Leher eginda bukatu zuen M-11ko instrukzioa 2006ko udaran Juan del Olmo epaileak (Murtzia, Espainia, 1958), eta Espainiako Auzitegi Nazionala uzteko desiratzen zegoen. Aurretik, 2003an, lehertuta utzi zuen Egunkaria, itxiera aginduta. «Ordura arte oso epaile ezezaguna zen Auzitegi Nazionalean, eta Egunkaria-koarekin izen bat lortu nahiko zuen», dio Eneko Etxeberriak, Egunkaria SAren legeordezkariak. 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuetakoauziaren instrukzioari ere heldu zion ondoren, eta, urte hartako irailean, auzitegian erabaki zuten bi kasu haiek soilik ikertuko zituela. M-11ko instrukzioa bukatu, eta Murtziako Probintzia Auzitegira tokialdatzeko eskatu zuen. Han da 2008ko ekainaz geroztik.
Murtziako Unibertsitatean Zuzenbidea ikasketak bukatu ostean, Euskal Herrian hasi zuen ibilbide profesionala, 1986an, Durangoko Instrukzio Epaitegian (Bizkaia). Besteak beste, Orozkoko krimena aztertzea egokitu zitzaion. Joaquin Gimenez magistratuak sententzian kritikak egin zizkien Ertzaintzari eta Del Olmori: diligentzietan «nahasmena» egon zela, abokaturik gabeko galdeketak egon zirela, lekukoeieskubideen berri ez zietela eman...
Egunkaria-ren auzibideak urteak iraun zuenez, Etxeberria sarri egon zen Del Olmorekin, eta epaileak behin baino gehiagotan aipatu zion Orozkoko kasua. Garai hartan Urkiolan izan zuen auto istripua ere aipatu zion; harrezkero ezkerreko hankatik herren egiten du. Egunkaria auzian egin zuen bezala. «Guardia Zibilak esandako guztia sinetsi zuen», iritzi dio abokatuak. «Auzibidea aurrera zihoan heinean, ohartu zen ez zuela zeri heldu, 'gaiztoren batzuk' bazeudela uste bazuen ere».
1989tik 2000ra artean Murtziako epaitegi batzuetan aritu zen, urtebetean salbu: Auzitegi Nazionalean jardun zuen 1998ko uztailetik 1999ko urrira, Javier Gomez de Liaño ordezkatuz. 2000. urtean itzuli zen hara berriro, ordezkapen lanak egitera, eta 2001ean epaile postu finko bat eman zioten. Guardia Zibila berehala hasi zitzaion Egunkaria-ri buruzko informazioa ematen. 2001eko ekainaren 6an euskalgintzako hogeitaka enpresen inguruko txosten bat jaso zuen Del Olmok, 6. Instrukzio Epaitegiko juje zela. Ikergai zituzten enpresa haiek ETAren dirurik jasotzen ote zuten, edo ETAren dirua zuritzeko erabiltzen ote ziren. Jose Mari Elosua Egunkaria auziko defentsa abokatuak aipatu izan duen moduan, «Guardia Zibilaren asmakerietan oinarrituta», instrukzio epaileak «itsu-itsuan» eman zituen ikerketarako baimenak: diru kontu denen interbentzioak, telefono entzuketak, enpresen Gizarte Segurantza eta Ogasuneko aitorpenak... Sekretupean zegoen guztia. Ez zuten aurkitu nahi zutena.
Epailearen paperak
Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuek beste bide bat hartu zuten: 1990-1993 artean etakide batzuei ustez atzemandako paper batzuk ikertzen hasi, eta Egunkaria SAn jarri zuten begia. 2003ko otsailaren 19an eman zuen Egunkariaixteko agindua, bi egun lehenago R28575H guardia zibilak hala eskatuta, gero 2009-2010eko epaiketan frogatu zenez. Adierazgarria izan zen 2003ko urriko operazioan Joanmari Larrarte atxilotuari galdeketan bi ordu zeramatzala Del Olmok esandakoa: «Larrarte jauna, zuk diozun hori guztia paperetan dago. Baina zer dago paper horien atzean?».
