Erakundeetako ordezkaritza zabala bertan zela ireki dute ‘Rolando 2:15 2:45. 50 urte ETAren lehen sarraskitik’ izeneko erakusketa, gaur, Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko arduradun nagusiak zeuden bertan, Maria Jesus San Jose sailburua buru. Baita Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritza, Bizkaiko Foru Aldundikoak eta Bilboko Udalekoak ere. ETAk 1974an egindako atentatu hartan hamahiru pertsona hil ziren, eta dozenaka zauritu.
Alicia Gomez Cuadradok hartu du hitza erakusketaren irekiera ekitaldian, Francisco Gomez Vaquero Madrilgo Rolando kafetegiko sukaldiaren alabak. Gomez Vaquero atentatuan hil zen. Atentatu hartako biktimek «jasan duten utzikeria» salatu du Gomez Cuadradok. Ildo horretan, erakusketa «memoriarako babes bat» dela esan du, «eta ahanzturaren kontrako erresistentzia». Eskertu egin du erakusketan egindako ikerketa lana: «Gertatu zena argitzen du, eta opari bat da niretzat eta biktima guztientzat».
Biktimen senideek hitza hartu aurretik, San Josek berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak memoria sustatzeko duen konpromisoa, «memoria bat dibertsitatea, ezberdintasuna, aniztasuna eta gizarte demokratikoak eraikitzen dituzten oinarrizko balioak sustatzen dituena, gorrotoari, ezberdinari eta uniformitate kulturalari pasatzen ez uzteko». Dei egin du «gizarteari hainbeste min egin dioten heroi eta traidoreen errelato zaharrak baztertzera».
Rolandoko atentatua nork egin zuen aitortzeko prozesua nahasia izan zen, eta hasieran ez zuen ETAk bere gain hartu. Milien eta polimilien arteko zatiketa betean izan zen. 2018an, ETAren azken Zutabe aldizkarian, ibilbide osoko atentatuen egiletzaren atalean, Rolandoko kafetegikoa ere bere gain hartu zuen. «Guk egin bagenuen eta orduko zuzendaritzak ez bazuen bere egin, ETAk bi akats egin zituen: lehena, bonba jartzen; bigarrena, bere gain ez hartzen».