Egoitz Urrutikoetxearen aurkako epaiketa hasi da gaur Parisko Zigor Auzitegian. 2003 eta 2005ean ETAko kide izatea leporatzen diote, eta ETAko kideekin harremanetan egotea. Epailearen eta prokuradorearen galderei erantzunez, 2005etik aitzina Genevan (Suitza) abiatuko zen elkarrizketa saioa prestatzen aritu zela erran du, baina ez zela sekula ETA erakundeko kide izan. 2006tik aitzina, Euskal Herria utzi ondotik izandako ibilbideaz xehetasunak eman ditu, eta bere belaunaldikoek txikitatik izan duten gatazkaren bizipenen kontakizun gordina egin du. Bortizkeriaren zirkulu zikoitzak bi aldeei «sufrimenduaren sentsibilitatea» galarazi ziela adierazi du, eta «mendekuan eta gorrotoan» oinarritutako logikatik ateratzeko beharra azaleratu du. «Urte gehiegi galdu dugu, sufrimendu gehiegi egon da. Eta dolu dut; zinez dolu dut».
Egoitz Urrutikoetxeari galdeketa egin ondotik, lekukoen txanda izanen da. Sophie Wahnich-ek, Urrutikoetxea prestatzen ari den doktoretza tesiaren zuzendariak, eta Josu Urrutikoetxea auzipetuaren aitak mintzatu behar dute gaur. Biharko saioan, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria eta Monique Elgoihen Lexantzüko (Zuberoa) auzapeza mintzatuko dira. Baita Alain Tellier Frantziako Polizia ohia ere, bideokonferentziaz. Hark idatzi zuen Urrutikoetxea 2003an sasira sartu zela. Datu garrantzitsua da hori. Okerrik ezean, lehen aldia izanen da ETAri lotutako afera batean Frantziako polizia bat lekuko gisa deklaratzera datorrela, defentsako abokatuek deituta. Ikusteko dago zer adierazpen eginen dituen.
2015eko urriaren 7an atxilotu zuten Urrutikoetxea, Parisen. ETAren «aparatu politikoko arduradun garrantzitsutzat» jo zuen Espainiako Barne Ministerioak, baina, «ikerketa iturriak» aipatuta, ordurako ETArekin loturarik ez zuela erran zuen Ser irratiak. Poliziaren arabera, 2003tik zegoen ihes eginda Urrutikoetxea. Parisko Fresnes presondegian aste batzuk pasatu ondoren, azaroaren 13an utzi zuten aske, eta Euskal Herrira itzuli zen. BERRIAri orduan azaldu zion 2009tik gutxienez publikoki eta bere izen-abizenekin bizi zela.
2003an eta 2005ean ETAko kideen kontra izandako bi atxiloketatan oinarritzen dira Egoitz Urrutikoetxearen kontrako bi prozedurak. Lehenengoan, haren hatz markak aurkitu zituzten Gara egunkari batean; bigarrenean, gauza bera, Pyrenees Magazine astekari batean. Josu Urrutikoetxearen zaku bat ere aurkitu zuten bigarren operazioan; familiako argazkiak, dokumentu politikoak eta gatazkaren konponbideari lotutako dokumentuak zeuden bertan, eta, oihal batean, Urrutikoetxea aita-semeen DNA aztarnak ere bai.
Horrez gain, bere garaian Frantziako Poliziak egindako txosten bat ere sartu dute prozeduran, 2003ko udatik Egoitz Urrutikoetxea sasian zegoela zioena. Bi elementu horietan oinarritzen dira garai hartan ETAko kidea zela errateko. Alta, Koldo Gorostiaga Euskal Herritarrok-eko eurodiputatuaren idazkari gisa jardun zuen 2004ko urtearen bukaera arte, eta Herritarren Zerrenda hautagaitzaren hauteskunde kanpainako Ipar Euskal Herriko koordinatzailea izan zen, erabat jardun publikoa eginez. Txostena idatzi zuen poliziarekin konfrontazioa eskatu zuten Urrutikoetxearen abokatuek, baina instrukzio epaileak ez zuen onartu.
Elementu horietatik ateratzen duten ondorioa da 2005ean hasiko ziren Genevako (Suitza) negoziazioen prestaketan ari zirela. Josu Urrutikoetxea ere epaitu beharra dute afera beragatik, baina haren kontrako prozedura instrukzio fasera itzultzea erabaki zuen Parisko Dei Auzitegiko epaileak joan den irailaren 13an. Josu Urrutikoetxearen kasuan bezala, Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce ari dira Egoitz Urrutikoetxearen defentsa eramaten.
Epailearen galderei erantzunez, Urrutikoetxeak azalpenak eman ditu 2003koaz: «Ez naiz inoiz egon etxebizitza horretan, ez dut sekula harremanik izan pertsona horiekin». Gara gunkariaren milaka ale saltzen direla erran du, eta Baionako taberna anitzetan aurki daitekeela. Esan duenez, baliteke berak irakurritako egunkari baten alea atxilotuen eskuetan gelditu izana, edo aitarekin izandako topaketa batean hari utzi izana. 2005ekoari buruz ere ukatu egin du etxebizitza eta ibilgailu hartan inoiz egon izana. «Nola iritsi dira nire aztarnak horra? Batasunako arduraduna nintzen, eta Koldo Gorostiagaren eurodiputatuaren idazkaria». Hori dela eta, asko bidaiatzen zuen, eta negoziazioaren eszenatokia lantzen aritu zela esplikatu du..
Josu Urrutikoetxearen semea dela oroitarazi du, eta garai hartan anitzetan elkartu zela harekin. Hitzorduetara joateko, aitarengana iristeko, beste pertsona batzuek eraman izan zutela erran du, eta bidaia horietako batean utzitako aztarnak izan daitezkeela. Epaileak galdetu dio ea zein zen bere «aitaren egoera» garai hartan. Urrutikoetxea: «Ez dakit zehazki zer egoeratan zen. Badakit ETAko militantea zela, eta Justiziaren aurrean ez agertzea erabaki zuela. Badakit, halaber, gatazkari konponbidea emateko engaiatua zela». Behin eta berriz esan du garai hartan aita klandestinitatean bizi zela, eta «sarri» elkartu izan zela harekin. Azaldu du bere ekarpena egin zuela, aitaren eskariz, gatazkaren konponbide prozesuan aitzinatzeko.
«Ez zen Beirut: Euskal Herria zen»
Gatazkaren ikuspegi manikeotik ateratzeko beharra aipatu du Urrutikoetxeak. «Gure belaunaldiak bortizkeria handiz bizi izan du gatazka». Hunkituta kontatu du txikia zela Espainiako zerbitzuek saiakera egin zutela aitaren autoan lehergai bat ezartzeko. «Biharamunean, aitak pediatrarenera lagundu behar gintuen, arreba, ama, osaba eta ni. Mertzenarioak autoa manipulatzen ari zirela, autoa lehertu zen. Bat hil zen, besteak atxilotuak izan ziren», azaldu du.
«Testuinguru horretan handitu gara. Ez dugu hautatu, pairatu dugu». Azaldu du eskolara joan aitzin auto azpian begiratzen zutela. «Ez zen Beirut: Euskal Herria zen». Horretan Frantziako Gobernuak izan zuen parte hartzea argitu beharko litzatekeela nabarmendu du. «Gure belaunaldiak egoera hori bizi izan du. Eta gure ardura eta betebeharra zen mendeku eta gorroto logika horretatik ateratzea». Bera ahalegin horretan aritu dela adierazi du.
Horrela, adierazi duenez, Batasunako arduradun politikoa zelarik aitari lagundu zion 2005eko negoziazioen aukera sortzen. Adibide bat eman du: aitak eskatu ziola laguntzeko Espainiako Gobernuarekin harremana sortzen. Apez baten bidez, Frantziako Alderdi Sozialistarekin harremana lotu zuela, haiek Espainiako autoritateekin lotura egiteko.
Alpeetara bizitzera
Batasunan zer kargu zuen galdetu dio epaileak. Kanpaina politikoak eta hauteskunde kanpainak aipatu ditu: «Garai hartan denek zekiten zertan ari nintzen. Polizia guztiak zekien», adierazi du. «Prentsan irakurri dut 2003tik klandestinitatean bizitzea leporatzen didatela», erran du, harriduraz. Bere hitzetan, ez zen hala izan. Azaldu du 2005eko udazkena ala 2006. urtearen hasiera arte aritu zela Batasunan. «Garai hartan, Euskal Herriarekin distantzia hartzea erabaki nuen». Azaldu duenez, «desadostasunak» zituen negoziazioei buruzko erabakiekin. Era berean, abokatuen bidez jakin zuen Frantziako Justizia bera ikertzen ari zela. «Alpeetara bizitzera joatea erabaki nuen, eta han bizi izan nintzen urte batzuez».
Alpeetara 2006an iritsi zela erran du, eta han lanbide batean baino gehiagotan aritu zela. Bere ardura politikoak zirela-eta Savoiako militante batzuekin harremana egina zuen, eta haien bidez iritsi zen hara. Jatetxe batean aritu zen lanean, besteak beste. Aterpetxe bateko zaindari gisa ere aritu zen lanean. «Justiziaren aitzinera agertu gabe bizi nintzen, baina ez nengoen klandestinitatean».
2008an, bikotekidea ere Alpeetara bizitzera joan zen, eta etxebizitza emaztearen izenean alokatu zuten. «Informazio zerbitzu guziek zekiten nire emaztea zela». 2009ko uztailean, haurrak izan zituzten. Segipen guzia erietxean eta emaztearen izenean egin zuten; hitzordu guzietan han zegoen Egoitz Urrutikoetxea. Berak erregistratu zituen haurrak herriko etxean. «Horregatik aipatzen nuen kontakizun manikeoa. Garai hartan ez nuen konfiantzarik Frantziako Justizian, baina ez nintzen klandestinitatean. Filiazio bat leporatzen zitzaidala iruditzen zitzaidan».
2002 inguruan, bere autoan GPS bidez jarraipena egiteko gailu bat aurkitu ondotik, informazio zerbitzuetako agente bat zanpatzeagatik epaitu eta zigortu zutela kontatu du. «Prozeduran, zanpatua izan zen agenteak deklaratu zuen 'Egoitz Urrutikoetxea izan balitz ezagutuko zuela'. Epaiketa aitzin askatu ninduten». Kartzelara bidean beste polizia batek errandakoa oroitarazi du: «Badakit ez zarela zu, baina badakizu nor izan den». Frantziako Justiziarekiko mesfidantza esplikatu nahi izan du oroitzapen horrekin. Prokuradoreak galdetu dio: «Momentu bakar batean ez zenuen desmartxa aktiborik izan komisaria batera joateko? Mesfidantzagatik bakarrik?». Urrutikoetxeak erantzun dio ez duela «segundo bakar batean ere sinetsi informazio zerbitzuek ez zekitela Alpeetan bizi nintzela».
Epaiketa atxilotu eta sei urtera egitea azpimarratu du: «Prozedurak hain gaizki josiak ziren dena instrukziora itzuli zela. Espero dut kontuan hartuko duzuela, Euskal Herrian bizi dugun horren testuinguruarekin batera»