Parisko Zigor Auzitegiko epaileak ebatzi du ezin dela frogatu 2003an eta 2005ean Egoitz Urrutikoetxea ETAko kidea izan zela. Bi urteko presondegi zigorra eman dio; hala ere, betetzeko beharrik gabe. Epailearen iritziz, frogatua gelditu da Urrutikoetxeak ETArekiko sinpatia zuela, eta garai hartan etakideekin harremanean izan zela. Elementu horiek aski izan zaizkio gaizkile elkarteko kide izateagatik errudun jotzeko. Zigorrak ezartzeko epailearekin izanen du zita orain Urrutikoetxeak; haren deialdietara joan beharko du urte batez, eta lanean edo ikasten ari dela frogatu beharko du. Azkenik, Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan ez sartzea erabaki du epaileak.
Ez ulertzea eragin lezake epaitegiaren erabakiak. Hain zuzen ere, Urrutikoetxea ETAko kide izan ez bazen, zer erakundetako kide izateagatik ebatzi dute gaizkile elkarteko kide izan zela? «Nik ere ez dut ulertzen», erantzun du, ironiaz, Laurent Pasquet-Marinecci defentsako abokatuak. «Epaitegiak erran du ezin dela frogatutzat eman garai batean ETAko kide izan zela; beraz, judizialki ez da ETAko kidea. Baina, akusazioen garaian erakunde armatuarekiko sinpatia zuela ebatzi du epaileak, eta ETAko kideekin eta arduradunekin harremanean egon zela. Hori da argumentua gaizkile elkarteko kide izan zela errateko», esplikatu du. «Biziki analisi arriskutsua da. Edozein gehiegikeriari atea irekitzen dio; ez gara pentsamenduaren poliziatik urrun. Ideologia da».
Adibide bat eman du: «Demagun kazetari bat, edo ikerlari bat, erakunde armatu batetiko sinpatia duena, eta erakunde horretako kide batzuekin harremanean dena. Erabaki honen arabera, gaizkile elkarteko kide izateagatik zigortzen ahalko lukete». Sinpatiarena «biziki nozio lausoa» dela azpimarratu du. «Egoitz Urrutikoetxea ez dute zigortu egin duenagatik, izan denagatik baizik», ondorioztatu du. Bide beretik jo du Urrutikoetxeak berak ere, eta «kezkagarria» dela erran du: «Bide bat ireki dute». Hala ere, erabaki «baikorra» iruditu zaio, prokuradorearen eskaria erdira jautsi duelako epaileak, eta ez dutelako Fijaiten sartu.
Aieteko Adierazpenaren hamargarren urteurrenean Urrutikoetxearenaren gisako auziek bere horretan segitzea deitoratu du EH Baik. «Haren aurka diren prozedura judizial guziak bertan behera gera daitezen eskatzen dugu», adierazi dute.
Joan den urriaren 8an eta 9an epaitu zuten Urrutikoetxea, 2003 eta 2005 artean ETAko kide izatea eta «helburu terroristak» zituen gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta.
ETAko kidea ez zela izan ebatzi arren, zigortu egin dute Egoitz Urrutikoetxea
Bi urteko presondegi zigorra ezarri dio Parisko Zigor Auzitegiak, betetzeko beharrik gabe, eta ez dute izendatu Fijait txostenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu