ETAk Euskal Herriari eta nazioarteko komunitateari jakinarazi nahi die jadanik erakunde armagabea dela, kontrolpean zituen armak eta lehergailuak gizarte zibilaren esku baitaude dagoeneko". Une historiko horri erantzunez, BERRIAk zuzeneko telebista saioa egin du armagabetzearen nondik norakoak azaltzeko eguerdian. ETAren agiriaren berri bart gauerdian eman du BBCk. Horrela dio ETAk Erresuma Batuko telebista kateari bidalitako agiriak.
"Ibilbide gogorra eta zaila izan da, Espainiako eta Frantziako estatuek ahal bezain beste oztopo jarri dituztelako, garaituen eta garaileen eskeman tematuta, bide polizialean gotortuta", dio ETAk.
Apirilaren 7ko eguna du agiriak. ETAk azaldu du "usteltzeko bidean zegoen blokeo egoera askatzeko ekarpen erabakigarria" egin duela gizarte zibilak, "armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa" bere gain hartuta: "Nabarmendu behar da, halaber, armagabetze prozesu honek euskal erakundeen aldetik jaso duen babesa".
Hala ere, ohartarazi du prozesua ez dela amaitu, eta larunbatean izango dela "armagabetzearen eguna": "Horregatik oraindik ohartarazi behar dugu bakearen etsaien erasoaldiak jasan ditzakeela. Bihar, armagabetzearen alde, Baionako hirian bilduko diren milaka eta milaka herritarrak dira aurrerabidean segitzeko berme bakarra".
"Euskal Herriaren alde egiteko hartu genituen armak eta Euskal Herriaren esku utzi ditugu orain, gure herrian bakea eta askatasuna lortzeko bidean urratsak egiten segitzeko, konponbidearen agendan aurrera egiteko konpromisoak hartu behar direlako", amaitu du ETAk.
BBCk eman du ETAren armagabetzearen albistea. 2011ko urriaren 20an ere, Erresuma Batuko hedabide hori izan zen ETAk jardun armatua behin betiko uzteko erabakiaren berri eman zuenetako bat. 2014an ere, egiaztatzaileek baieztatu zutenean ETA armategia indargabetzen hasia zela, BBCk argitaratu zituen irudiok.
Eta Basque militants tell BBC they will disarm fully on 8 April https://t.co/PuBgM3Ti0c
— BBC News (World) (@BBCWorld) 2017(e)ko apirilak 6
Ekinbidea, Baionan
Martxoaren 17an jakinarazi zuen Jean Noel Etxeberri Txetx-ek ETAren desarmatzea apirilaren 8rako gauzatuko zela. Harrezkero, datorren larunbateko egitaraura begira egon dira erakundeak, eragile politiko, sindikal eta sozialak nahiz gizarte zibila.
Goizean goizetik egingo dira bihar Baionan ETAren armagabetzerako agerraldiak eta beste ekinbideak. ETAren armagabetzeari buruzko agerraldi instituzional bat izango da Baionan, eta Euskal Elkargoak batzarrera deitu du 09:00etarako. 15:00etan egingo da bakearen artisauek aurkeztutako egitarauko ekitaldi publiko nagusia: elkarretaratzea, Paul Bert plazan, Baiona Ttipian —San Andres plaza ere esaten zaion horretan—.
Asteotan, modu batera edo bestera, Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta instituzionalaren babesa jaso du armagabetzeak. Ostegunean, esaterako, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, PPk salbu, babestu dute ETAren desarmatzea "alde bakarrekoa, osoa, behin betikoa eta egiaztatua" izatea, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei dei egin diete prozesua bururaino eramaten lagun dezaten.
Ostegunean bertan, Frantziako Estatuko hainbat lagunek eta eragilek babestu zuten desarmatze prozesua; tartean, NPA eta EELV alderdiak, CNT sindikatua, Giza Eskubideen Liga, Ruptures sare feminista... Henri Leclerc, Jean Pierre Dubois, Jose Bove... Aurretik, bakearen artisauak "milaka" izango zirela adierazi zuten Ipar Euskal Herriko dozenaka lagunek; besteak beste, Miarritzeko eta Hendaiako auzapezek eta Euskal Elkargoko presidenteordeak.
Ia lau hilabete Luhusotik
Abenduaren 16an atera zen argitara ETAren armagabetzea gauzatzeko gizarte zibileko hainbat kidek hasitako bidea, Luhuson (Lapurdi). Mugarri izan zen hura. Iazko urriaren 3an idatzitako eskutitzean, Michel Tubianak, Mixel Berhokoirigoinek eta Jean Noel Etxeberri Txetx-ek esana zioten ETAri "bake prozesua blokeo egoeratik" ateratzeko "armagabetzean engaiatzeko prest" zirela. Horretan ari ziren Luhuson atxilotu zituztenean. Adierazgarriak izan ziren, aske geratu berritan, Berhokoirigoinek BERRIAri egindako hitzak ere: "Erabakia hartu dugu, uste baikenuen garaia zela. Lehen helburua lortua da. (...) Zerbait aldatu da. Bada lehenagoko garaia, eta oraingoa".
Halaber, jarduera armatua behin betiko eteteko erabakiaren berri eman eta bost urte eta erdira gauzatu da ETAren armagabetzea.