Euskal herritarrak bezain denetarikoak dira haien deiturak ere, jatorri ugaritakoak. Abizen askok euskal jatorria dute —euskara dutelako oinarri, bereziki—, baina deitura horiek guztiak ez dira beti euskaraz idazten. «K eta tx idatzita, mesedez», zehaztu behar izango zuten hainbat egoeratan, adibidez, Txurruka abizenekoek —Churruca idatzi dietenean— edo Etxenike deitura dutenek —Echenique jarri dietenean—.
Euskal jatorriko abizenak gaztelaniaren edo frantsesaren grafiaz idatzita egotea «anomalia» bat da, Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kide Mikel Gorrotxategiren ustez: «Anomalia bat da norberak hizkuntza bat erabiltzea, euskara, eta gero gaztelaniaren edo frantsesaren idazteko sistemaren arabera erabiltzea bere deitura. Zeukana itzuli behar diogu euskarari».
Gorrotxategirekin bat dator Miren Segurola UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko koordinatzailea: «Gure hizkuntzak pairatu duen zapalkuntza baten ondorioz daude gaur egun gaztelaniazko grafiaz idatzita. Beraz, gu euskaraz baldin bagara, euskaldunak bagara, eta geure abizenak euskal jatorrikoak baldin badira, logikoena euskaraz egotea izango litzateke».
Biek nabarmendu dute abizenak euskaratzea beste urrats bat dela euskararen normalizazioan. «Euskaratzea garrantzitsua da, norberak kontzientzia hori hartzen duelako: erabaki pertsonal horrek balio handia du», nabarmendu du Segurolak. Dena den, abizenak euskaratzea ez da posible Euskal Herri osoan. Izan ere, Ipar Euskal Herrian legez kanpokoa da. Legezkoa da, ordea, frantses jatorririk ez duten abizenak «frantsestea».
«Zuk abizena euskaratzen baduzu, ez du eragin automatikorik zure senideengan, printzipioz»
MIREN SEGUROLAUEMAko koordinatzailea
Hego Euskal Herrian 1977an legeztatu zuten euskal deiturak eragozpenik gabe idazteko aukera. Hori lortzeko prozesu administratiboa, ordea, luzea eta konplexua zen. 1990eko hamarkadaren bukaeran erraztu egin zuten prozesua, eta gaur egun martxan segitzen du orduan zehaztutako prozedurak.
Segurolak euskal jatorriko abizenak euskaratzeko prozedura azaldu du: «Herritarrak bere herriko udaletxera edo bake epaitegiko erregistro zibilera joan beharko du, dokumentu hauekin: nortasun agiriaren fotokopia bat, jaiotza ziurtagiria, errolda agiria eta, seme-alabarik izanez gero edo ezkonduta egonez gero, baita familia liburua ere. Esan behar du prozedura hori egin nahi duela, eta gero itxaron egin beharko du, aldaketa ziurtagiria iristen zaion arte».
Prozedura «oso erraza» dela nabarmendu du Segurolak, eta doakoak direla. Erregistro zibilean edo udaletxean jasotako agiriak ziurtatzen du abizenaren idazkera berria —euskarazkoa— ofiziala dela. Gero, nortasun agiria edo beste edozein dokumentu ofizial berritzea tokatzean, herritar horrek ziurtagiria aldean eraman beharko du, aldaketa agiri bakoitzean erregistratu dadin.
«Zuk abizena euskaratzen baduzu, ez du eragin automatikorik zure senideengan, printzipioz. Adibidez, orain nire aitak aldatuko balu, niri ez litzaidake aldatuko. Zuk guraso izan aurretik aldatzen baduzu, zure seme-alabek, jaiotzean, ondo idatzia izango dute», zehaztu du Segurolak.
Nola euskaratu
Deiturak ez dira edonola euskaratzen: Euskaltzaindiak esaten du zein den abizen bati dagokion euskarazko idazkera. Erregistro zibilek eta udalek eskura dute Euskal deituren izendegia —Euskaltzaindiak eta Espainiako Justizia Ministerioak batera argitaratutakoa—, eta horren arabera euskaratzen dira abizenak.
«Hor ez dira euskal deitura guztiak agertzen; lagin bat da. Adibidez, ez da agertzen garai hartan euskaltzainburua zen [Jean] Haritxelarren deitura», esan du Gorrotxategik. Berariaz zehaztu gabe baldin badago, Euskaltzaindiari galdetu diezaiekete herritarrek nola idatzi beharko luketen beren abizena.
«Patronimikoak euskaraz 'Lopitz', 'Martinitz' eta 'Ximenitz' dira, eta ez 'Lopez', 'Martinez' eta 'Jimenez'»
MIKEL GORROTXATEGIEuskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kidea
Euskaratzeko, euskal jatorrikoa izan behar du deiturak, Gorrotxategik zehaztu duenez: «Adibidez, Corcuera Arabako deitura da, baina erromantzezko jatorria du, eta ezin da k-rekin eman. Euskal deitura baldin bada, euskaraz eman ahal da. Gero, guk euskaraz nola idatzi behar den jakiteko, ikertzen dugu deitura non jaio den. Adibidez, zure deitura Escoriaza baldin bada, euskaratzea ez da soilik c-ren ordez k ipintzea. Eskoriatza da, tz-rekin, herria bezala».
«Usteak erdi ustel», dioen esaera ere frogatu dute euskaltzainek, Gorrotxategik azaldu duenez: «Sasi-patronimikoak dira aitaren izena daramaten deiturak. Patxi Salaberri euskaltzainak frogatu zuen euskaraz -itz amaiera dutela. Patronimikoak euskaraz Lopitz, Martinitz eta Ximenitz dira, eta ez Lopez, Martinez eta Jimenez. Jatorri erromantzea duten abizenak ezin dira euskaraz idatzi, baina Garcia euskal jatorriko deitura da: Gartzia».