ETA desarmatzeko Jaurlaritzaren eskaintzari bizkarra eman diote

Nazioarteko egiaztatzaileek desarmatzeak aurrera jarraitzen duela iragarri duen egun berean etorri da gobernuaren proposamena.EH Bildu, PSE, PP eta Sortuk kritikatu dute

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko Eonnie Kasrils eta Ram Manikkalingam, aurtengo otsailean. JON BERNARDEZ.
edurne begiristain
2014ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Kritika ugari jaso ditu Eusko Jaurlaritzak ETAren armagabetzerako egindako proposamenak. EAJk ez gainerako alderdiek baztertu egin dute Urkulluren gobernuak armak entregatzeko eta zigilatzeko egindako eskaintza. EH Bilduk, PSE-EEk, PPk, eta Sortuk egin dituzte kritika gogorrenak, nork bere ñabardurekin. EAJk eta Lokarrik, ostera, bideragarritzat jo dute ekinbidea, eta begi onez ikusi dute Eusko Jaurlaritza «erreferente» bilakatzea desarmatzerako.

Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak ETA«erabat desarmatzeko» urratsak egiten jarraitzen duela berretsi zuen egun berean, hau da, igandean etorri da Jaurlaritzaren proposamena. Egiaztatzaileek egindako lana eskertu eta txalotu duen arren, Urkulluren gobernuak bestelako eredu bat proposatu dio talde armatuari, egutegirik ezean jarraitzen duen metodoak «baliorik ez» duelakoan. «Armagabetze azkar, bideragarri eta eraginkor»baterako bide orria planteatu dio; besteak beste, gizarte eragilez, nazioarteko egiaztatzaileez eta Jaurlaritzako ordezkariez osatutako batzorde baten aurrean desarmatzeko eskatu dio ETAri.

EH Bildurentzat, berriz, «birtualtasunik gabea» eta «zentzugabea» da gobernuaren proposamena, Madrilen «oztopoak» salatu beharrean, armagabetze prozesua martxan jarri duenari «eraso» egiten diolako. Jaurlaritza egiaztatzaileen lana «baliogabetzen» saiatzea «onartezina» dela salatu du koalizioak, eta Urkulluri dei egin dio Madril «presionatzeko», armagabetzean inplikatu dadin.

Bestalde, Jaurlaritzak ETAri desarmatzeko egindako proposamena «zentzugabetzat» jo du PSE-EEk. «Ez dugu uste egiaztatze batzorderik eta desarmatze komiterik behar denik: nahikoa litzateke ETAk desegiteko borondatea agertzea». Bere jarrerarekin «protagonismoa» bilatzea leporatu dio Jose Antonio Pastorrek Jaurlaritzari. Harago jo du Nerea Llanos EAEko PPk idazkari nagusiak, ETAri «arnasa» ematea egotzi baitio Jaurlaritzari. PPkoaren ustetan, gobernuak «meritua» bere gain hartu eta «argazkian» atera nahi du, «inondik inora» izan ez duen protagonismoa hartuz. Egiaztatzaileen lana ez dela beharrezkoa gaineratu du.

Sorturen izenean, ostera, Pernando Barrenak salatu du Urkulluren jarrerak PPren estrategia «immobilista» errazten duela, aurkeztutako proposamena ETAri armak entregatzeko eskaera delako. « Oso urruti du armagabetze prozesu ordenatu, adostu eta oso bat izan beharko lukeena», azpimarratu du.

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak, berriz, aurrerapausotzat jo du Jaurlaritzaren esku uztea ETAren armagabetzea egiaztatzeko gaitasuna. «Proposamen bideragarria da, eta ETAren borondatearen esku dago aurrera egitea», esan du. Haren ustez, ETA ez armagabetzeak «kostu handia» du, beste gai batzuetan —espetxe politikan, kasurako— aurrerapausoak ez emateko «aitzakia» delako. Jakinarazi duenez, Jaurlaritzaren proposamenaren berri ez zuen Espainiako Gobernuak.

EAJk eta Lokarrik ere txalotu egin dute Jaurlaritzaren proposamena. Espainiako Gobernuari «argudioak kentzeko» baliagarria dela eta Jaurlaritza «erreferente» bilakatzen duelako ontzat jo du Aitor Esteban diputatuak. Ildo beretik, Joseba Egibar legebiltzarkideak ere PPren gobernuaren «ekimenik ezaren» ondoriotzat jo du. Lokarriren irudiko, berriz, «abiapuntua» izan daiteke armagabetzearen inguruan «adostasun politiko eta sozial zabala» lortzeko.

«Desarmatzea, aurrera»

Jaurlaritzaren eskaintzak sortutako zalapartak itzal egin dio, neurri batean, Ram Manikkalingam buru duen batzordearen komunikatuari. ETAk armak behin-betirako utziko zituela iragarri zuenetik hiru urte baino gehiago pasa direnean heldu da Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearen oharra. Batzordeko kideek jakinarazi dute ETAk hainbat txosten helarazi dizkietela, non desarmatzeak aurrera jarraitzen duen frogatzen den. «Armen, jaurtigaien eta lehergailuen inbentarioa egitea eta haiek indargabetzea oinarrizko urratsa da erabat desarmatzea lortzeko». Horrekin lotuta, gogoratu dute 2011tik erakunde armatuak «hilketak, mehatxuak eta xantaiak» amaitzeko hitza bete duela. Halaber, Euskal Herriko eragile politiko eta sozialekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute egiaztatzaileek oharrean.

Nazioarteko egiaztatzaileen iragarpena pozgarritzat jo dute Sortuk eta EH Bilduk. «Balio handiko ekimen eta urratsa da, eta ekarpen positiboa egiten du», esan du Sortuk. Ordea, Espainiako Gobernua prozesuari jartzen ari zaizikion «trabak» salatu eta prozesua «PPren borondaterik ezak» baldintzatuta dagoela azpimarratu du. EH Bilduren irudiko, berriz, ETAk prozesuarekin «engaiatuta» jarraitzen duela islatzen du agiriak, eta posible dela PPren babesik gabe «alde bakarrez» aurrera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.