Euskalgintza. Inkesta

Estrategia egokitzeko eta bideratzeko ordua

Euskal Herria euskalduntzeko bidean, hamaika ahalegin eta eztabaida bideratu izan dira. Gero eta eragile gehiago ari dira planteamendu horiek garai berrietara moldatu beharraz eta euskarak burujabetza prozesu batean behar lukeen tokiaz.

Amagoia Gurrutxaga Uranga. Iñaki Petxarroman. Jakes Goikoetxea
2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
1. Euskal Herria euskalduntzeko bidean orain arteko estrategiak berrikusi beharra al dago? Zergatik?

2. Balizko burujabetza prozesu batean euskarak zentralitate politikoa izan behar du, bai ala ez?

«Euskarak zentralitate politikoa izan behar du»

Kike Amonarriz Soziolinguista

1. Estrategiak berrikusi, egokitu, indartu, ahalik eta gehien adostu eta zabaldu egin behar direla esango nuke. Ezagutzen ditugun euskararen aldeko estrategia, erakunde eta egitura gehienak sortu ziren garaiko egoera soziolinguistikoa eta gaur egungoa oso desberdinak dira. Egoerak hobera egin du dudarik gabe, baina, zenbait esparrutan, impasse moduko bat ari gara bizitzen, eta garbi dago, asko aurreratu den arren, buruan genituen aurreikuspenak kasu askotan ez direla bete; haurren eta gazteen eskolaz kanpoko erabileran, esate baterako.

Gainera, esango nuke, une honetan, inflexio puntu batean gaudela jauzi kuantitatiboak eta kualitatiboak emateko. Zergatik? Batetik, belaunaldi aldaketa baten erdian gaudelako. Euskalgintzaren hainbat mugimendu eta egitura abian jarri zituen belaunaldia erretiratzen hasi da, eta euskara batuarekin, ETBrekin, nagusiki D ereduarekin eta euskararen gaur egungo lege egoerarekin jaio zen belaunaldi gaztea lan mundura iristen ari da eta seme-alabak izaten hasi da. Eta, bestetik, testuinguru soziopolitiko eta soziolinguistikoa asko aldatu zaizkigulako: egoera politiko berria, globalizazioa, immigrazio berriak eta abar.

Estrategietan aurrerapenak eta berrikuntzak egon dira, noski. Baina oraintxe dugu aukera urteotan sortu diren inertziak, hamarkadetako enfrentamendu giroak eragin dituen galgak eta biztanleriaren ezagutza maila baxuagoak sortzen zituen oztopoak gainditu, eta hizkuntza normalizazio prozesuari adostasun zabal batean oinarrituriko bultzada berritua emateko Euskal Herri osoan.

2. Euskarak zentralitate politikoa izan behar du, zalantzarik gabe balizko —edo benetako— burujabetza prozesu batean. Baina, epe laburrean, burujabetza prozesurik abiatuko ez balitz ere, zentralitate politikoa izan beharko luke eta izan behar du.

Hurrengo hamarkadetan jokatzen duguna da normalizazio prozesua bizkortzea eta estatu hizkuntzen egoerara hurbiltzen joango den norabidea hartzea, edo irlandarizazio bidea hartzea. Datorren belaunaldia, ezagupenari dagokionez, aurrekoa —gurea— baino askoz ere euskaldunagoa izango denez, ezin da aukera hau galtzen utzi, eta baldintzak eta dinamikak sortu behar dira, erabilera areagotzeko eta euskara nagusi izango den esparruak, harreman sareak eta funtzioak zabaltzeko eta indartzeko.

Erabileran aurreratu ezean, eta aukera historiko honetaz baliatu ezean sortuko diren inertzia nagusiak erdararen aldekoak izaten jarraituko dutelako, euskara gero eta gehiago baztertuz eta maila sinbolikora edo ghetto soziofuntzionaletara zokoratuz. Hurrengo belaunaldiarekin irabaziko ez duguna galdu egingo dugu. Horregatik, zenbat eta adostasun politiko-sozial handiagoa, hobe, eta burujabetza maila zenbat eta handiagoa izan, hobe. Baina, edonola ere, gaiari zentralitate politiko handiagoa eman behar zaio, ezinbestean.

«Mugak apurtzeari ekin behar diogu lehentasunez»

Nestor Esteban EHEko koordinatzailea

1. Bai. Baina badago lehenago erantzun beharko genukeen galdera bat, nire iritziz. Euskal Herri euskalduna benetan da herri honen helmuga? Batzuentzat utopia eta besteentzat inposizioa da momentuan Euskal Herri euskalduna. Posizio, pentsaera horietan aldaketarik sortzen ez dugun bitartean kamuts ibiliko da estrategiarik egokiena ere.

Posible ote da, ordea, Euskal Herri euskalduna ez izatea ez utopia eta ez inposizio? Nik uste baietz. Horretarako, euskaldunen barne mugak, euskaldun eta elebakarren arteko mugak zein elebakarren barne mugak apurtzeari ekin behar diogu lehentasunez. Nola? Euskararekin ditugun esperientziak trukatuz, elkarbizitzarako tresna moduan kokatuz eta 30 urte barruko egoera justua denon artean marraztuz.

2. Elkarbizitza eraikitzeko prozesuan eduki behar du euskarak zentralitatea. Egun elkarbizitzaz dihardutenek ez diote erreparatzen hizkuntza kudeaketari, ez zaio garrantzirik ematen herritarren arteko mugak apurtzeko oinarrizkoa denari. Herri honetan, pertsonen arteko gatazka eta ezinegonak lehen begiradan, lehen hitza egin aurretik hasten dira. Oinarrizko egoera hau konpondu gabe posible ote da benetako elkarbizitzarik eraikitzea? Nire ustez, ez. Euskarak elkarbizitzarako mugak apurtzen izan behar du zentrala. Horrela begiratuta euskara gatazkaren konponbidean eragiteko tresna garrantzizko gisa baloratuko genuke; gaur egun, ordea, euskara tresna baino gehiago traba moduan daukagu kokatuta.

Behin muga horiek apurtzen asmatuta elebakarrek ez lukete burujabetza prozesua euskara inposatzeko bide moduan ikusiko, eta euskaldunok burujabetza prozesuari ez genioke euskaraz bizi nahia konpontzeko exijitu beharrik izango.

«Euskalduntzea ahalduntze prozesu bati atxikitzen zaio»

Jule Goikoetxea EHUko irakaslea

1. Euskal Herria euskalduntzeko estrategia berriak behar dira. Batetik, kapitalismoaren dinamika muturrekoa egin delako; horrek egiturazko ondorioak ekarri dizkio bai Euskal Herriari bai eukal herritarrei ere. Bestetik, demokraziaren pribatizazioak —kapitalismoaren zabalkundearen ondorioak— esku pribatuetan utzi du herritarrek eta herriek zuten kapital edo botere kultural, sozial eta politikoa. Horrek bi ondorio ditu. Higa, Euskal Herriak herritarron euskalduntzerako zituen baliabideak murriztu egin dira eremu ia guztietan. Horrek estrategia berriak eskatzen ditu. Biga, euskaldunaren kontzeptua zabaldu egin da; euskal herritarrak duen erreferentzia bera hartu du, eta gaitasun bati —euskaraz egiteko ahalmena duenari— baino gehiago, identitate politiko bati egiten dio erreferentzia. Beraz, subjektu politikoa, Euskal Herria euskaldunduko duen subjektu politikoa halabeharrez aldatu behar da. Boga, euskalduntzearen ideia ere aldatu da; ahalduntze prozesu bati atxikitzen zaio orain, eta ahalduntze prozesuak hizkuntza bat teknikoki jakitea baino esanahi zabalagoa eta politikoagoa du. Euskalduntze prozesua burujabetza politiko eta indibidualarekin uztartzeko garaia heldu da.

2. Burujabetza prozesua, hein handi batean, euskaraz egin behar da; beraz, euskarak zentralitatea izan behar du. Borrokaren, aliantzen eta praktika zehatzen bidez lortzen da zentralitatea, gehiengoaren ongizaterako izango dela konbentzitzen. Ez euskaraz egiten dutenentzat, gehiengoarentzat baizik. Pentsatu beharko da zein estrategia den eraginkorrena euskara zentralitatean jartzeko eta aldi berean euskararik egin ez baina burujabetza prozesu baten alde dauden horiek periferian ez uzteko, zentralitatea haiengana ere eramanez.

«Burujabetza linguistikoa ere ekarri behar luke prozesuak»

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia

1. Gizartea bera aldatzen den neurrian, eta hizkuntza normalizazioa prozesu soziala ere badenez, gizarteari begiratu behar zaio estrategiak berregokitzeko. Halere, estrategiak berrikusteak edota aldatzeak ez du zertan geure buruari jarritako helburuak aldarazi. Aldaketa soziala helburu izanik, herritarren portaeretan eragin behar dugu. Herritarra, herritar aktiboa, euskaraz bizi nahi duen herritarra, erdigunean kokatu behar dugu. Euskaldunok gizartean txertatuta gaude, eta estamentu zein eragile guztietako kide gara. Hartara, gune horietan guztietan aktibazioaren bidez ahaldundu behar dugu. Aktibazio hori modu bateratuan eta indarrez egiten asmatuz gero, aurrerapauso ikaragarriak lortzeaz gain, bestelako eragile politiko, sindikal, sozial edo instituzionalak aldarazi ahal izango ditugu. Azkenean, horien guztien agendetan ere hizkuntza normalizazioaren afera txertatuz.

2. Bada galdera sinple bat horri erantzuteko: Euskal Herriaren, alegia, euskararen herriaren burujabetza prozesuaz ari bagara, uler liteke herria bera ardazten duen euskarak zentralitaterik ez izatea? Ez dut ulertzen burujabetza prozesua estatu bat(zu)ekiko bereizketa prozesu soil gisa. Burujabetza prozesu batek, besteak beste, demokrazian sakontzea ekarri behar du, eta iraganean izandako egoera desorekatuak konpondu behar ditu. Beste prozesu batzuetan hizkuntzari esleitutako zentralitateak eragin zuzena izan du ondorengo errealitate berrian hizkuntza horiek izan duten garapenean.

Hortaz, burujabetza prozesuaren ondorioa ezin da independentzia soilik izan. Burujabetza prozesuaren ondorioa herriaren burujabetza integrala izan beharko litzateke, bai eta linguistikoa ere.

«Lege marko egokia diseinatu eta adostu behar dugu»

Mertxe Mugika Balanzategi AEK-ko koordinatzailea

1. Orain arteko estrategiak berrikusi baino gehiago, garai berrietara egokitu beharko lirateke. Euskal Herria euskalduntzeko lau zutabe dira oinarrizkoak: corpusa, baliabideak, lege markoa eta herri gogoa. Egun, laurak dira beharrezkoak, eta laurak sendotu beharrekoak. Corpusari dagokionez, hainbat gauza eginak ditugu: hezkuntzan euskal ereduak daude, euskararen estandarizazioa gauzatua dago, helduen euskalduntzean urratsak egin dira... Dena den, horrek, berez, ez du lortuko normalizaziorako helburua: ezagutzaren unibertsalizazioa.

Beste hiru zutabeetan aurrerapauso handiagoak ematea eskatzen du estrategiak. Euskara baliabidez hornitu behar da, ekonomikoak, teknikoak, giza baliabideak... Hori guztia euskararen lurralde osoan, jakina! Lege marko egoki bat diseinatu eta adostu behar dugu orain arte lortutakoa babesteko, aukera berriak erdiesteko eta euskararen normalizazioa ez dadin egon testuinguru politikoen menpe. Horrela jokatuz gero, euskara prestigiatu egingo genuke; eta, prestigiatzetik eta preziatzetik, jada nahikoa indartsua den herri gogoa bultzatuko genuke, euskal gizartea ekimenera bultzatu, euskara plazara atera eta bagarela nor erakutsi.

2. Prozesuan, edozein dela ere, euskarak zentralitatea behar duelakoan nago. Burujabetzaz hitz egiten dugunean, gu hizkuntza politika burujabeaz ari gara. Hizkuntza politika burujabe horrek eman beharko dio zentralitatea euskarari, eta horra heltzeko adostasunera iritsi beharko dugu eragile ezberdinok. Nor bereari begira ibiltzea baino ikuspegi zabalagoa eskatuko digu egoerak eragile eta norbanako guztioi: aliantzak, elkarlana, auzolana. Hitz batean esanda, ahaldundu egin beharko dugu.

«Zentralitatea izateko, estatua behar du euskarak»

Unai Apaolaza Irakaslea

1. Nire ustez, bai. Orain arteko estrategiak euskara eta nazioa edo nahiago bada euskalgintza eta abertzaletasuna batzetik sortutakoak dira. Abertzaletasunak, edozein nazionalismok bezala, diferentzia objektiboaren logika darabilenez, euskara erabili du bere burua besteengandik bereizteko. Euskara berezia dela eta ondorioz babestu egin behar dela izan dira estrategia euskaltzalearen ardatzak. Euskara zoologikora edo lorategi botanikora kondenatzen duen hizkuntza ekologiaren ideia da honen guztiaren adibide garbia. Honek guztiak ez-normalaren estatusa txertatu dio euskarari, eta ez hori bakarrik, hori egitea ona dela pentsatzera ere iritsi gara. Baina gaur egungo estrategiaren oinarria euskararen ez-normaltasuna azpimarratzea denez, ez du euskararen normalizazioa lortzeko balio. Uste dut euskalgintzak, euskararen berezitasunean oinarritzen den estrategia alde batera utzi, eta normaltasunarenari heldu behar diola. Erreserbak babestetik jendarte osoak erabiltzen dituen esparru diferenteak erdarei kendu eta euskara hutsez eraikitzera pasatu behar du euskalgintzak.

2. Nik hori nahiko nuke. Baina euskarak independentzia prozesuan zentrala izan behar duela esatearekin soilik ez du zentraltasunik lortuko. Are eta gutxiago zentraltasuna abertzaletasunaren eskemekin lortu nahi bada. Politikan, gauza bat norberak nahi duena da, eta bestea hori nola lortzen den. Zentralitatea ongi planteaturiko burujabetza prozesutik lortuko du euskarak, ez prozesua bera hasteko aurrebaldintza modura jartzetik. Absurdoa da ekite politikoarekin lortu nahi duzun hori ekite politikoan aritzeko baldintza moduan jartzea. Galderari buelta emango nioke nik: euskarak zentralitatea izateko (normalizazioa), burujabetza politikoa (estatua) behar al du? Duda barik, bai.

«Ez dut inon ezagutzen hizkuntz politika seriorik»

Xamar Irakaslea

1. Pentsatzen dut estrategia deitzen dela hizkuntz politika serio izatea, alegia epe labur, ertain eta luzea, alde batetik, eta, bertzetik, alor guztiak (irakaskuntza/ezagutza, kultura/motibazioa, karrikak, lantokiak…/ erabilpena) kontuan hartzen dituena lurralde osoan. Nik ez dut holakorik inon ezagutzen (eta ez naiz bakarrik Nafarroaz eta Iparraldeaz ari), hain zuzen horixe da gure arazo nagusietariko bat. Orain arte ahalegin sektorialak egin ditugu; gehienetan, herri ekimenak. Asko eta ongi egin da alor desberdinetan, lan zinez gaitza botererik gabeko egoeran. Baina jadanik aski mugaturik suertatzen direla badakigu, estrategia orokor batean txertaturik ez daudelako hain zuzen. Horren faltak egitasmo horiek, egindako lan horiek guztiak ditu indargabetzen ala —sobera maiz— osoki deuseztatzen.

2. Bere burua definitzeko mintzaira irizpide hartu duen herrian ezin da bertze gisan izan, baina, gainera, Txepetxek aspaldidanik erakutsi bezala, horixe da zernahi hizkuntz politikaren oinarria. Euskararen zentralitate politikoak gaitu zinezko burujabetzara eramanen; hizkuntz komunitate guztiek gutxieneko botere maila behar dute bere burua babesteko, naturalki eta kulturalki transmititua izateko, bere estrategiak antolatzeko, hain zuzen, eta horiek behar dituzten baliabideak bermatzeko. Gaur egun argi da zein den maila hori mendebaldeko gizarteetan.

Gutxienekoaz ari gara. Inguruari so eginez, garbi da: italiarra izateko, italiera ezagutu eta erabili behar da; alemaniarra izateko, alemana… duten botereak zaintzen duena. Gero, ekologista izatea, palestinarren aldekoa, kontrakoa, fatxa, komunista, barazki jale… bertze mailakoa da. Bete beharreko gutxieneko baldintza mintzairarena da, hizkuntzak alor guztiak bustitzen dituelako.

«Helburu zehatz, lorgarri eta adostuak behar ditugu»

Olatz Altuna Soziolinguista

1. Zein estrategia? Oro har, ez da estrategia bateratzaile eta adostu bat garatu. Lehenik, administrazioen banaketa dago; bigarrenik, sentsibilitate politikoen arteko desadostasunak; hirugarrenik, erakundeen eta herri mugimenduen arteko arrakala, eta, azkenik, estatuen estrategia. Hizkuntza politikek, edozein direla ere, etengabeko berrikuspena behar dute. Euskal Herria euskalduntzeko bidean hartutako erabaki estrategiko asko emankorrak izan dira, baina ez da erabat asmatu. Beraz, erabaki estrategiko horiek modu eraikitzailean birplanteatu behar dira. Bide berria diseinatzerakoan, berrikuspen hori «jakintzatik» edota ikerkuntza eta eguneko praktika uztartzetik etorri beharko luke. Orain arte gehiago edan dugu «ekinetik», eta horretan sekulakoa da herri honek erakutsi duen antolaketa eta dinamismoa. Bestalde, berrikuspen horrek epe motz-ertaineko helburu zehatzak, adostuak eta lorgarriak behar ditu.

2. Jomuga zer hartzen den, modu desberdinetan plantea daiteke kontu hau. Jo dezagun burujabetza hartzen dela helburu, eta demagun horrelako prozesu batek nahitaezkoa duela indar metaketa. Galdera hau formula daiteke: euskarak zer rol jokatu behar du bide horretan? Kontrara, nazioa euskalduntzea hartzen badugu helburu nagusitzat, galdera da ea burujabetza prozesu batek lagundu al dezakeen. Eta bada beste kontu bat ere: euskara erdigunean kokatu gabe, ba al du zentzurik eta mamirik burujabetza prozesuak? Galderoi erantzun eta nolako estatu burujabea nahi dugun definitu behar dugu. Euskararen estatusa modu iraunkorrean sendotzeko beharrezko bada estatua, asmatu beharko genuke burujabetzarako bidean, euskarak, erakargarria eginez, zentralitatea hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.