Urte hartako azaroaren 4ko autoan ez zituen zehaztu ustezko delituak eta haien egileak. Espainiako Zigor Kodearen 132. artikuluan oinarritu dira Donostiako Zigor Epaitegia —joan den maiatzean— eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegia —aste honetan— auzi ekonomikoa preskribatutzat jotzeko. 2010eko apirilean, berriz, Auzitegi Nazionalak berak absoluzioa eman zuen Egunkaria-ren itxieraren kasuan, instrukzio epaileari nabarmen kritika eginda: ez zegoen ETArekin loturarik; itxiera konstituzioaren babesik gabea izan zen; itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen; akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak ziren; eta inkomunikazio garaian ez zen kontrol judizialik egon.
Del Olmok ordurako kasik bi urte zeramatzan Murtziako Probintzia Auzitegian, 3. zigor atalean. Laudorio artean egin zion harrera Andres Pacheco auzitegiko presidenteak: «Une pozgarria da hau guretzat. Gauza askorekin dator Madrildik; denak ere, onak eta arrakastatsuak». Pachecok ahaztua zuen Egunkaria-ko triskantza: kazeta itxi eta likidatu, bi operazioetan hemeretzi lagun atxilotu, hamar auzipetu —haietako hiru, bi kasuetan— zazpi torturatu, sei espetxeratu, 700.000 euro bermeetan ordainarazi, 180 langile langabeziara, 50.000 irakurle Egunkaria gabe utzi, auzibidean 500.000 euro inguruko gastua eragin...
Del Olmori harrera egitean, «estatuko sumario judizialik konplexuenaz» ari zen Murtziako auzitegiko nagusia: M-11koaz. «Arrakastarekin burutu zenuen». Bi urteko ikerketaren ondotik, Del Olmok 1.460 orrialdetan bildu zituen 192 lagunen heriotza eragin zuten atentatuen auziaren txostena. Ondorioztatu zuenAl-Qaedak sustatu zuela erasoa, baina erantzulea Marokoko Talde Islamiko Borrokalaria zela. Baztertu egin zuen ETAren erantzukizuna. Tesi haien aldeko epaia atera zen, 2007ko urrian, Javier Gomez Bermudez zela epaimahaiburua, gero Egunkaria-ren epaiketan ardura berean aritu zena.
M-11ri buruzko txostenean ETA tartean sartu ez zuelako, Del Olmok presio handiak jaso zituen Espainiako eskuinetik. Aitortu izan du instrukzio fasean egunean hiru eta bost ordu artean egiten zuela lo, eta bere nahia «oharkabean» pasatzea zela, foku publikotik at. Baina ez zuen lortu, nahiz eta ez den jendaurrean azaltzen den eta elkarrizketak ematen dituen epailea —behin, kazetariak goxatzeko, Espainiako banderaren txapak oparitu zizkien—.
Auzi hartan ikusmena asko galdu zuen, eta ebakuntza egin zioten. 50 urtera iristear zen, eta uste zuen instrukzio epaile izateari uzteko garaia heldu zitzaiola. «Egin beharrekoa egin dut, eta joan behar dudanean noa», esan zion behin El País-eko kazetari bati, Marokon, hitz-aspertu batean. Bere emazte berria Murtzian bizi zenez —hango fiskal bat—, harako destinoa eskatu zuen.
«Bidegabe jokatzen zuen»
«M-11 auziarekin, bukaerarako jota zegoen», esan du Etxeberriak. «Baina gure kasuan ederrak egina zegoen aurretik, eta nik esaten nion ezer ez zegoela». Behin, Egunkaria SAren lege ordezkariari Madrilgo jatetxe-kafetegi batean alboko mahaian tokatu zitzaion bazkaltzen hura: Rio Frion. «Kasu egin zidan; ez zen gutxi. Lanean distantzia handia jartzen zuen tartean; bidegabe jokatzen zuen». Egunkaria ixteko operazioan,hamar atxilotuenak ez ezik, Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe eta Joseba Jakaren kontuak ere blokeatzeko agindu zuen, Ugalde osasunez makal —81 urte zituen— eta beste biak hilda bazeuden ere.
Eta, itxierako hainbat atxilotuk deklarazioan Guardia Zibilaren torturak jaso zituztela azaldu zioten arren, entzungor egin zuen. Martxelo Otamendik, Iñigo Iruin zuela abokatu, Europako Giza Eskubideen Auzitegira eraman zuen tortura salaketa. Estrasburgok arrazoia eman zion, eta Espainiako Erresuma 24.000 euro ordaintzera zigortu zuen, salaketa ez ikertzeagatik. Iruinek zioenez, «kritika zorrotza» egin zion Europak Del Olmori.
2003ko otsail bukaera hartan deklarazioan aurrean zeuzkanak ez zeuden sano, Iñaki Uriak orduko martxoan kartzelatik Egunero-ri erantzun zionez: «Gau osoa auzitegiko kalabozoetan eman nuen, bakarrik, hotzak. Loak hartu ezinik eraman ninduten, goizeko zortziak inguruan, epailearengana». Haren arabera, «galdera guztiek aurreiritzi eta tesi bat zuten: ETAk zuzentzen du Egunkaria, hark ipintzen du zuzendaria, hark finantzatzen du». Atxilotuak gauza bakarra aipatu zion Del Olmori: «Esan nion Egunkaria txikia zela, baina oso egunkari ona dela, eta askotarikoa».
Auzipetuak baldintzapean libre zirela ere gogor aritu zen. Urteroko hitzordua zuenez, Joan Mari Torrealdaik Parisko liburu azokara joateko baimena eskatu zion. 500.000 euroko bermea jarri zion. Baita Otamendiri ere AEBetara lan bidaia bat egiteko. Etxeberria abokatuari, berriz, mehatxu egin zion behin: «Esan zidan baldintzapean aske utziz gero Uriak ihes egiten bazuen, ea haren partez neu sartuko nintzen kartzelara».
Ez da Egunkaria-rena izan ETArekin lotuta jorratu izan duen kasu bakarra. Duela sei urte pasa, mahai gainean izan zituen Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotuen tortura salaketak, Auzitegi Nazionalean zaintzako epaile zegoela. 1998an, Sokoa auziko sumarioa hark itxi zuen. 2001ean, Pepe Rei Ardi Beltza aldizkariko kazetaria kartzelatzeko agindu zuen, mehatxu «terroristak» egin zituelakoan. 2007an, ETAren mintzaide Jon Iurrebasori aurkitu zizkioten berrehun telefono zenbakiren titularrak igorri zizkion Laurence Le Vert Frantziako epaileari.
Artean Auzitegi Nazionalean zela, 2007ko uztailean El Jueves umore astekariaren zenbaki bateko aleak bahitzeko agindu zuen, aldizkariak azalean Felipe Borboiko eta Letizia Ortiz Asturiasko printze-printzesen irudia «iraindu» zuela jota. Sei mila euroko zor batean geratu zen kontua, Jose Maria Vazquez Honrubia epaileak ebatzita.
Genero indarkeria
Murtziako auzitegian dagoenetik, genero indarkeriako kasuetan hartutako erabakiek polemika sortu izan dute. 2011ko kasu batean, ez zitzaion delitu iruditu aurrekari judizialak eta urruntze agindua zituen gizon batek emazteari heriotza mehatxu bat egin izana —hilkutxa batean sartuko zuela esan zuen senarrak—; gizon berak emazteari «puta» deitzea ez zitzaion iraina iruditu. 2010ean, neska-lagunari sudurrean buruko bat eman zion gizon bat absolbitu egin zuen; «eraso arin oro ezin da automatikoki lotu genero indarkeriarekin», zioen Del Olmok.
Bukatu da Egunkaria auzia, zigor epairik jaso gabe. Itxierako kasuan, absoluzioa. «Erabaki judizialak errespetatzen ditut», esan zuen instrukzio epaile izandakoak epaiaren ostean, La Verdad de Murcia egunkarian. Orain auzi ekonomikoan preskripzioa izan da. «Del Olmok pentsatuko du beste garai batzuk zirela haiek, dena ETA zela jotzen zirenak, eta estatu aparatuek berari esleitu ziotela kasua. Erabili egin zutela usteko du, ez gehiago», dio Etxeberriak.
'Egunkaria auzia'. Instrukzio epailea
Eta non da Del Olmo jauna?
Hura izan zen 'Egunkaria auziko' instrukzio epailea, Espainiako Auzitegi Nazionalean zela. Guardia Zibilaren txostenak hartu zituen oinarri. Emaitza: absoluzioa eta preskripzioa. Murtzian dabil orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu