Etapa berria prestatzen

Funosasek eta Berhokoirigoinek baldintzapeko askatasuna jo dute «oztopotzat», eta bestelako formulak eskatu dituzte. Justizia trantsizionalaren mekanismoak landu ahal izatea aldarrikatu dute

Teresa Toda Foro Sozialeko ordezkaria —moderatzailea—, Mixel Berhokoirigoin bakegilea, eta Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak oraintxe dela bi urte iragarri zuen euskal presoak Euskal Herri inguruko espetxeetara lekualdatzen hasiko zela, eta, geroztik, burutua du prozesu hori, emakume presoena salbu —Pirinio Atlantikoetan ez dago haientzako modulurik—. Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Justizia Ministerioak 2017ko udazkenean eratutako mahaiko elkarrizketei erantzun die gerturatze prozesuak —Mont-de-Marsango eta Lannemezango kartzeletara (Okzitania) eraman dituzte euskal presoak—, eta, Parisek DPS estatus ugari ere kendu dituenez, horretaz balorazio ona egin dute Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak eta Mixel Berhokoirigoin bakegileak Donostian, Foro Sozial Iraunkorrak antolatutako hitzaldian, eta, orain, gatazkaren ondorioak «konponbide» aroan sartzeko, beste etapa batera pasatu nahi dute. Funosasek esan du, kasuak kasu, ordezkaritzak «itxitzat» ematen dituela hurbilketen eta DPSen aferak, eta gaur-gaurkoz «oztopoa» presoen baldintzapeko askatasunarena dela, fiskaltza eragozten ari delako auzitegietan. «Iparraldeak definitu behar du zer den etapa berri hori», Funosasen esanetan, eta nabarmendu du «berriz ere karrikara» aterako direla. Hurrengo ekitaldia, datorren larunbatean, Baionako manifestazioa (15:00).

Berhokoirigoinek adierazi du bake prozesu guztietan egon direla formulak presoak denbora luzez ez egoteko espetxean, eta euskal ordezkaritzak horretaz aritu nahi dutela Frantziako Estatuarekin. «Justizia trantsizionalaren mekanismoak nahi ditugu landu. Egin behar da ariketa bat biktimak aitortzeko eta, ahal bada,erreparatzeko, baina baita presoak presondegitik ateratzeko ere». Funosasek gehitu du fase berri horrek «arriskatze politiko berri bat» ekarri behar duela, eta ETAren armagabetze prozesuko garaiarekin alderatu du gaurkoa. Gizarte zibilaren inplikazioarekin burutu zen desarmatzea duela hiru urteko apirilean.

Bake Bideko presidenteak azaldu du nola lortu zuten Frantziako Justizia Ministerioarekin elkarrizketa esparrua eratzea: Aieteko Konferentziaz (2011) geroztik egindako lana Iparraldean, Baionako adierazpena (2014), Luhusoko armagabetze saioa (2016), ETAren desarmatze zibila (2017)... «Armagabetze prozesuak utzitako fruitua elkarrizketa barneratzailea izan da», esan du, eta azpimarratu «motorra, jendartea» izan dela. Horren barruan kokatu du Parisen 2017ko abenduan egindako martxa.

Funosasek aipatu du EPPKrekin komunikazio mekanismoa zabaltzea lortu zutela, eta denek ere adostu zutela bidea legearen barnean egitea, baina aitortu du izan direla gorabeherak, eta, gainera, «[ETAren] biktima elkarte batzuen beto eskubidearen faktorea» ere sartu zela. Hala, euskal ordezkaritzak eten egin zuen elkarrizketa 2018 bukaeran, eta berriro kalera atera ziren. Lortu zuten bideari ekitea berriz ere. Funosasek aipatu bezala, berriro mugiarazi nahi dute egoera, «estatua ez baita ari jartzen historiaren neurrian, eta ez du kudeaketa politiko bat egiten».

Lan moldeaz

Ipar Euskal Herriko lan moldeaz eta kultura politikoaz pedagogia ere egin dute hitzaldian. «Gure metodologia jende ezberdinen arteko transbertsaltasunean oinarritzen da, aniztasunean», azaldu du Berhokoirigoinek. «Elkarrekin egiten dugun urrats batek posible egiten du hurrengoa elkarrekin egitea. Hori izan da gure metodoa Iparraldearen instituzionalizazioan, Laborantza Ganberan eta orain bake prozesuan». Hala ere, Koldo Mitxelena kulturuneko solasaldian ohartarazi du ez dutela lan molde hori «mitifikatu» nahi. «Esperientzia bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.