ETA desagertuta «gogoeta orokorrak» egiteko aukera irekitzen dela diote adituek

Ipar Irlandako eta Euskal Herriko bake prozesuen inguruko jardunaldiak antolatu ditu EHUk Bilbon. Gaiari hainbat arlotatik heldu diote

Brandon Hamber, Jon Mirena Landa eta Pat Colgan, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubide eta Botere Publikoaren Katedrak antolatuta, Irlanda eta Euskadi, indarkeriaren osteko egoera eta balantzea izeneko jardunaldiak egin dituzte Bizkaia aretoan (Bilbo). ETA desegin ostean gaiari bere osotasunean oratu eta «gogoeta orokorrak» egiteko aukera zabaltzen dela uste dute adituek, eta, horregatik, diziplina arteko mintegia antolatu du katedrak, arlo askotako adituak gonbidatu dituzte, eta gai asko jorratu: biktimen arta, presoen auzia, gaia eskoletan landu beharra, egiaren batzordeak, eta abar.

Katedraren zuzendari Jon Mirena Landak azaldu duenez, jakitun dira korapiloa ez dela askatuko soilki arlo akademikotik: «Gure ekarpen txikia egin nahi izan dugu», esan du, «gai guztiak mahai gainean jarriz, hau da, bake prozesuari buruzko hausnarketa orokorra, eta aldi berean arloz arlokoa». Jardunaldien ondorioekin liburuxka argitaratzeko asmoa dute.

Adituen artean Pat Colgan Irlandako Gobernuaren aholkularia eta Brandon Hamber Belfasteko (Ipar Irlanda) Unibertsitateko irakaslea egon dira: Ipar Irlandako kasua izan dute hizpide, baina Hego Afrikako eta Kolonbiako adibideak ere aipatu dituzte. «Beti da interesgarria beste herrialdeetako eskarmentua ezagutzea», esan du Landak, «ez hona transferitzeko, ispilu eta inspirazio iturri gisa baizik».

Aspaldi honetan denen ahotan bolo-bolo dabilen kontakizunaren gaia ere agertu da jardunaldietan: «Nik uste dut ideologia askotariko adituak bat datozela kontakizun bakarra ezarri nahia ez dela erreala, eta seguru asko kontakizun bat baino gehiago egongo dela, partekatutako oinarri etiko batetik abiatuta», esan du Landak. «Honek luze joko du, eta jardunaldien asmoa ez zen berehalako emaitzak lortzea, baina ni baikorra naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.