainiako Gobernua ados dagoela pentsa dezakegu.

Bai, hori esaten ari naiz. Eta konferentziako eskaerak, sei pertsona ezagun horiengandik datozenez, nekez arbuiatuko dituztela uste dut. Horregatik naiz baikor.

Nicolas Sarkozyren alderdikide bat, Max Brisson, Aieten izan zen, eta Sarkozyk berak Espainiako Gobernuari babesa agertu dio. Zer irakurketa egiten duzu?

Oso positiboa. Uste dut Frantziako Gobernuak antzeko onespena eman ziola konferentziari. Uste dut Pierre Joxek ez lukeela parte hartu zuen moduan eta mailan parte hartuko ez balu jakingo Espainiako Gobernua ados zegoela. Eta Espainiari buruz diodan berbera diot Frantziari buruz, Sarkozyk bere adierazpenean esan duena esan duenez.

Uste duzu nazioarteko pertsona ezagunak dagoeneko eragiten ari direla Espainiako Gobernuaren jarreran eta eragin egingo dutela Espainiako Gobernu berriaren jokabidean ere?

Politika da. Errekonozimendu publikoa dago orain: konpondu beharreko gatazka politikoa dago. Ez baduzu onartzen gatazka politikoa duzula, ezin duzu konpondu. Ez nago ziur nazioarteko komunitateak konbentzitu ote duen Espainiako Gobernua horretaz, baina orain onarpen hori dago. Gatazka politikoari ere aurre egin behar zaio, [konferentziaren] agiriak hori ere jasotzen du. Onartua dago gatazka politikoa alderdien arteko elkarrizketen bidez konpondu behar dela eta nazioarteko eragileek lagun dezaketela.

Lokarriren ekarpenaz zer esango zenuke?

Oso ekarpen baliagarria izan da. Lokarri gabe, ez nintzatekeen gauza izango egin dudan lana egiteko, zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.