Pernando Barrena Sortuko bozeramailearen arabera, ETA bera, desarmatzea eta espetxe politika izango dira «datorren kurtso politiko berriaren frogaharriak». Hala adierazi zuen, atzo, Euskadi Irratian eginiko hitzetan, eta erantsi zuen «aste batzuen buruan» izango dela ETA desarmatzeaz iragarri zuen hausnarketaren berri.
Joseba Egibar EAJko bozeramaile eta GBBko presidenteak egin zion ezker abertzaleari hausnarketarako deia, herenegun. Jeltzaleak erantzukizun politikoa bere gain hartzeko deia egin zion, «sinesgarritasuna» irabazteko. Pernando Barrenak, bestalde, ez zuen ondo hartu jeltzalearen adierazpena, eta ez zuen erantzuteko aukera galdu nahi izan. EAJren «trapu zaharrak» aterako lituzkeen «jende asko» dagoela gogoarazi zuen horrek. «Ertzaintzaren agintean egon zenekoa, ezker abertzalea bera legez kanpo utzi zutenekoa, tortura kasuak atera zirenekoa edota euskal preso politikoen sakabanaketaren ingurukoa». Hausnarketa egitea beharrezkoa dela onartu zuen, baina modu kolektiboan eginez gero: «Bakoitzak bere erantzukizunak onartuz. Eta ez daude horretatik kanpo, ez Egibar, ezta EAJ ere», azaldu zuen.
Ezker abertzaleak pauso handiak eman dituela adierazi zuen Barrenak, haren arabera Euskal Herriarekin «zor bat» zuela interpretatu zuelako. Horrela, beraz, gogorarazi zuen «jokaleku politiko berri honetara» iristeko, ezker abertzalea izan dela «protagonista handienetakoa». «Ezker abertzaleak bere erabaki eta hausnarketa politikoekin ahalbidetu du hori», esan zuen. Argi utzi nahi izan zuen hausnarketa hori «bere kasa» egin duela, «beste alderdiekin inolako konpromiso eta elkarrekikotasun barik». Ezker abertzalea, alta, «hori baino gehiago egiteko prest» dagoela ere jakinarazi zuen Sortuko bozeramaileak.
Gatazka politikoari eta etapa berriari jarraiki, Barrenak nabarmendu zuen «erabaki handiak» hartu dituela ETAk berak eta horiekin jazo direla aldaketak. Hori horrela izanik, adierazi zuen ez litzatekeela justua ez eta erreala ere esatea ETAk blokeo jarrera duela edota ekinbide politikoarekin jarduten ez duela. «ETAk jardun armatua uzteko hartu zuen erabaki horrek ahalbidetu du herri honen aro politiko berria, eta ezin da horrelakorik esan Madrilen jarrera inmobilista hartu duten alderdi politikoengatik», argudiatu zuen Barrenak.
ETAren desarmatzeari buruz galdetuta, gogorarazi zuen erakunde armatuak udaren amaierarako iragarri zuela hausnarketa eta orduan egingo dutela publiko. «Pentsa daiteke laster izango dugula hausnarketa horren berri, eta dena orain arteko bidean baldin badoa, bake prozesuan aurrera egitea ahalbidetuko duten ekinbideak izango ditugu mahai gainean», jakinarazi zuen. Desarmatze prozesua aurrera eramateko, hala ere, agente politiko ezberdinen arteko elkarrizketa beharra azpimarratu zuen, eta nahitaezkotzat jo zuen «gobernuareninplikazioa». Desarmatzea gauzatzeaz, adierazi zuen «berme guztiekin» egin behar dela, eta gaineratu, «horrek alde guztien seriotasuna eta inplikazioa» exijitzen zuela.
Mezu bateratua
Barrenarenak ez dira ETAk pauso gehiago emango dituela dioten adierazpen bakarrak. Gisa horretako mezuen berri eman dute, era berean, egunotan Hasier Arraiz Sortuko presidenteak, Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak, Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak, eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak.
Mintegi izan zen aurrena, aurreko astean, ETAk bere egitura militarrak desegingo dituela esaten. «Ziur naiz hori egingo duela, xedea ez baita inoiz erabiliko ez diren arma batzuk mantentzea», zioen. Antzeko adierazpenak egin zituen ostean Iñarrituk ere.
Astelehenean mintzatu zen, berriz, Arraiz. ETAk desarmatzeko borondatea erakutsi duelakoan zen Sortukoa, eta datozen hilabeteetan «urrats gehiago» emango dituela zioen.
ETAk aurrerapausoak emateko nahia erakutsi duela azpimarratu zuen bestea Urizar izan zen. Atzo egin zituen adierazpenak EAkoak, eta hau azaldu zuen: «Desarmatzea nola gauzatuko den baino gehiago, garrantzitsuena da ETAk erakutsi duela nahia».
ETA desarmatzea eta espetxe politika lehenesten ditu Barrenak
Sortuko kideak adierazi du ETAk aste batzuk barru emango duela desarmatzearen inguruan egin duen hausnarketaren berriBarrenak beharrezkotzat jo du agente politiko ezberdinen arteko elkarrizketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu