Espainiako Kongresuan EAJko bozeramaile modura hemezortzi urte egin zituen Iñaki Anasagastik: 1986tik 2004ra. Lizarra-Garazi Akordioa, PSOE-EAJ eta PP-EAJ akordioak, edota Jose Maria Aznarren (PP) exekutiboaren gehiengo osoaren garaiak ezagutu zituen, baina Espainiako nazioaren egoerari buruzko eztabaida saioetan «beti gai nagusi bat» egoten zela kontatu dio BERRIAri: ETArena. «Beti ateratzen zuten gaia, atentatuak, Ajuria Eneko Ituna edo bestelako kontuak zirela medio». Beraz, Anasagasti ere herenegun harritu egin zen Mariano Rajoyk 40 orrialde pasako hitzaldian gaia ez zuelako atera .
EAJko senatariak «arduragabekeria» egotzi dio Espainiako gobernuburuari. «Azkeneko 40 bat urtean ETA izan da espainiarren kezka nagusietakoa —hor zeuden hori erakusten zuten inkestak—, orain arazoa konpontzeko bidean doa, eta Rajoyk ez du ETA aipatu. Bigarren saioan bada ere, Aitor Estebanek-eta gaia atera diotenean zerbait esan du, baina besterik gabe, ohiko kontuak, bere estiloan».
Estatuaren egoerari buruzko eztabaidetan ere ezagutu zituen Espainiako presidenteen aldarteak Anasagastik. Felipe Gonzalez (PSOE) eta Aznar egokitu zitzaizkion. 2000ko hamarkadaren hasiera izan zen garai gogorrena, haren ustez. «Lizarra-Garaziko Akordioa bukatua zen, ETAk su-etena hautsi zuen, hilketak zeuden, Aznarrek gehiengo osoa lortu zuen 2000ko martxoko hauteskundeetan, Joaquin Almunia gabe PSOEk behin-behineko bozeramailea zeukan, eta nazioaren egoerari buruzko eztabaidetan Aznarrek ETAren gaia ateratzen zuenean EAJ izaten zuen jomuga. Susmagarriak ginen harentzat, Lizarra-Garazin HBrekin akordioa erdiesteagatik. Oso gogorra izan zen hura niretzat, bozeramailea bainintzen, baina moldatu ginen».
GALen auzia, ETAren borroka armatua, 1989an Josu Muguruza HBko diputatu hautatu berria hil zuten Madrilen... Indarkeriaren gaiak asko baldintzatzen zuen Kongresuko jarduera ere. «Senatuan GALi buruzko ikerketa batzorde bat eratzeko akordioa lortu zen, baina PPren ezezkoak eragotzi egin zuen. Ez zen izan aurrera egiterik, ETA jarrita arrazoi. Gai horrek saldu egiten zuen, baita arazoak estali ere».
ETAk 2011ko urrian iragarri zuen jarduera armatua behin betiko utziko zuela. Rajoyk gatazkaren ondorioei konponbidea ez ematea eta, are gehiago, herenegungoa bezalako saio batean gaia aitatu ere ez egitea salatzekoa dela irizten dio Anasagastik. «PPkoak ikusten ari dira ETAren afera bukatzeko bidean dela, eta nahiago dute horri ez heldu, gatazka politikoak hartuko duelako protagonismoa: erabakitze eskubideak».
ETAren desarmatzea. Ondorena
ETA beti hizpide zenean
Iñaki Anasagastik 18 urte egin zituen Kongresuan EAJko eledun gisa. Espainiaren egoerari buruzko saioan «beti ateratzen zuten ETAren gaia. Saldu egiten zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu