Estrategia ereduak (eguneko laburpena)

Hamar positibo gehiago atzeman dituzte PCR proben bidez. Gaur erregistratutako azken bost heriotzarekin, hildako guztien kopurua 2.130ra iritsi da.

Iruñeko zahar etxe batean egoiliarrek bisitak jasotzeko atondutako espazioa. I. URIZ / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko ekainaren 17a
19:06
Entzun

2.130 hildako, gaur erregistratutako azken bost heriotzarekin. Bost hildakoak EAEn gertatu dira; Nafarroan ez da hildakorik izan. Kasu berriei dagokienez, 10 positibo gehiago atzeman dituzte PCR proben bidez: sei Araban, bost Bizkaian, bi Gipuzkoan eta bat Nafarroan. EAEko oinarrizko birsorkuntza tasa 1tik behera jarri da (R0=0,96), joan den asteko astelehenetik gainetik ibili ondoren. EAEn ospitaleratze berri bat izan da, eta ZIUetan dauden pertsona kopurua gutxitu da: 19 lagun daude, atzo baino hiru gutxiago. 

Deuseztatzeko estrategia. Zelanda Berriaren kasua berezia da. 4,6 miloi biztanle ditu eta bakarrik 22 heriotza zenbatu ditu. Birusa deuseztatzeko estrategia erabili du: lehen unetik isolamendu neurri zorrotzak (sei asteko konfinamendu intentsoa), mugen itxiera eta proba masiboak eta kontaktuen arakatzea. Birusa desageratarazi arte. Estrategia hori diseinatu zuen Michael Baker epidemiologoaren ustez, mendebaldeko herrialde gehienetan estrategia nagusia izurria menderatzearena da, eta ez birusa deuseztatzearena. Mugak itxita jarraitzen dute, baina ez dago normaltasun berririk baizik eta betikoa.

Uda dator. Haur eta gazteen aisialdiko jarduerei berriz ekiteko arauak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak agindu baten bidez. Horren arabera, begiraleei online bidezko prestakuntza ikastaro bat eskainiko zaie, COVID-19aren aurreko prebentzio eta babesaren inguruan. 

Jaurlaritzaren beste kezka bat turismoa bultzatzea da. Estatu osoko bisitariak erakartzeko eta barne-turismoa sustatzeko bideo bilduma bat eta bi publizitate kanpaina prestatu ditu. Herritarrek, baina, euren planak egiten dituzte. Aurten, autokarabana aukera ona izan daiteke. Handitu egin da autokarabanen inguruko interesa, sektoreko langileek nabaritu dutenez. 

Autoen salmenta. Azkenean ez dira bateragarriak izango Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak auto berriak erosteko emango dituzten diru laguntzak. Gainera, irizpide ezberdinak ezarri dituzte bi administrazioek. Nafarroako Gobernuak ez du plan berezirik auto salmenta sustatzeko.

Agian honek ere merezi du

Mendekotasunetik begiratuta. Koronabirusaren krisiak eta honen eskutik etorritako itxialdiak mendeko pertsonei arazo larriak ekarri dizkiete. Bi kasu elkartu ditu Arantza Iraola kazetariak: Mikel Malkorra eta Maialen Zabalbeaskoa. Mikel Malkorrak elbarritasun bat du eta Gipuzkoako Elkartu elkarteko eleduna da. Maialen Zabalbeaskoa mendekotasun handi bat duen haur baten ama da. Biak online elkartu dira eta haien bizipenak partekatu dituzte. Maialenen alaba errehabilitaziorik gabe gelditu zen, eta, gero eta okerrago zegoela, azkenean zentro itxi batera eraman behar izan zuten gurasoek. Mikel Malkorraren ustez, mendekotasuna kutxa batean sartu da, itxi da, eta ardura arlo publikotik pribatura pasatu da".

205 kexa. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 205 kexa jaso ditu konfinamendu garaian, iaz garai berean baino %47 gehiago. Kexa gehienak erakunde publikoei zuzenduak dira. Behatokiaren ustez, erakunde publikoek euskara "bigarren mailakotzat" jo dute, ez baitira gai izan herritarrei osasunari eta segurtasunari buruzko berehalako mezu garrantzitsuak igortzeko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.