Eta printzatu dira harkaitzak

Euskal gatazkaren hainbat biktima jarri ditu hizketan Gorka Espiauk bere azken dokumentalean. Atzo eman zuten TV3 Kataluniako telebistan, eta gaur proiektatuko dute Aieteko Jauregian.

Dokumentaleko sei protagonistak, Hernaniko Txillida-Leku museoko Zabalaga baserritik irteten. BERRIA.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Mintzo dira begiak, elkar ezagutzen ez duten pertsonak parez pare jartzen direnean. Hitzik ez, hasieran. Barneko indar batek, baina, hizketan jartzen ditu. Zaila behar du izan elkar ezagutu ez eta, gainera, amildegi batek bananduta bizi izan diren pertsonak elkarrizketan jartzea. Ariketa hori egin du Gorka Espiauk TV3 Kataluniako telebista katearentzat ekoitzi duen azken dokumentalean.

Pluja seca (Euri lehorra) izan zen aurrena; nazioarteko bitartekarien lana jaso zuen bertan. Orain, Parlen els ulls (Begiak mintzo dira) dokumentalean, euskal gatazkaren hainbat biktima jarri ditu hizketan. Biko taldeetan, solaskideak aldatuz, txandakatuz: Rosa Rodero eta Javier Asla ETAren indarkeriaren biktimak, Joxean Agirre ETAko kide izatea leporatuta espetxean hemezortzi urte egindakoa, Tamara Muruetagoiena Esteban Muruetagoiena torturen ondorioz hildako medikuaren alaba, Margarita Robles Espainiako Botere Judizialaren Kontseiluko kidea eta Jon Mirena Landa Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari ohia.

Atzo eman zuten dokumentala, Kataluniako telebista publikoan, audientzia gehien biltzen den ordutegian. Eta, gaur, Donostiako Aieteko Jauregian proiektatuko dute, duela urtebete bertan Nazioarteko Konferentzia egin zela gogoratzeko Lokarrik antolatu duen ekitaldian.

Indarkeriaren amaieraz eta adiskidetzeari buruz mintzo dira dokumentaleko sei protagonistak. Bi egunez izan ziren Hernaniko Zabalaga baserrian, Txillida-Lekun, aurretiazko gidoirik gabe, hizketan. «Esperimentu bat» egin nahi zuen Espiauk, zer gertatuko zen ez zekiela. Hasierako begirada hotz eta zalantzatiak azkar doaz pizten, gerturatzen. Elkarrizketek aurrera egin ahala, agertzen doaz bakoitzaren kontakizunak, naturaltasun osoz eta aurrean dutenarekiko errespetuz. Eta amaieran sortzen da ustekabea. Urrunen diruditen bi pertsonak hurbiltasun pertsonal eta gizatiar indartsu bat azaleratzen dutenean. Orduan mintzo dira begiak, eta printzatzen dira harkaitzak, Jon Sarasuak dokumentalean abesten duen moduan.

Elkarrizketarako guneak

Dokumentalak lehen unetik agerian uzten du zein den Espiauren helburua. Txillidak bere eskulturekin egin antzera, espazio bat ireki nahi du, kontakizun ezberdinak elkar lotu edo gurutzatzeko. Inork inor konbentzitzeko asmorik gabe. Hitz egin. Argitara ekarri indarkeriaren inguruan dauden kontakizunak, bakoitza bere «guettotik» atera dadin. Berriro errepika ez dadin. «Elkarrizketa da bermea».

Hainbat gai jorratzen dituzteprotagonistek: sufrimendua, bizikidetza, presoak, barkamena. Abiapuntu argi batekin abiatzen da dokumentala: gertakari historikoek ez dute kontakizun bakarra, eta euskal gatazkak ere ez du izango. Memoriaren eraikuntza prozesu dinamiko bat dela dio Pierre Hazan Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak. Adostasunek eta desadostasunek osatzen dutela «egia soziala». Eta hori soilik elkarrizketaren bidez eraiki daitekeela. «Orri guztiak irakurri behar dira», dio Agirrek. «Gure gizartean hainbat zauri daude itxi gabe daudenak eta ezagutuak izan daitezen eskatzen ari direnak», Landak. «Ez dadila gerta trantsizioan bezala», Muruetagoienak.

Desadostasunak agertzen dituzte sei solaskideek, bereziki, ETAren bilakaerari buruz mintzo direnean. Adostasunak ere bai, erakunde armatuak bere jardunaren amaieraren arrazoien inguruan. Gizarteak eskatu diolako utzi ditu armak ETAk. Dokumentaleko protagonista guztiak ados daude horrekin.

Baita presoen auzian ere. Margarita Robles Espainiako Botere Judizialeko kideak, adibidez, Zigor Kodea eta Espetxe Legea aldatzeko eskatu du, eta hori egitea politikariei dagokiela nabarmendu. «Haien zelaian dago pilota. Baina politikariek oso uzkur jokatzen dute horrekin; huts egin dutela aitortzea ekarriko lukeelako horrek».

Barkamena da dokumentalean maiz azaltzen den beste kontzeptu bat. Barkamenik ez dutela nahi diote alde bateko zein besteko biktimek. «Ez du ezertan laguntzen», dio Aslak. Min egin izana aitortzea nahi dute alde batekoek zein bestekoek. Roderok: «Gure eskubideen onarpena nahi dugu, eta hau berehala amaitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.