ETAren sortzailea, tinkoa, ezkerrekoa, oso jantzia»: halaxe oroitzen du Itziar Aizpuruak Julen Madariaga ETAko, Herri Batasuneko eta Aralar alderdiko kide izandakoa. «Oso harro zegoen ETAren sorreran parte hartzeaz», nabarmendu du haren kide izandako Arantza Arrutik. Eta hala erran zion Madariagak berak BERRIAri, 2014an Egiari zor autobiografiari buruz egindako elkarrizketan: «Harro nago ETA sortu genuelako, beharrezkoa zelako». 1990eko hamarkadaren hasieran desadostasunak agertu zituen indarkeria erabiltzearekin, Arrutik gogorarazi duenez: «Halako batean ikusi zuen borroka armatua ez zela eraginkorra». 1989an utzi zuen erakunde armatua. «Eta guk ez genuen hori pentsatzen, baina beti egon zen bere tokian, koherente», dio Arrutik. Hala gogoratzen dute ingurukoek ere: desadostasunak izanda ere, adeitsua eta lagunkoia zela, eta hizlari ona. «Printzipioak zituen gizon bat, eta argudio handiz defendatzen zituena», Antoni Batista i Viladrich kazetari katalanaren ustez. Guztiek hartu dute saminez kidearen heriotza, irits zitekeela jakin bazekiten arren. Julen Madariaga Agirre politikari eta ekintzaile historikoa atzo zendu zen, 88 urte zituela. Senperen bizi zen (Lapurdi), eta gaixo zegoen.
Irakurri gehiago: Julen Madariagaren mezua
36ko gerraren ondotik Txilera erbesteratu behar izan zuen familia jeltzale batean jaio zen Madariaga, 1932an, Bilbon. 14 urterekin Euskal Herrira itzuli, eta Zuzenbidea ikasi zuen. Cambridgen egin zen doktore. EAJk Francoren diktadurari buruz zuen jarrerarekin ados ez zeuden gazte haietako bat izan zen, eta alderditik aldendu, eta Ekin taldea sortu zuen. Hortik sortuko zen gero ETA erakundea, 1959. urtean. Garai hartan ezagutu zuen Eneko Irigarai kideak: «Ekinen ginenean, ETA sortu genuenean. Bruselan bizitu ginen elkarrekin, eta gero Aljerian. Eta orain denbora gutxi ere ikusten nuen». Gauza bera nabarmendu du hark ere: «Ideologikoki ez ginen ados gauza askotan, baina adiskidetasuna beti gorde dut berarekin».
1960ko hamarkadaren hasieran joan zen Madariaga Ipar Euskal Herrira, eta Irigarairekin aritu zen —jada han zegoen—. 1963an, Enbata mugimenduak antolatutako Aberri Eguneko ekitaldian parte hartu zuen Itsasun (Lapurdi), eta Gernikako arbolaren altsuma landatu zuten Ximun Haranek eta berak. Oroitarri bat ere ezarri zuten, abertzaletasunaren aldeko adierazpena eginez.
Irigaraik gogoratu du 1964an Baionan epaiketa bat izan zutela biek, pistola bat aurkitu zietelako Miarritzeko bulegoan (Lapurdi): «Lehenengo aldiz nik proposatu nuen ez genuela defentsarik egingo, euskaraz mintzatuko ginela, eta ez genuela onartuko guretzat atzerritarra zen justizia baten mende egotea», oroitu du Irigaraik. «Eta orduan kondenatu gintuzten». Sei hilabeteko kartzela zigorra.
Ez zen izanen Frantziako agintariei uko eginen zieten aldi bakarra, urte berean frantziar administrazioak kanporatu egin baitzituen. Baina ez zioten kasurik egin. Irigaraik argazki bat dauka gordeta, Jatsu Garazin ateratakoa (Nafarroa Beherea): Julen Madariaga bera, Eneko Irigarai eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi ageri dira erretratuan, herriko izenaren seinalearen ondoan. «Kanporatzearen aurka egiteko, argazki bat bidali genuen izparringi guztietara, esanez bai militanteei eta bai jendeari han bizi ginela eta ez genuela Euskaditik alde egingo». Bruselara joan ziren gero, 1965ean, hilabete batzuetarako, eta Aljeriara ondotik, Irigarai eta biak. «Denbora gutxi pasatu zuen Aljerren: urtebete edo. Ez ginen adostu ideologikoki, eta nik garbiki esan nion: 'Edo zu, edo ni, baina bat hemendik sobera dago'. Berak ulertu zuen, eta esan zuen: 'Ni hemendik banoa'». Irigarai han gelditu zen 11 urtez, bertzeak bertze, ETA nazioartean zabaltzeko lanean.
Madariagak Euskal Herrian segitu zuen, eta 1973an Aturri enpresa sortu zuen. Errepresioa ere pairatu zuen: Meliton Manzanas poliziaren torturak ezagutu zituen, eta Frantziako kartzeletan ere egon zen preso. ETAri laguntzeagatik lau urteko presondegi zigorra ezarri zioten 1989an, hamar urtez Ipar Euskal Herrian bizi ahal izateko debekuarekin batera. 1991n kartzelatik atera, eta Bilbora joan zen Txema Monterorekin batera, abokatu. 2006ko ekainean Frantziako Poliziak berriro atxilotu zuen, «ETAren finantza sarearekin» lotura izatea leporatuta. Paris inguruan konfinatu zuen Laurence Le Vert epaileak, baina hilabete batzuk geroago Senperera itzuli ahal izan zen.
Armen alde eta aurka
ETAren hasierako urteetan «etsaiak egiten zuena egitea» defendatzen zuela kontatu zuen Madariagak berak 2014an BERRIAri emandako elkarrizketan: «Arlo kulturalean zerbait egiten genuenean, etsaiaren erantzuna guztiz desproportzionatua zen. Nik uste dut ETAk orduan gauza bakoitza bere momentuan egin zuela, baina ikusiz etsaiaren erantzuna nolakoa zen, fase militarrera guk pentsatu baino askoz lehenago iritsi ginen, egoerak behartuta». 1980ko hamarkadaren bukaerarako indarkeriarekin desadostasunak zituen, ordea, eta 1993an kritika publikoak egiten hasi zen, «barne mailan» ez ziotelako «kasurik» egiten. Batista i Viladrich kazetariaren ustez, funtsean, «ETA hasi eta bukatu» zuen: «Planteamendu politiko eta etiko bat zuen: indarkeria ez dela ona politikoki, eta independentziari kalte egiten ziola».
1995. urtean utzi zuen Herri Batasuna, eta Aralarrekin bat egin zuen gero: hainbat hauteskundetara aurkeztu zen haren zerrendetan. Azken urteetan, berriz, urrundua ibili zen politikaren lehen lerroetatik, 2014an bere autobiografia argitaratu zuen arte.