2005etik Genevan (Suitza) abiatuko zen elkarrizketa saioa prestatzen aritu zela erran du Egoitz Urrutikoetxeak, baina ez zela sekula ETAko kide izan. Atzo eta gaur epaitzen ari dira Parisko Zigor Auzitegian, 2003an eta 2005ean ETAko kide izatea leporatuta. 2006an Euskal Herria utzi-eta izandako ibilbideaz xehetasunak eman ditu, eta bere belaunaldikoek txikitatik izan duten gatazkaren bizipenen kontakizun gordina egin du. Bortizkeriaren zirkulu zikoitzak bi aldeei «sufrimenduaren sentsibilitatea» galarazi ziela erran, eta «mendekuan eta gorrotoan» oinarritutako logikatik ateratzeko beharra azaleratu du. «Urte gehiegi galdu dugu, sufrimendu gehiegi egon da. Eta dolu dut; zinez dolu dut».
2015eko urriaren 7an atxilotu zuten Urrutikoetxea, Parisen. ETAren «aparatu politikoko arduradun garrantzitsutzat» jo zuten, baina, «ikerketa iturriak» aipatuta, ordurako ETArekin loturarik ez zuela erran zuen Ser irratiak. Poliziaren arabera, 2003tik zegoen ihes eginda. Parisko Fresnes presondegian egon ondoren, azaroaren 13an utzi zuten aske. BERRIAri orduan azaldu zion 2009tik gutxienez publikoki eta bere izen-abizenekin bizi zela.
2003an eta 2005ean ETAko kideen kontra izandako bi atxiloketatan oinarritzen dira Urrutikoetxearen kontrako bi prozedurak. Haren hatz markak aurkitu zituzten egunkari batean eta astekari batean. Josu Urrutikoetxearen zaku bat ere aurkitu zuten aita-semeen DNA aztarnekin.
Horrez gain, Frantziako Poliziak egindako txosten batean, 2003ko udatik sasian zegoela zioten txosten hura idatzi zuen polizia gaur deklaratzekoa da, defentsak deituta. Elementu horietan oinarritzen dira garai hartan ETAko kidea zela errateko.
Epailearen galderei erantzunez, azalpenak eman ditu, behin eta berriz azpimarratuz ez dela «sekula» egon etxe horietan, eta aipatutako etakideak ez dituela ezagutzen. Josu Urrutikoetxearen semea dela oroitarazi du, eta garai hartan anitzetan elkartu zela harekin. Hitzorduetara beste pertsona batzuek eraman izan zutela eta bidaia horietako batean utzitako aztarnak izan daitezkeela erran du.
«Gure belaunaldia»
Gatazkaren «ikuspegi manikeotik» atera beharra aipatu du Urrutikoetxeak. «Gure belaunaldiak bortizkeria handiz bizi izan du gatazka». Hunkituta kontatu du txikia zela Espainiako zerbitzuek saiakera egin zutela aitaren autoan lehergai bat ezartzeko. «Biharamunean, aitak pediatrarenera lagundu behar gintuen, arreba, ama, osaba eta ni. Mertzenarioak autoa manipulatzen ari zirela, autoa lehertu zen. Bat hil zen; besteak atxilotuak izan ziren», azaldu du. «Kolpea huts egin izan ez balute, ez nintzen hemen egongo», ohartarazi dio gerora epaileari. «Testuinguru horretan handitu gara. Ez dugu hautatu: pairatu dugu». Azaldu du eskolara joan aitzin auto azpian begiratzen zutela. «Ez zen Beirut: Euskal Herria zen». Frantziako Gobernuak izan zuen parte hartzea argitu beharko litzatekeela iradoki du. «Gure belaunaldiak egoera hori bizi izan du. Eta gure ardura eta betebeharra zen mendeku eta gorroto logika horretatik ateratzea».
2000ko urteetatik aitzina borroka armatuaz zuen iritziaz galdetuta, behin eta berriz errepikatu du ez duela zalantzan jartzen ETAk eragindako mina, baina «bi aldeetan» galdua zela sufrimenduarekiko sentsibilitatea. «Nik ere izan nituen heriotza mehatxuak 2001ean». Mugimenduan eta inguruan zeuden jende anitzek zuten ikuspegia zen, haren ustez, «ezin zela horrela jarraitu». Bortizkeriaren espirala bukatzea beharrezkoa zela erran du. «Ezagutzen duzu gatazka bat egun batetik bestera mundu guziak beste zerbaitetara pasatzea erabakitzen duena? Ez da existitzen. Denbora eskatzen du, lana; erakundean eta erakundetik kanpo. Nik horretan parte hartu dut». Parte guziak konbentzitzeko lan egin behar zela erran du; «baita parean zeuden autoritateak ondorio beretara iristeko ere». Batasunako arduradun zelarik aitaren eskariz, lan horretan aritu zen, 2005eko negoziazioen aukera sortzeko.
Alpeetara bizitzera
2003ko udatik ETAko kide gisa sasian sartu zela dio garai batean egindako polizia txostenak, eta hori publikatu izan dute prentsan ere. Elementu hori erabat ukatu du Urrutikoetxeak auzitegian, etaKoldo Gorostiaga eurodiputatuaren idazkari gisa eta 2005eko udazkenera arte Batasunan egiten zuen lan publikoa aipatu du. «Garai hartan, Euskal Herriarekin distantzia hartzea erabaki nuen». Azaldu duenez, «desadostasunak» zituen negoziazioei buruzko erabakiekin. Era berean, abokatuen bidez jakin zuen Frantziako justizia bera ikertzen ari zela. «Alpeetara bizitzera joatea erabaki nuen, eta han bizi izan nintzen urte batzuez».
2009tik aitzina bere emaztea batu zitzaion, eta haren izenean alokatu zuten etxea. Haurrak izan zituzten, eta bere izenean erregistratu zituen Egoitz Urrutikoetxeak. Goi mendietako aterpetxe batean lan egiten zuen, eta jendarmeekin harremanean zen erregularki, nahiz eta haiek ez jakin bera nor zen. «Horregatik aipatzen nuen kontakizun manikeoa. Garai hartan ez nuen konfiantzarik Frantziako justizian, baina ez nintzen klandestinitatean. Filiazio bat leporatzen zitzaidala iruditzen zitzaidan». 2014tik aitzina Parisera joatea erabaki zuen, erabat publikoki, ihesean zegoela erranez eraikitzen ari ziren kontakizunari aurre egiteko.
Epaiketa atxilotu eta sei urtera egiteak dakarren «itxarote luzea»azpimarratu du: «Kartzela zigor bat gogorra da, baina Damoklesen ezpata batekin bizitzea, familia bat duzularik...»
ETAko kide izan zela ukatu du Egoitz Urrutikoetxeak
Azalpenak eman ditu Euskal Herritik «distantzia hartu» ondotik eginiko bideaz. «Aitaren eskariz» 2005eko negoziazioak prestatzen aritu zela erran du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu