Zazpi euskal herritarren aurkako 13/13 makroepaiketak atzo izan zuen jarraipena Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta zazpi guardia zibilek deklaratu zuten, peritu gisa. Guztiek berretsi zuten Arantza Zulueta abokatuak ETArekin izandako ustezko lotura, eta, bertzeak bertze, adierazi zuten ETAk Espainiako Auzitegi Nazionalari buruzko informazioa eskatzen ziola Zuluetari. Amarauna izeneko sare bat koordinatzeko eskaera ere jaso ei zuen ETArengandik.
Zulueta bi ezizenekin lotuta egin zituzten deklaraziook. Izan ere, ustez Zuluetari atzemandako hainbat dokumentutan ezizen horiei zuzentzen zaie ETA, Halboka txostenaren ustezko izenpetzaile diren polizien hitzetan.
Ez dute epaiketa eten
Perituen deklarazioei ekin aurretik epaiketa eteteko eskatu zuen atzo Alfontso Zenon Zuluetaren eta Enparantzaren abokatuak. Izan ere, salatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak uko egin diola CNI Espainiako inteligentzia zerbitzuetako kideek testigu gisa deklaratzeari. Erregu helegite bat jarrita dauka defentsak, eta Zenonek salatu zuen ebatzi gabe dagoela oraindik: «Auzitegiak ahal duen guztia egin beharko luke froga hori ekartzeko». Abokatuaren arabera, hain zuzen, CNIko kideen deklarazioak lotura zuzena dauka aurretiazko gaietan defentsaren abokatuek epaiketa bertan behera uzteko egindako eskaerarekin, eta, beraz, «erabat beharrezkoak» dira testigu gisa. «Dauden aukera guztiak erabili beharko lituzke auzitegiak; bestela, babes judizial eraginkorrerako eskubidea urratuko litzateke», salatu zuen atzo.
Angela Murillo epaileak ez zuen onartu Zenonen eskaera: Jose Perals fiskalari eta AVT akusazio partikularrari kasu eginez, erabaki zuen epaiketarekin aitzinera segitzea, eta erregu helegitea geroago ebaztea, perituen deklarazioen ondotik.
ETAk informazioa eskatzen zion Zuluetari, guardia zibilen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu