Eta izaera estrategikoa?

Joanmari Larrarte.
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ezagutu berri ditugu 2010erako Eusko Jaurlaritzak emango dituen diru laguntzak, Euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak izeneko programaren barruan. Azaroan dator aurten ebazpena, urtea amaitzear dela. Laguntzen berriurtero izaten da berandu, eta batzuetan, aurten bezala, oso-oso berandu. Behin baino gehiagotan esan dugu horrek ez duela zentzurik eta sekulako kaltea eragiten duela euskarazko hedabideetan, ezinbesteko laguntza jasoko den eta zenbatekoa izango den jakin gabe urte osoan aritzea oztopo baita egitasmoa behar bezala betetzeko eta beharrezko aldaketei eta inbertsioei ekiteko. Jada ez dakigu zerbaiterako balio duen, baina berriro diogu: sistema aldatu bitartean, ezinbestekoa da diru laguntzen ebazpena urteko lehen hilabeteetan ezagutzea, eta administrazioak hartu behar ditu behar diren neurriak horri aurre egiteko. Ez da bidezkoa zigor erantsi hau jasan behar izatea.

Epeena alde batera utzita, laguntzen beren gaineko balorazioa egiteko orduan, alde positiboak eta negatiboak azpimarratu beharrean gaudela uste dugu.

Hasteko, poztekoa da Eusko Jaurlaritzak 2009an adina diru jarri izana euskarazko hedabideak laguntzeko. Jakina da administrazioetako aurrekontuetan hainbat murrizketa egin izan direla, eta eskertzekoa da egoera horretan euskarazko hedabideentzako diru saila ez txikitzea. Are eskertzekoagoa beste instituzioek, Gipuzkoako foru aldundiak adibidez, aurten bertan euskarazko hedabideentzako diru sailak jaitsi egin dituela ikusirik. Horrek behar du izan lehen urratsa, sektoreak dituen beharren inguruan, behar besteko trataera emateko, sektorean egiten den inbertsioa ez txikitzea; eta bigarrenak behar du laguntzak handitzea, beharren arabera egokituz.

Berriak igoera izan du laguntzetan, eta Hitza batzuek ere bai. Hori eskertzekoa da gure aldetik, egiten den lanaren errekonozimendua baita. Baina euskarazko hedabideen garapena helburu izanik, ezin diogu bakarrik geure buruari begiratu, eta hainbat hedabidek izan duen jaitsierak kezkatu egiten gaitu. Diru laguntzak murriztu dizkietenen artean bi talde ditugu: batetik, erdarazko hedabideak, eta aspaldi esan izan dugu gure ustez diru laguntzen sail honetatik kanpo aztertu beharko liratekeela, deialdiaren izenari kasu eginez, ez baitira euskarazko hedabide izenaren azpian ere sartzen; bestetik, herri aldizkari txikienak eta bestelako argitalpenak: kaltetu gehienak aurrekontu txikikoak dira 2010ean, eta horri ez deritzogu batere bidezko. Hedabiderik txikienek ere (tokikoek zein espezializatuek) ekarpen handia egiten dute euskara normalizatzen eta euskal kultura eta produktuen sustapena laguntzen, euskaldunak euskarara eta euskaraz funtzionatzera erakartzen, eta hori baloratu beharra dago. Hedabiderik txikienak ere behar ditugu, eta laguntzen jaitsierak kolokan jar dezake bat baino gehiago. Badakigu esango dela dagoena banatu behar dela, baina berriro diogu euskarazko hedabideena eremu estrategikoa dela, eta horrek inbertsioa eskatzen duela.

Horiek esanda, urte amaieran gaudenez, kezka handiz begiratzen diogu 2011ri. Eusko Jaurlaritzak aurten diru sailari eutsi badio ere, esana du 2011n ez diola eutsiko eta jaitsiera izango dela, eta horrela jaso du Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dituen aurrekontuetan. Foru aldundiek 2010ean diru gutxiago jarri dute hedabideentzat, eta datorren urtean aurten baino gehiago ez dutela jarriko esan dute, gutxiago ez bada. Eta horrexek kezkatzen gaitu, berez ezinean ari direnei gutxituko baitzaizkie baliabideak, eta, hedabideek duten egoera ekonomikoa kontuan hartuta, hori oso latza da.

Euskarazko hedabideen izaera estrategikoa kontuan hartu behar dela esaten ari gara aspaldi, baina instituzioek ez dute urratsik egiten norabide horretan. Kulturatik bideratzen diren diru sailak murrizten ari dira, eta krisiari aurre egiteko egitasmoetan ez dira kontuan hartzen. Euskara zabaldu eta euskal herritar oro euskaraz bizitzeko aukerak benetan sortuko dituen politika bat nahi dugu edo ez? Izan ere, egungo dinamikek ez garamatzate horra, eta hartzen ari diren neurriek kontrako bidea egitea ekarriko dute.

Guk oso argi dugu: euskararen normalizazioa ezinbestekoa da herri honen garapenerako, eta, hori lortzeko, euskalgintza eta euskal kulturgintza osoa lehentasun estrategikotzat hartu behar da, horretarako politika argia eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.